Ismael Manterola
Artea. Begiz

Gerraren triptikoa

2013ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Bilboko Arte Ederretako Museoan, gonbidatutako artelanaren ekimenaren barruan, Aurelio Arteta pintorearen Gerraren triptikoa lana jarri dute egun hauetan.

1999an Artetari eskainitako atzera begirako erakusketa zabala egin zenetik ez nuen berriz ikusi hiru zatiz osatutako koadro handia. Orain, Bilboko museoak aldi baterako ikusgai jartzea erabaki du, koadroaren jabeekin adostuta.

Lanaren aurrean jarrita, izugarria iruditu zitzaidan Artetak gerrari buruz egindako interpretazioa. Izugarria, bi zentzutan: gerrak eragin dezakeen izua ondo baino hobeto harrapatu zuelako kolore eta formen bidez ikusleari transmititzeko, eta artelan moduan ederra iruditu zitzaidalako, kalitate handiko artelana, alegia.

Artetak 1937. urtean pintatu zuen triptikoa, Miarritzen, Sota familiako adar bateko kideak eskatuta, Espainiatik atzerriratu ondoren eta Euskal Herrira itzultzeko asmoa oraindik bizirik zuelarik. Urte hartan bertan, Gernikako bonbardaketak izua, harridura eta amorrua eragin zuen Errepublikaren aldekoen artean. Dakigun moduan, intelektualek su eta txikizio artean hildakoen mina eta sufrimendu orokorra mundura zabaltzeko beharra sentitu zuten. Picassok 1937ko Parisko Nazioarteko Pabiloirako pintatutako Gernika koadroa da gogo horren emaitzarik ezagunena.

Hala ere, artista askok irudietara eraman nahi izan zuten Gernikan eta beste herri askotan gertatutakoa. Artetak bere bertsioa egin zuen hiru mihisez osatutako koadroaren bidez; sarritan Flandestik Euskal Herrira iritsi ziren triptiko erlijiosoen ereduari jarraituta (gehienek Kristoren pasioa irudikatzen dute).

Erdiko zatian, euskal kostako herri batetik alde egin behar duten gizonen eszena azaltzen da. Ama birjina balitz bezala, semea besotan altxatzen duen emakumea da ardatza, txalupan doan gizonak azken unera arte semearen irudia ikus dezan. Amen barneratutako oinazea eta etsita dagoen neska gaztearen keinua, agur besarkadekin eta aitonak beso artean hartzen duen umearekin batera ikusten ditugu.

Ikuslearen ezkerreko aldean, gorpuen artean zutik dagoen gudari batek eskopeta altxatzen du bonbak botatzen dituzten abioen kontra; Gernika, Durango, Eibar eta bonbardatutako hainbat herriren istorioen ilustrazioa.

Azkenik, beste aldeko mihiseak, besotan eta bular ondoan umea duen ama hilaren irudi gogorra azaltzen du. Eraikin suntsituek eta eztanda egindako bonben keak zerura zaunka egiten duen txakurraren irudia osatzen dute. Zoritxarrez artistek gehiegitan erabili behar izan zuten irudi gogorra!

.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.