begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Gezurra nork kontatuko?

2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Badago gure pantailetan, etxekoetan zein saloietakoetan, dokumental sorta harrigarri, ikusgarri... aztoragarri arras.

Miguel Angel Llamasen eta Amaia Merinoren Non dago Mikel?, Maite Alberdiren El agente topo, Mads BrugerrenThe Mole, Undercover in North Korea ezer gutxitan datoz bat. Hirurak ez dira berdin ezmaneretan, ez asmoetan, ez formatuetan, ez euskarrietan, ez jendearenganako iristeko moduetan ere.

Baina hirurak Maite Alberdi txiletarrak aldarrikatzen (exijitzen ere) dituen dokumental generoaren itxuraldaketaren, iraultzaren, metamorfosiaren eta patu berriarenlekuko, eragile eta kulpante zorionekoak dira.

Bukatu da bukatu, akabo, aspaldi zaharreko dokumentalak filmatzeko eta aurkezteko modua. Gogoratzen? Zirkinik egiten ez zuen jende asko hizketan kamera baten aurrean. Eserita. Zirkinik egiten ez zuen kamera batek hartutako plano amerikar batean hitz jario.

Bazen, beti off-ean,hots ederreko kontalaria. Bazen baita ere artxiboak fin arakatu eta gero lortutako iraganeko irudi mila. Eta kito.

Ez omen zen gehiago behar. Gainera, jende orok uste zuen (genuen) dokumentalek egia kontatzen zutela. Zinez eta minez sinetsi ere. Bene-benetan sinetsi dokumentalek egia, egia borobil eta osoa kontatzen zutela. Errealitate benetakoaren ispilu zirela. Ispilu, bai. Eta ez, inolaz ez, —nola leike?— barraketako deformatzaile horietakoak.

Pelikulak zirenik ere ez genuen uste. Izan ere, hitz hori (pelikula) ez genuen erabiltzen dokumentalik aipatzerakoan. Pelikulak engainu hutsa ziren. Fikzioa. Aktoreekin. Eta badakigu aktoreek beti egiten dituztela auskalo zeren plantak... Literaturaz gauza bera pentsatzen genuen. Nobela beti gezurretan, mozorro-dantzan. Saiakera, berriz, beti zegoen egiarekin dantza serio, martzial batean.

Modu eta sinesmen horiek lehenaldi ilun batean daude, egun, zokoraturik. Lehenik eta behin, kostata izan arren, ederki ikasi genuen, denboraren eta eskarmentuen poderioz, segun eta nori/zeri begira, segun eta noiz, segun eta zenbat denboraz jartzen/pizten/ itzaltzen duzun kamera, errealitatea (mila aurpegi, mila argi, mila ilun duen errealitate hori) era batez edo bestez jasoko duzula. Begia hor, egia-gezurra han.

Geroxeago izan genuen muntaketa gelaren sekretuen berri. Hantxe gauzatzen ziren pelikulak. Eta artean pelikula deitzen ez genituen dokumental horiek ere. Fotogramen ordena eta juntadizoa nola, usteko egia eta errealitate ustekoa hala... Bitxia. Xelebrea kasik.

Garaiek eta zinemak aurrera egin zuten. Eta dokumentalek galdu beren dibulgaziozko joera didaktikoa. Galdu edo, bederen, findu. Egile berriak agertu ziren. Eta dokumentalaren izaera berean bilatu beste generoetan aurkitzen ez zutena. Beraiek ez zuten dudan jartzen dokumentala zinema zenik. Ikusleak ere hasi ginen konturatzen. Tentazioan erortzen.

Zinema aretoetako jabeak azkenak izan ziren onartzen. Ez zuten dokumentalik programatu nahi. Ez omen zen errentagarria. Ikusleok telebistan botatzen zituztenak baino ez bide genituen gogoko. Horrela pentsatzen zutelako batzuk, 2007an galdu genuen guk pantaila handian Barbet Schroederren deabruzko abokatua izan zen Jacques Vergesi buruzko L´avocat de la terreur basa hura.

Bidean hainbat heroik egin zuten, alta, borroka fina. Schroederrena ikusi ezgenuen urte hartan, Arregik eta Goenagak Lucio miresgarri hura eskaini ziguten. Braboka jaso genuen Zinemaldian, aretoetako jabeak ahoa bete hortz utziz...

Aurrera egin genuen denok. Dastatu genituen Frederick Wisemanen lan aparta guztiak, Ezagutu genuen Garbo el espía (Lucio faltsifikatzailearen pareko pertsonaia handia) eta Josu Martinez (eta lagunak) hasi zen gure historia do-ku-men-ta-tzen kameraz (Gure oroitzapenak, Jainkoak ez dit barkatzen...). Eta kamera mugitzen zen lan horiek guztietan. Eta jendea ez zen aulkietan agertzen. Eta pelikula berdaderoak ematen zuten dokumentalek. Moduz, helburuz.

Orain, egun, hiru lan mardul ditugu gurean. Amaia eta Miguel Angelenean, Mikel Zabalzaren senideek esan esaten dute beraiek egia kontatuko dietela ondorengo guztiei. Galdetu, galdetu ere egiten dute gezurra nork kontatuko.

Sinetsi ala ez, egiaren eta gezurraren arteko zubiaren alde batean edo bestean jardutea dugu zinemaren ahalmen preziatu horietako bat, tresna ikaragarria, Miguel Angelek eta Amaiak, jakina, erabili izan ez dutena. Egia,bizitzaren, herioaren, damuaren, pelikula baten egia mingarria dario beren lanari. Maitek eta Madsek, berriz, tentalari darabilte gaurko dokumental batek izan dezakeen misterio, fantasia eta manipulazio puntu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.