Ismael Manterola
Artea. Begiz

'Grey Flag'

2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Egunkari honek orain dela ez gehiegi argitaratutako artikulu interesgarri batek erakunde eta abarren izenak ingelesez jartzeko azken garaiko ohitura aztertu zuen. Artikuluan ez zen Grey Flag egitasmoa aipatu, baina Artium museoak abian jarritako egitasmoak ingelesezko hitzak erabiltzen ditu; ez bakarrik deigarriago egiteko, baita kontzeptu bati erantzuteko ere. Itxuraz, Black Flag britainiar egunkari anarkistaren bertsio light-agoa ekarri nahi izan dute museoko hormetara, eta, gainera, gudetan etsitzean erabiltzen den bandera zuriarekin lotu nahi omen dute. Zuria eta beltza nahastu ondoren grisa sortzen da, eta horixe izango litzateke, museoko arduradunen hitzetan, gaur egungo gizartearen ñabardura guztiak azaltzeko modua.

Kontuak kontu, egitasmo interesgarria iruditu zait Artiumek kalera begira orain dela gutxi hasi duena. Artista ezagunen eta ez hain ezagunen lanek, pankarta erraldoia bihurtuta (100 metro koadro inguru), eraikuntzaren horma estaliko dute denbora tarte jakin batean. Artea kalera eramateko modu aproposa izan daiteke, museoaren aurrealdean eskegitako artelana jende guztiak ikus dezakeelako eta artistentzat ariketa interesgarria izan daitekeelako.

Orain arte, Kepa Garraza, Juan Perez Agirregoikoa eta Laurina Paperinaren lanak besterik ez ditugu ikusi, baina badirudi ekimenak aurrera egin ahala beste artista batzuen lanak ikusteko aukera izango dugula.

Oraintxe, Juan Perez Agirregoikoa eta Laurina Paperinaren lanak ikus daitezke Artiumen, bulegoak eta liburutegia babesten duen eraikuntzaren aurrealdean eskegita. Juan Perezenak Berriz heztea du izena, eta txakur baten irudia du Reeducación hitza idatzitako lepoko batekin. Atzean, festetako triangelu formako banderatxoetan euskarazko eta ingelesezko itzulpenak. Juan Perezi horrelako proposamena egitea ez da kasualitatea. Artista donostiarrak askotan erabili du pankarta formatua artelanak erakusketetan sartzeko. Horregatik, ez nau askorik harritu Artiumen bere pankarta ikustea, eta duen gaia azaltzea. Txinako kultur iraultzaren berriz heztearen topikoak gure gizartearen asmoak ondo adieraziko lituzke, eta, bide batez, museoak hiritarraren heziketan izan dezakeen utopia ilustratua zalantzan jarriko luke umore pixka batekin.

Ez nuen Laurina Paperina italiarra ezagutzen, baina oso ondo egokitu da Artiumeko proposamenera. Pankartak ilustrazio itxura handia du, alaia eta marrazki bizidunetako pertsonaiaz betea. Hurbiltzen garenean artista ezagunen buru hezurrak direla konturatuko gara. Hain zuzen, Art is Dead edo Artea hil da du izenburutzat. Nahiz eta A. C. Dantok, artearen teorialari amerikarrak, izenburuko Hegelen esaldia berreskuratu, artistari eskainitako kultuak bizirik jarraitzen duela konturatzen gara, autorearen originaltasuna azpimarratzen duen marrazkien bidez. Buru hezurra beti berdina da, baina detailetxoen bidez gizabanakoak garrantzia hartzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.