Azkenaldiko nire obsesioetako batek eraman nau Ada Calhoun idazlearen Also a Poet: Frank O’Hara, My Father and Me liburua irakurtzera. Iaz AEBetako medioetan nabarmendu zuten liburuetako bat izan zen, baina ni O’Hararen kontuek bultzaturik iritsi nintzen harengana. Trukean, liburu aski gomendagarria jaso dut, O’Hararen zeretatik harago.
Calhounen aita, Peter Schjeldahl, arte kritikari sonatua izan zen New Yorken, eta 1970etan, O’Harari buruzko biografia bat idazteko proiektua eduki zuen esku artean. O’Hara 1966an hil zen auto istripu tragiko eta absurdo samar baten kausaz, eta Schjeldahlek biografia prestatzeari ekin zion handik gutxira. Horretarako, besteak beste, O’Hararen ingurukoei hainbat elkarrizketa egin zizkien, zeinak kaseteetan grabatu eta gorde zituen. Kasete horiek Calhounek gurasoen ganbaran aurkitzen dituen momentua da, bada, liburuaren abiapuntua.
Calhounen hastapeneko helburua aitak amaitu ezin izan zuena (liburua irakurri ahala jakingo dugu zergatik) amaitzea izango da, eta hala, grabazio horiek baliatzea berak idazteko O’Harari buruzko biografia. Ekintzak badu aitarekiko zor-kitatzetik ere eta, azkenerako, aita-alaben arteko harremanaren inguruko liburua bilakatzen da. Eta hor ageri zaigu, Calhounek aski ondo zirrimarratua, gizon intelektualaren etika deitu diezaiokeguna (ez da berea esamoldea), bere aitaren figuran sinbolizaturik. Intelektual uzkurraren irudi hori, izpiritu kritiko gupidagabea duena, letren mundua guda-eremuaren luzapen modukotzat jotzen duena, auziei zirujauaren hoztasunez begiratzen diena eta boligrafo zorrotzenarekin disekzionatzen. Eta bestelako kontuei inolako jaramonik egin gabe: ez parean duenaren gizatasunari, ez lotura afektiboei, ez testuinguruaren konplexutasunari, are gutxiago bera ere sostengatzen duen sare material-humanoari. Idazkeraren purismoa eta balizko izpiritu kritikoa beste ezeren gaindi ezarririk, gizon intelektuala hurkoa ez ezik norbere burua ere arriskuan jartzeko prest egon behar da. Ingurukoak eta norbere burua begiratzen ibiltzea ahuldade eta eskaskeria sintomatzat jotzen ditu.
Etika horretan heziak izan garenok laster asko identifikatu ditzakegu geure buruak ere giro sentimental horretan. Gurean ere, Gabriel Aresti, Jorge Oteiza, Jon Mirande, eta Frankismo amaierako berpizkundeko letra-gizon handi asko erreferentziatzat izan ditugunok keria horietan ondo murgildutakoak izan gara. Eta ez zaigu nekeza egiten identifikatzen etika horren mozkorraldiaren pean idatzitako derrapatu bat edo beste. Luma baliaturik, boterearen kontrako balizko matxinadaren izenean (nahiz eta sarri hori azala baino izan ez), prest egon behar dugu aziendak, soroak, pinudiak galtzeko? Prest eskurik gabe geratzeko? Sorbalda, bularrik gabe? Gure bizia eta gure askaziena galtzeko ere bai? Ziur aski, on egingo liguke borrokatzeko, idazteko, beste modurik topatuko bagenu.
Berriki ikusi dut, halaber, El Crítico, Carlos Boyero zinema-kritikari espainiarri buruzko dokumentala. Boyero, gizon intelektualaren etikaren bertsio groteskoenetakorik, kritikari eta pertsona aski interes gabekoa suertatzen da dokumentalean ere agertzen diren belaunaldi berrietako (denak emakumezkoak) kritikarien aldean, eta baita buru-argi pixka bat duen haren belaunaldiko adiskide zahar baten (Fernando Trueba) aldean ere. Alde horretatik, seguru asko zuzendari eta produktoreen borondatearen kontra, aski film argigarria da kritika molde zaharmindu eta, batez ere, sakontasun intelektual urriko horrek dakarren bide antzuaz ohartzeko.
Akaso bat edo bestek pentsa lezake gizon intelektualaren etika honen (auto)kritikak atea irekitzen diela zozokeria, induljentzia eta alferkeria intelektualari, baina justu kontrakoa dela esango nuke. Gizon intelektualaren etikak erdipurdikeria mordoa ezkutatu du azal epiko horren atzean (nago Boyero adibide bikaina dela), eta posizio ustez hotz, zerutiar, gupidagabe hori ez da, zinez, izpiritu kritikoa delakoa taxuz praktikatzeko toki behinena. Kritikaren lekuak beste bat izan beharko luke, gizatiarragoa, zimurren eta arrailduren kargu egingo dena, eta aski malgua parean duenaren aurrean inteligentziaz aritzeko, eta ez aurrez ezarritako kortse kartoizkoaren menera.
Baiki, dena-zoragarri-dago-eta-aurrera-iji-eta-aja-tasunaren etika ere ez da gizon intelektualarena baino hobea. Halakorik ere ez baita falta inguruotan nartzisismoaren eta merkatu-logikaren festa honetan. Baina tranpa hutsa besterik ez da bien artean aukeratu beharraren atakan ipintzea. Bietakoren batera inoiz irristatu izan garenok haien arteko estrata infinituetan esploratzea da aurrerantzean egin dezakegun gauzarik onena.