Garazi Arrula Ruiz.
Literatura. Hirudia

Geure buruaren kontra

2013ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Euskal kultur zaleen arteko azken eztabaidetako bat Tumatxak saioaren inguruan sortu da, Xabier Erkiziak eta Aritz Galarragak idatzitako bi artikuluren harira. Ez dut saioaren kalitatea edo edizioa auzitan jarriko, ezta parte-hartzaileen hautaketa eztabaidatuko ere; horiei guztiei buruzko iritziak jakin nahi dituenak aski du Gorka Bereziartuaren blogeko post-a irakurtzea (12 erantzun azkenekoz begiratu nuenean). Hala ere, kritiken posizionamendua eta forma alde batera utzita, iruditzen zait iskanbila horretatik hiru hizketa-gai oso interesgarri azaleratu direla, zeharka bada ere: kritikaren harrera eta izaera, mitoen eta komunitatearen harremana eta karlismoaren gaineko gogoeta.

Mitoak kontakizunak dira; norbanakoak eta herriak sortzen ditu, komunitate baten edo batzuen sinesmen-sistemaren parte dira. Definizioz eta jatorrian, mitoak sakratuak eta ereduzkoak dira, sinboloz beteriko egiazko narrazioak. Nortasuna janztearekin batera, nolabait, mitoen biziraupena modu bat da geure kontzientzia bera eta mito horiek sortu zireneko testuingurua biziraunarazteko. Alde horretatik, bat nator Xabier Erkiziak zioenarekin: «Mitoek zer izan nahi dugun oroitarazten digute. Geure buruaren nostalgiaz ari dira. Eta kontuz, adi entzunez gero, gure gezur guztiak ere kontatzen dizkigute». Gurebertute eta miseria guztiak, esanen nuke nik.

Mitoak berreraiki eta berregituratu egiten dira literaturaren adiera zabalenean, hots, musikan, txutxu-mutxuetan, artean, erretorikan eta ideologian. Sortu bezala, norbanakoak eta herriak elikatzen ditu, haiengan eta haiei esker bizi dira. Komunitatearen adierazle izan daitezen birsortzen ditugu, erabakitzen dugu zer bihurtu mito eta zer ez dugun gure iruditerian nahi, baita zerk ez gaituen ordezten ere. Galbahea osatzen dugu, beraz; kolektibo bakoitzak bere irizpideen araberako galbahe propioa.

Batzuetan, ordea, betiko mitoekin tematzen gara, testuingurua aldatzen bada ere, lehengoei eusten diegu, esentzia maite dugulako eta urte gehiegi daramagulako haien alde borrokan; betikotu nahi ditugu, izandako haren miraz, ohituraz batzuetan eta erresistentziaz maiz. Horrela, bada, halako batean gerta daiteke galbahe hertsiegia osatu eta Unamuno kanpoan uztea, ez omen duelako helburu dugun iruditeria horretan lekurik. Paz en la guerra bera oposizio sozial eta filosofikoz eraikia dago, karlistak-liberalak binomiotik hasita; mugimendu historiko horretan, Joxe Azurmendik dioenez, Unamunok bere burua ez du inon kokatzen, historian lekurik gabe uzten du; «ipuin eta mito denak apurtu eta gero gelditzen den Euskal Herria da —benetan, zer gelditzen da?— nobelaren barneneko gaia: 'euskal arima'» (Bakea gudan). Unamunok eragin handia izan zuen abertzaletasunean, eta iturri emankorra izan zen geroko pentsalari askorentzat (Txabi Etxebarrieta, Txillardegi eta Joxe Azurmendi bera kasurako). Hori guztia ez genuke gogorarazi beharko, ordea. Kontraesan ugariek, askotariko alderdiek eta pentsamendu aldakorrak ezaugarritzen dute Unamuno; ez dezagun, beraz, bakarrera kondenatu.

Izan ere, Unamunok zituen askotariko kontraesan haiek ez al dira gaur egun gure herriak dituen kontraesanen parte? Oztopo da betiko galbaheak erabiltzen jarraitzea aurrera egin nahi badugu. Betiko mitoetan gelditzea, duela hogeita hamar urteko iruditeria elikatzen jarraitzea geure buruaren kontra jotzea litzateke, eta galdua zuen sakratutasuna itzuliko diogu mitoari, gainera. Horrek ez du esan nahi orain artekoa baztertu behar denik, ezta hasierako helburuak ahantzi behar ditugunik ere. «Unamuno gerran hiltzen denaren moduan hil zen, bat-batean —zioen Antonio Machadok—, noren eta bere buruaren kontrako gatazkan». Guk ere geure buruaren kontra temati jarraitzen badugu, Unamunoren antzera buka dezakegu, hots, komunitate handi batek baztertua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.