Idurre Alonso.
Literatura. Hirudia

Gogo eta gogoeta

2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Azkenaldian hitz gutxiko komunikazioak ari zaizkigu hedatzen nonahi. Kongresuetan hogei minutuko azalpenak ematen dituzte hizlariek, ikastetxeetan sinetsita gaude klase magistralak gainditu beharreko praktikak direla, eta ikasleei ezin zaiela literaturaren inguruko ordubeteko hitzaldirik eskaini, hamargarren minutuan arreta galtzen dutelako... Alegia, orain ezagutza dosi txikietan saldu behar dela. Horrek berez eramaten gaitu hainbat eduki eta lanketa baztertzera, eta kasu askotan, igarotzen gara ikasgaia ikaslearentzat motibagarri egitetik, haientzat motibagarria den horretara mugatzera. Motibazioaren eta ikasle aktiboaren izenean, amen. Orain indarra gauzak egiten irakasteak dauka, eta bigarren mailako bihurtu zaigu pentsamendu kritikoa lantzea (eta beharbada, baita pentsamendua huts-hutsean lantzea ere).

Literaturaren esparruan isla zuzena dauka komunikazio azkarrerako hartu dugun joera horrek: liburu arinak eskatzen ditu irakurleak, ahalegin handirik eskatuko ez diotenak, ez eduki aldetik, ez hizkuntza aldetik. Ikasleek ere, irakurgaien iruzkinak egitean, «erraz irakurtzea», «ulertzeko zailtasunik ez izatea» edota «euskara erraza» izatea bezalakoak aipatzen dituzte, beste ezer baino lehen, alde positiboen artean. Aldiz, ematen du «hiztegira behin eta berriz» jo behar izateak idazlearen beraren gabeziaren bat islatzen duela.

Eta horrela, ihes egiten diogu nolabaiteko ahalegina eskatzen digun irakurketari; urtean zehar, «nekatuegi» egon ohi gara halako irakurketetarako, eta oporretan, berriz, atseden eman nahi diogu buruari. Ez dut iradoki nahi alde batera utzi beharko genituzkeenik irakurgai arinak, baina Parazeltsok zioen moduan, «dosiak egiten du pozoia»; niri neuri, kopuru batetik gora, nekagarri egiten zaizkit nekerik gabe irakurtzen diren lanak.

Baina janari azkarraren eta pentsamendu arinaren loraldia bizi dugu. Azken batean, aipatutako guztiaren ostean badago bizitzeko modu bat, ahalegina gutxiesten duena ongizatearen izenean. Saiatzearen eta saiakeraren debaluazioa. Horrek guztiak lur ondua aurkitu du edozein mugimendu kritiko eta eraldatzaile «korronte» edo —are okerrago— «moda» bihurtzeko gaitasuna duen sistema batean. Ideologia eta idolo handiak erorita, zirkua jartzen zaigu kontsolagarri, ogia bera ere urritu arren. Gainera, Joseba Azkarragak dioen legez, gaur egun interakzio soziala gidatuko duten erreferente moral sendoen gabezia dugu, eta horrek zaildu egiten du norbere identitatea eraikitzea.

Horregatik guztiagatik, gaur beharbada inoiz baino gehiago, beharrezkoa da irakurketaren balioa aintzatestea eta irakurgaiak aukeratzeko tresnak eta gaitasuna garatzea; eta bermatzea hurrengo belaunaldiek ere izango dituztela tresna eta gaitasun horiek.

Behinolako utopiak haizeak eraman baditu ere, ez diezaiogun uka geure buruari, ez eta ondorengo belaunaldiei ere, utopia berriak sortzeko aukera balizko erroten erresuman. Har ditzagun pentsamendua sortzeko tarteak, eta eraikita ditugun eskemak astinduko dizkiguten irakurgaiak. Eta ez dezagun ahantz, Santiago Albak dioen bezala, bi era daudela gizakiari pentsatzea galarazteko: bata, atsedenik gabe lan egitera behartzea; bestea, atsedenik gabe dibertitzera behartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.