Ismael Manterola
Begiz

'Gernika', estalita?

2025eko apirilaren 8a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

2003ko otsailean, Nazio Batuen Erakundean gordetzen den Gernika koadroaren bertsioa oihal urdin baten bidez estali zuten, garai hartako AEBetako idazkari Colin Powellek Iraken kontrako gerraren hasiera iragartzeko. Lotsagabe aritu baziren ere, estalketak errudun konplexua adierazten zuen.

Picassoren Gernika koadroa gerraren suntsipenaren sinbolo bihurtu da ia azken 100 urteetan, eta gaurkotasuna duela ikusten ari gara Israel Gazan egiten ari den sarraskiaren kontrako salaketetan. Gerra egoeretan jende arruntak eta xeheak jasaten dituen izugarrikeriak ikus ditzakegu koadroan. Picassok errugabeak ziren emakumeak, umeak eta animaliak pintatu zituen, jende arruntari erreferentzia egiteko. Gerran zuzenean jardun gabe ondorioak jasaten dituztenak gizartearen talde ahulenekoak izaten direlako.

«Ahaztu egin zaie berrarmatzearekin hasi zela Bigarren Mundu Gerra eta gerra hartan erabilitako armak Gernikaren bonbardaketan probatu zirela?»

Artean aspalditik zetorren gerraren ondorio kaltegarriak erakusteko borondatea; K.a. 2550 urtekoa izan daitekeen Ur hiriko estandartea izeneko objektuak horixe bera salatzen du, gerraren kalteak alde batetik eta bakearen onurak bestetik. Beraz, Picassoren Gernika-k artearen historian ohikoa izan den gaia jaso zuen.

Hala ere, euskaldunentzat esanahi berezia du, Picassok izenburuaren bitartez bidegabekeriaren agertokia euskal herri batean kokatu zuelako, eta horren bidez Gernikan gertatutakoa nazioarteko gerraren kontrako sinbolo bihurtu zen.

Gaur egun Europak armatzearen alde hartu duen jarrera ikusita, Espainiako Gobernuak 2003an Nazio Batuen Erakundean egindako gauza bera egin beharko du Kongresuan aurrekontuak onartzerako bilkura egunean. Espainiako Kongresutik Gernika koadroaren egoitza den Reina Sofia museora metro batzuk besterik ez dago, kilometro bat baino gutxiago esango nuke nik, eta lotsagarria izan daiteke hain hurbil dagoen toki batean horrelako erabakia hartzea, Picassoren koadroaren presentzia sumatu gabe. Lotsagabe egingo dutela ez dut zalantza handirik, baina espero dut koadro ezagunari aurpegia estaliko diotela inongo justifikaziorik ez duen erabakia hartzeko momentuan.

Gurera etorrita, nola hurbilduko dira Gernika herrira apirilaren 26an gaur egun Eusko Jaurlaritza gobernatzen duten bi alderdien ordezkariak zalantzarik gabeko armagintzaren aldeko aldarriak egin ondoren? Edo Espainiako Kongresuan aurrekontuaren %2 gerrarako bideratuko dela onartu ondoren? Ahaztu egin zaie berrarmatzearekin hasi zela Bigarren Mundu Gerra eta gerra hartan erabilitako armak Gernikaren bonbardaketan probatu zirela?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.