Haizea Barcenilla
Begiz

Gonbita

2025eko otsailaren 4a
04:35
Entzun

Ziur nago ez dakizula, baina aurten Maria Paz Jimenezen urteurrena ospatuko dugu. Orain 50 urte, diktadorearen urte berean, hil zen frankismo garaiko euskal pintorerik garrantzitsuena. 60 urtean Moreno Galvanek Introducción a la pintura española actual liburuan aipatu eta goraipatu zuen artista –bi emakume agertzen dira soilik liburuan: Jimenez eta Juana Frances–, Euskal Herrian, Parisen eta Madrilen erakutsi zuena, bertako arte garaikideko museoei artelanak saldu zizkiena, Gipuzkoako Artisten Elkartearen sorreran egon zena eta, batez ere, pintura harrigarriak egin zituena.

Eta orain Maria Paz Jimenez googleatzen ari zara, ez baitzenuen izena sekula entzun. Zalantza handiak dituzu artista interesgarria ote zen, hain ezezaguna egiten bazaizu. Lasai egon, bere lana zuzenean ikusteko aukera izango baituzu: ostegun honetan bere atzera begirakoa irekiko dugu Donostiako Kursaaleko Kubo aretoan, eta maiatzaren 18ra arte egongo da ikusgai.

Jimenezen ibilbidea 30 urtekoa izan zen, 1945ean Argentinan pasatutako erbestetik Donostiara itzuli zenetik 1975ean hil zen arte. Frankismoak itotako lurraldera iritsi zenean figurazio oso pertsonala egin zuen, interes surrealistak eta bere kultura ijitoaren ezaugarriak erakusten dituena. 1948an Parisera bidaia egin ostean, bertako joera abstraktuak bereganatu eta hurrengo urtean sei gouache abstraktu erakutsi zituen Bilboko Stvdio aretoan, estatuan joera horri heltzen zion lehenetariko artista izanik.

Bere lan ezagunenak, ordea, 1955etik aurrera egiten hasi zen informalismoan kokatzen dira. Tapies, Saura eta Millaresen garai berean hasi zen materiaz beteriko pintura abstraktuak egiten, eta museoek bereziki maitatu zituzten lanok. Ondoren, 1964tik aurrera egin zituen abstrakzio espazial berriak, samur eta lirikoagoak, bere maisutasunaren erakusle bikainak dira, Euskal Herritik kanpo halako sona izan ez bazuten ere.

Zergatik da, hortaz, hain ezezaguna gaur egun Maria Paz Jimenez? Alde batetik, une oso txarrean hil zelako: frankismoa erori eta gero idatzi ziren Euskal Herriko eta estatuko arte historiaren narrazioak, eta Jimenez ez zegoen bertan bere lekua aldarrikatzeko. Gainera, arte historia horrek oso joera zehatza –eta maskulinizatua– jarri zuen euskal kanonaren muinean: eskultura abstraktua. Hain dugu kanon hori barneratua, non hortik kanpo geratzen dena baloratzeko zailtasunak dauzkagun. Hori baita kanonak egiten duena: gure begirada arautzen du.

Beraz, begiradari askatasun pixka bat emateko gonbita da hau. Ahaztu Txillida eta Basterretxearen urtemugak eta murgildu zaitez bestelako euskal artean. Jimenezek zerbait erakusten badu, hain zuzen, hori delako: euskal arte asko egon zirela, eta askoz aberatsagoak izango garela horiek guztiak maitatzen ikasten dugunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.