Ismael Manterola
Artea. Begiz

Gorputzarekin espazioa zehazten

2013ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Vitrubio arkitekto erromatarrak eman zuen lehendabiziko pista: giza gorputza perfektua da, hankak eta besoak zabalik bi irudi geometriko oinarrizkoenetara egokitzen delako. Giza gorputza geometriara egokitzea, hau da, azalpen matematiko arrazionala ematea berez naturala den bizidunari, garai klasikotik datorren asmoa da.

Errenazimentuan berreskuratuta ideia horiek arte historiaren oinarri izan ziren mendeetan, gutxi gorabehera XX. mende hasierako abangoardiek baztertu arte. Hala ere, ez zen alde batera laga giza gorputzaren erabilpena espazioa neurtzeko, Le Corbusierren modulor izenekoan ondo igarriko dugun bezala.

Giza gorputzaren zabalpena izan daiteke espazioa. Ideia horretan oinarrituta lan egin du Manu Uranga artista gazteak azken urteetan, 2009tik aurrera Bilbo Zaharreko etxebizitza batean bizitzen jarri zenetik behintzat.

Aspaldian hasitako proiektuaren hirugarren eta azken zatia Bilboko Rekalde aretoko erakusleihoan ikus daiteke uztailaren 21era arte. Berezia da Manuren azken urteetako lana. Formalismo zorrotzetik abiatutako egiturarekin batera, bideoak aurkezten ditu egitura horiek erabilita gorputzak sor dezakeen neurketa edo eskalak azaltzen laguntzeko (agian, esperimentatzeko). Etaesperimentazio hitza erabiltzen dut, askotan ahaztu egiten zaigulako arteak ikerketaren eta laborategi lanaren antza duela; hain zuen Manuren bideoetan ikusten diren jarreren filmatzeek probatik asko daukate.

Dos de mayo 25. Bilbao izeneko proiektuaren lehenbiziko zatian etxebizitza baten planta aurkeztu zuen, espazio baten adierazpen lauak irudikatzeko beste aukera, hain zuzen. Bigarren zatian, planoen gaineko lana egin zuen, hirugarren dimentsiora hurbiltzen diren marrazki lauen arteko elkarketari buruz, alegia.

Baina, proiektuaren lehenbiziko bi zatitan, oso interesgarria iruditu zitzaidan, bideoetan jasotako gorputzaren esperientzia. Espazioak berak gorputzaren bidez neurtzeko eta adierazteko dugun erraztasuna. Espazioa ez da ezer gorputzak zehazten edo betetzen ez duen artean, horregatik egiten da hain erakargarria Bilbo Zaharreko ganbara aldeko txapitulaz betetako etxebizitza, ohiko etxebizitzetan agintzen duen ardatz zuzenak galdu egiten direlako eta, horren ordez, diagonalek espazioaren bertikal eta horizontala nahasten dutelako. Gorputza besterik ezin da erabili espazio hori zehazteko, ulertzeko edo betetzeko.

Rekalden egunotan aurkeztu den erakusketan berriz, txakur batentzat egindako giza gorputzaren jarrera hartzen du oinarri, Decúbito manual (Eskuzko etzanera) izenburupean. Hemen hasierako proiektuarekin bat dator berriz, Puerto Ricoko hauteskundeen bideoaren etenaren ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.