Beñat Eizagirre Indo.
Zinema. Fantasien gatibu

Generoen arteko hibridazioa

2012ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Paco Plazak zuzendutako eta Jaume Balaguerok ekoitzitako [REC] arrakastatsuaren hirugarren filma estreinatu zen duela bi aste, eta lehenengo asteburuan 820.000 euro eskuratu zituen Espainiako estatuan. Frantzian, berriz, datu harrigarriak lortu zituen, eta Titanic-en atzetik sailkatu zen. Azkenaldian zinema aretoetan ikus daitezkeen beldurrezko filmek dokumentalaren konbentzioak baliatzen dituzte publikoa ikaratzeko helburuarekin. Jada unibertso espresionista eta gotikoak iraganeko kontuak direla dirudi, eta dekoratuen ordez eszenaratze errealista eta xume baten aldeko apustua egin dute. Egunerokotasuna beldurgarria izan daitekeela argi zeukan Alfred Hitchcockek, eta ez zitzaion arrazoirik falta. Beldurrezko generoaren barruan, fikzioaren eta errealitatearen arteko jolasa proposatzen da etengabe, eta, horretarako, dokumentalaren estetika eta lengoaia baliatzen dituzte jendea nahasteko eta txunditzeko asmoz. [REC]-en lehenengo zatian kazetaritzaren baliabideak erabili zituzten ikusleen zirrara areagotu nahian, eta tentsioa muturreraino eramanez. Kazetaritza, dokumentalgintza, egunerokoa, autobiografia... generoak fikzioaren zerbitzura ipini dira, eta eraginkortasun handia erakutsi dute. Erreportajearen edo elkarrizketen bitartez, fikzioa errealitate bilakatzen da, eta bereizezinak bihur daitezke. Era guztietako pantailaren bidez eraikitzen da errealitatea, eta, iraultza digitalaren ondorioz, errealitate objektiboa zalantzagarria gertatzen da. Irudia ordenagailu bidez manipula daiteke eta, hortaz, irudiaren eta errealitatearen eta egiazkoaren eta faltsuaren arteko muga ezabatu egiten da. Cypher traidoreak esaten zuen moduan, Matrix mundu erreala baino errealagoa izan daiteke. Jada norberaren esperientzia ez da nahikoa, argazki edo telebistako irudien autoritaterik gabe ez baita bizipen hori existitu delako arrastorik geratzen. Blade Runner ospetsuko erreplikanteen modura, irudien menpe gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.