LAUHAZKA

Gentrifikazioa eta zigorra Jarautan

2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
4. EKITALDIA: DEIALDIA

Ostegunean, ekainaren 13an, Katakrakeko atean afixa bat agertu zen. Jarauta kalean egunero elkarretaratze bat egitera deitzen zuten pisu bateko biztanleak (okupak deiturik) bota arte. Deialdian «okupa» horiek hartuko zuten bizitoki berrira protestatzera joatea ere proposatzen zen. Drogen salerosketa egiten zen aspaldi okupaturik zegoen Iruñeko Udalaren pisu horietan, nahiz eta drogekin harremanik ez duten pertsonak ere bizi ziren han. Deialdi hori Alde Zaharreko atari gehienetan itsatsi da, sinatu gabe egon arren. Horrekin batera, pankarta andana agertu dira; horietako batean «Alde zaharreko gazteok lehen lerrora» irakurri dut.

3. EKITALDIA: BORTIZKERIA METAKETA

Gatazkaren pisu horretan, narkopisua ere deituta, metro karratu gutxian bortizkeria mota ezberdinen batuketa gertatzen zen, pobrezia latza, bortizkeria fisikoa, bazterketaren sintoma den droga batzuen kontsumoa... Eta hiriaren alde zaharrean aspaldi gertatzen ari den fenomeno bat, azkeneko urteetan desagertu ez dena: kaleen degradazioa.

2. EKITALDIA: GENTRIFIKAZIOA

Iruñeko Alde Zaharrari, toki publikoari, errentagarritasun ekonomikoa ateratzeko prozesuak aspaldi daude martxan, sanferminetan eta tabernen ezarpenean ikusgarri direnak, zeinaren eskutik pisuen alokairuak igo eta apartamentu turistikoen zein hostel-en kopurua handitu den.

Baina prozesu honek duenB aldea ere garatu da hiriaren toki zaharrenetan: kale batzuen pobretzea, etxe askoren degradazioa eta esklusioaren handitzea.

1. EKITALDIA: ERASOAK

Ekainaren 8an, Jarauta kalean dagoen taberna batekin elkartasun mezu bat zabaldu zen Alde Zaharreko tabernarien artean. Delako pisuko okupek tabernariari eraso zioten. Elkartasuna eskatzen zen, esplikaziorik gabe. Galdera gutxi egin ziren gertatutakoaren inguruan. Taberna asko itxi, eta jende multzo handia elkartu zen udalaren pisu okupatuaren aurrean eta erasoa izandako tabernaren ondoan.

KATARSIA: ZIGOR KOLEKTIBOA ETA LINTXAMENDUAK

Zigor kolektiboa ezartzeko eskubidea dagoela dioen giro nardagarria zabaldu da Iruñean aste honetan: hizkuntza bortitza erabiltzen duten afixak Alde Zaharreko atari guztietan, pankartak, elkarretaratzeak. Gertatutakoaren inguruan galderarik egin gabe, herri justizia inposatu nahi izan da. Auzoaren kohesioaren aitzakiaren atzean, hainbat taldek esklusioan bizi direnen aurka zigorra ezartzeko eskubidea emandiete haien buruari; herri mugimenduaren isiltasunarekinedo laguntzarekin, kasu batzuetan.

Egunak pasatu ahala jakin izan dugu erasoak ere gertatu direla pisuan bizi direnen aurka. Baina inork ez du kontakizuna aldatu. Eskuin muturrekoak diren jokamoldeak agertu dira gure etxean; ez hiriko auzo urrunetan, Iruñean antolakuntza maila handiena duen tokian, baina ezin izan dira kontrolatu. Geure buruei galdera aunitz egiteko momentua iritsi da, eta, batez ere, horrelako ibilbideak mozteko momentua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.