Xabier Gantzarain Etxaniz.
LAUHAZKA

Gorde data

2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Elkarrizketa egin ziguten Harkaitz Cano eta bioi Hegats aldizkarirako, Lubaki banda hizpide hartuta, orduko kontuak gogora ekarriz. Memoriaren lausoak harritu ninduen gehiena: ez nintzen akordatzen garai hartako gauza askorekin. Beste batzuekin, aldiz, primeran akordatzen naiz: non biltzen ginen, nolakoa zen orduan Donostiako bulebarra, nola bidaltzen genizkion elkarri testuak postaz. Astebetean sei errezitaldi eman genituela akordatzen naiz. Buruz dakit oraindik Harkaitzen gurasoen etxeko telefonoa, aldatu ez badiete behintzat.

Elkarrizketa bukatuta, bi argazki eskatu zizkiguten: bat oraingoa, bestea garai hartakoa. Bilatuko dut, pentsatu nuen, baina hurrengo abisua iritsi zenean, presaka jada, hasi nintzen etxean aztarrika eta garai hartako argazkien arrastorik ez inon. Gurasoen etxera joatea zen aukera bakarra, baina ez nuen tarterik hartu. Hartuta ere, joanda ere, banekien orduko argazki gutxi edukiko nuela, eta ez nekien gainera non egongo ziren gordeta. Zapata kaxaren batean akaso, ganbaran, ohe azpian, armairu zokoren batean. Baliteke bateren bat mesanotxean geratzea oraindik, txikitako bat hala gorde nuen urtetan maitez-maitez, baina ez nekien non ibiliko zen hura ere.

Nola egingo dut memoria argazkirik gabe? Larritu egin nintzen.

1992an joan nintzen lehen aldiz Londresera. Kodak makina bat eraman nuen; hiru karrete bota nituen, eta argazki bakar batean ere ez nintzen agertzen ni. Autobus gorriak, parkeko kattagorri grisak, Tamesis ibaia, zubiak, plazak, kaleak, etxeak… argazki horiek bai ikusiko nituzke gustura gaur. Orduko turista batek aterako zituen argazkiak, niretzat aldaketa sakon baten aztarnak baziren ere.

Urte berean jaso nuen Urruzuno saria, beste hogei bat lagunekin batera. Sari ematea Jaurlaritzan izan zela uste dut, oso urduri nengoela akordatzen naiz, nire orduko tutorea etorri zela, eta aitari bost aldiz jo ziola metal-detektagailuak, atzeko poltsikoan zeraman orraziagatik. Dirua eman ziguten, eta bidaia. Paris, Brusela, Amsterdam... ahaztezina izan zen, jende on asko ezagutu nuen, eta ondo gordeta eduki nituen orduan ateratako argazkiak, hurrengo urteetan tarteka haiei begira irail hartako zoriontasuna berritzen nuelarik neure kautan.

Horren ondoren etorri zen Lubaki, nik hala daukat gordea memorian. Baina ez daukat garai hartako argazkirik. Gaur egun ezinezkoa litzateke. Telefonoa gainezka neukake lagunekin egindako selfiez. Eta argazkiak barreiatuak neuzkake hainbat sare sozialetan. Sarean neukake memoria, data bilakatua.

1992an BBBko hirugarren mailan nengoen, Letrak aukeratu nituen baina Matematika ere ematen genuen. Joxerra zen irakaslea, abizena ez dut gogoan, zarauztarra. Ona zen azalpenak ematen, eta ez soilik matematikari zegozkionak. Lepoko zaina puztu egiten zitzaion berotzen zenean. Ez zen askotan gertatzen. Baina egun hartan bai. Zer nahi duzue, galdetu zigun. Aberatsak izatea? Bildu zuen ingurukoen datuak, hasi familiatik, lagunak gero, lagunen familiak, auzoak gero, herritarrak hurrena. Bildu ahal duzuen jende gehienaren ahalik eta daturik gehiena, eta saldu, aberastu egingo zarete, enpresek datuak nahi dituzte, zuen datuak.

Joxerra, abizena ez dut gogoan, Informatikako irakaslea ere bazen. Diskete zapal batzuekin hasi ginen. Pantailak beltzak ziren, eta berdez ageri ziren han hizkiak, zenbakiak, marrazkiak. Etorkizuna zela esan zigun.

Orain alabaren argazkiak telefonotik inprimatzen ditugu, paperean ere edukitzeko. Argazkiak telefonoan dauzkagu, eta beraz sarean, lainoan, auskalo nongo zerbitzari batean. Eta argazkiak ez dira gehiago gure.

Gure datuak, gure bizitza eman diegu enpresei, eta pantailan egiten dugun keinu bakoitza gordetzen du makinak. Gailuei eman diegu memoria gordetzeko ahala, eta gure memoria galtzen ari da. Gailuei eman diegu gure bizitza, eta gure bizitza gailuena da orain.

Ingrid Guardiolaren Begia eta aiztoa ari naiz irakurtzen. Eta miraz nauka zein zorrotz aztertzen duen (geure) irudiarekin daukagun gatazka egunerokoa. Nola eraikitzen eta hedatzen dugun (gure) irudia, nola bizi garen besteren erantzun positiboen beharrean, zain: errekonozimendu zain, dopaminaren zain. Eta nola geure memoria bera horren arabera eraikitzen duten sare sozialek, urtearen bukaeran, sasoi betegarri honetan, urtean zehar erantzun positibo gehien jasotako kontuak ekarriz gogora, adibidez.

Gailuek, sareek, enpresek esaten dizute zer den gogoratzeko modukoa. Eta eskerrak, pentsatzen duzu batzuetan, bestela horrekin ere ez nintzateke gogoratuko. Esaten dizute 2019, eta auskalo, hor doa, ur uherreko ibai lasterra, mendi negarrak eta errekasto garbiak jaso arren, lohi, zikin, ezer antzeman ezinean, denbora pixeletan neurtzen den garaiotan.

Telefonoak gordetzen du data, eta ordenatzen dizu memoria, urteka, hilabeteka, asteka sailkatzen dizkizu argazkiak, jendearen arabera ere bai, eta lekuaren: abuztuan Portugalen egon ginen, egia. Laster gauzak tatuatzen hasi beharko duzula ere pentsatu duzu, Memento filmean bezala.

Badaukazu non: argazki denda zegoen lekuan tatuaia denda jarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.