Ximun Fuchs.
LAUHAZKA

Gizajalea elikatzeaz

2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Bekatua, errua eta zigorraren gurpil zoroa jasangaitza bihurtu zait. Ez gara tontoak, ezta bereziki berekoiak ere. Jendartea ez da inutila, eta ez gara ardiak. Morala, bandera handitan goraki altxatzen denean, sotoko itsuskeriak gordetzeko baliatzen da. Hau aspaldian ikasia dugu. Moralaren izenean, harakin sena dutenek xamar zuria janzten dute, odolaren arrastoak ezin baitituzte eskuetatik kendu ere. Lady Macbethen eskuak ez ziren zuritu Shakespeareren antzezlanean; ez da kasualitate bat, ez da metafora bat. Sarraskiak, egilearen eskuak markatzen ditu, tatuaje batek egin lezakeen bezala.

Arazoak edo etorkizuna bera ere gurpil horretatik ateratzeko premia handia dugu, ez badugu amildegira erori nahi behintzat. Handi-mandien gose amaiezinak itoko gaitu bestela. Zeren, adibideak hartzearren: Zaldibarko krak handi horrek zer aldatu du sakonean? Eta pandemia izugarri honek? Kontsumo eredua aldatu da? Elkarbizitzarako apustuak neurriz hartu dira? Erabaki larriak biztanle eta tokiko eragileekin partekatu dira?

Egunerokotasunean, herri bezala, nahitaezkoak diren hainbat neurri pairatzen ditugu, eta ulergaitzak diren beste hainbat. Baina prestutasuna eta adeitasuna erakutsi dugula begi bistakoa dela uste dut. Eta ez dut ulertzen horren aurrean beraien burua Jainkotzat hartzen duten hainbat kargudunen erakuskeria. Erakuskeriak mugak ukan behar lituzke, ez? Diskurtsoan umiltasun zerbaiten ezinbestekotasuna agerikoa zela uste nuen, baina oker nengoen.

Beste adibide bat hartzearren, Iparraldean turismo intentsiboaz eta militar furgoiez bete zaizkigu karrikak, baina ezin gara elkarrekin bildu ikuskizun bat partekatzeko, ikastolen sustengatzeko, ihauteriak ospatzeko.... Ez. Hemen, ezer ez da aldatu. Sohütako biztanle bat edo paristar bat berdin-berdin tratatuak dira, ezpada bi arlotan: dirua eta kultura. Zeren frantses diruduna baldin bazara, lasai. Etor zintezke oporretan Donibane Lohizunera talde handian, eta nahi bezainbeste film ikus ditzakezu edozein plataformatan zure ama hizkuntzan, zure kezkak, pentsaerak eta burutik zein bihotzetik pasatzen zaizkizun guziak adierazteko edo sendatzeko. Baina euskalduna bazara, edo beltza, eta txiroa gainera, zerbitzari geratuko zara. Izan zaitez zarena. Munduan zerbitzari sortu bazara, ez da munduaren parte izateko. Inork ez zaitu entzungo, eta zure lurra, pentsaera eta gorputza ez da izango kontsumorako beste baliabide bat baizik .

Horrenbeste iraun eta jasan izanak harritzen nau. Antzerkitik ikusita, badakit diskurtso moralistek eta mozorroek (epaile edo fiskalen xamarrak, polizia jantziak, hautetsi ttattarrak...) asko eragiten dutela, baina ez dut uste hau denik gakoa. Uste dut gure herri honetan askotan ozen hitz egin arren, ez dugula aski sinisten gugan. Menpekotasuna oso barneratua dugu, eta askotan ausardia handiz jokatu badugu ere, bestetan, onargaitza irentsi dugu, pazientzia handiz. Eta pandemiak fenomeno hau okertu du erabat: arditegira goaz, otsoaren artzain mozorroa oso agerian egon arren.

Jakin badakigu gauzek ezin dutela horrela iraun, eta hala ere, gizarte modeloa ez da ezbaian jartzen. Gutxi falta zaigu gure eredu propioak eta lekuko aterabideak martxan jartzeko. Baina horretarako gure gaitasunean, irudimenean eta aberastasunean sinistu eta apustu egin behar genuke, gehiago behintzat, ezpada erabat. Mundu hau amildegira doa, bakarrik, eta gizajalea elikatu ordez, saiakeraren ausardia jorratzen ahal genuke. Pixkanaka, urratsez urrats, harriz harri, elkarlan eta kooperazioan gauza asko egiten eta asmatzen dira. Hortik gatoz, hortik xutik mantendu gara, bizirik, eta hortxe dugu giltza: duda eta saiakeraren ausardia. Horrela sortu ziren eskolak, gaueko kurtsoak, antzezlanak, dantzak, abestiak, bertsoak... Eskuz esku eta ahoz aho, ureztatu dugu gure funtsezko aberastasuna: euskara eta euskal komunitatea. Izurrite honetatik ere onik aterako gara, bai, baina elkarrekin zeharkako bideak hartzen baditugu. Gure sareak sortzen eta sendotzen baditugu, eta gurean sinisten badugu. Hau ez da kargudunen eremua, bakoitzaren ardura da, eta ardura hau besteengan uzteak gure desagertze hurbila onartzea dakar.

Aste honetan, Baxe Nafarroako eskolekin egingo dugu lan, antzerkiz, euskaraz, eta giro jostarian. Nire haurtzaroan, hau ezinezkoa zen. Ez dut ahazten aurrera egin dugula. Asko. Baina ez nuke atzera egin nahi, zeren arraunean, antzerkian, edo bizian, atzera egitean hondoratzen gara. Xutik irautea hautu bat da, etzatea bezainbat. Itxoiten gelditzea beste bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.