Zein eraginkortasun du 24 orduko iraungitze data duen greba batek? —Isilune dramatikoa—
Sinatu eta sinadurak bildu. Biak ekintza absurdoak. Oñatin egin berri den artzain zakurren txapelketan, Ttiki-k hirugarren aldiz jantzi du txapela. Haurrak inguratu zaizkio sariketaren ostean sinadura bila. Azkenean, Antonio Alustiza artzainak sinatu ditu. Ttiki-k ez du idazten ikasi... oraindik. Bizitza ekintza absurdoz beteta dago. Eskerrak.
Kreditatuen artean eta hainbat komunikabidetan —batez ere Espainiatik datozenak—, Zinemaldiaz hitz egiten denean, lehenago edo beranduago pintxo hitza azaltzen da. «Goazen pintxoak jatera», «ez da azaldu, pintxoak jaten ibiliko da», pintxoak, pintxoak eta pintxoak. Niri, ez dut ukatuko, amorrua ematen dit gure nortasuna beti sabela betetzearekin parekatzea. Baina zer esatea nahi duzue, ez al dugu ba pintxoa bihurtu gure hiriko ikur nagusi? Kursaal aretoaren aurrean, pelikula bat izango balira bezala iragarrita, kartel propioa dute pintxoek. Tripontzi irudia emateaz harro dagoen herri bat bihurtu gara.
«Zu zure ohean zaude / Ni nirean / Ez da ohe bera/ Zerbait gaizki egiten ari gara». Zenbatetan pentsatu ote dugu halakorik sabaiari begira. Telegrama hori Michel Gaztanbideren poema bat da. Aurtengo Zinemira saria jaso duenak makina bat gidoi sendo sinatu ditu bere ibilbidean: Vacas, La caja 507, La vida mancha, No habrá paz para los malvados... Baina pelikulak egiteko gidoiak lantzeaz gain, Gaztanbidek poemak idazten ditu. Berak dioen moduan, poesia delako zinemaren antz handiena duen literatur jarduera. «Zinemak eta poesiak irudiak sortzea, metaforak eta zehaztasuna dituzte ezaugarri komun. Aukeran dituzun irudi guztietatik aproposena eta iradokitzaileena aukeratu behar duzu beti».
Moscas en los incunables bere azken poesia liburutik:
Bizitza?
Atzean sute suntsikorra.
Aurrean itsas sakon bat
eta
igeri egiten jakin ez.
Horra hor pelikula eder baten abiapuntua...
Donostiako 60. Zinemaldia. Plano subjetiboa
Greba osteko zirriborroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu