Margolanaren alaitasunak aretoan sartu bezain laster piztu zuen nire arreta: kolore biziko jostailuak paratzen ziren aulki baten inguruan, pose dibertigarrietan. Irudiaren erdian, panpina edo umea izan zitekeen figura nagusia, begi urdin zabaleko eta ile horiko pertsonaia maitagarria. Elito zen, Eloisa Gezala txikitxoa, Antonio Gezala artistaren alaba. Bilboko Arte Ederren Museoak Gezala familiak emandako funtsen inguruan antolatu duen erakusketan zegoen, bestelako artelan eta dokumentu interesgarriekin batera.
Oso gutxi hitz egiten dugu gizonezko artisten aitatasunari buruz. Artista eta emakumeak direnen kasuan, edozein Ama Birjina irudikatzea nahikoa da klabe biografikora jotzeko, egilearen amatasun esperientziarekin lotzeko. Gizonezkoek euren umeak irudikatzen dituztenean, aldiz, bi joera desberdin eman daitezke: gehienetan gaiari garrantzia kentzen zaio, artistaren esperientziarekin lotu gabe eta ikuspegi formalista edo unibertsalistak lehenetsiz —esaterako, bere umea errepresentatzen badu ere, haurtzaroaren irudikapen gisa ulertzen da—. Hori ezinezkoa bada, izenburuak eta irudikapenak artistaren esparru pribatura eramaten gaituelako zuzenean, lana gutxiesten da, azterketa sakonik egin gabe.
Elitoren erretratuari begira, xamurtasuna eta maitasuna sumatzen dira istantean, umore kutsuarekin batera. Koadroa sinatuta eta datatuta dago, alegia, ez da bozetoa edo ariketa jostagarria. Gezalaren kalitate grafiko eta kromatikoa erakusten du, baina, aldi berean, gizonezko artistekin lotzen ez dugun hunkigarritasun sentsazio nabarmena ere islatzen du. Emozio horiek guztiak —maitasuna, xamurtasuna, hunkigarritasuna— artista emakumeei lotu izan zaizkie, baita inposatu ere; gogorrak ziren emakumeen lanak askotan kritikatuak izan dira, feminitate jakin baten erakusle ez zirelako, adibidez, Irene Laffitteren oilarrak. Baina gizonezkoen lanetan agertzen direnean aztoragarriak suertatzen dira, ez baitatoz bat artistaren estereotipoarekin lotzen dugun maskulinitate indartsuarekin. Artistek izan dezaketen emakumeekiko miresmena, obsesioa inkluso, baloratu izan da, gizontasun heteroaren parte garrantzitsua baita. Baina zaila da haurrekiko maitasuna eskema horretan ahokatzea, eta nahiago izan da halako lanei ikusgaitasun handiegia ez ematea.
Hortaz, ez da harritzekoa erakusketaz aritzen den prentsan lana ez agertzea, eta museoak Museotik plataforma publikora igo ez izana; honela, orain erakusketa kendu dutela, ezin da haren irudirik topatu, eta Gezalaren alderdi hori ezkutuan geratzen zaigu. Pena da, ederra izateaz gain artistaren estereotipoa apurtzeko eta gizonezkoen artelanetara beste emozio batzuetatik hurbiltzeko aukera paregabea eskaintzen baitzuen.