begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Gela bat norberarena... handiagoa

2023ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Bidali ditugu gure zinema emakumeak munduan barna, kamera lepoan harturik, eta mundua konkistatu dute. Laster batean estreinatuko da, ausardiaz eraikitako aretoetan, non mugarik ezagutzen ez duten pelikulez kariñoz arduratzeaz gain, ez dioten errefus egiten lehia komertzialari, sarrera-salmenta ere badenez film estrainioen sostengua, Jone Atenearen Los caballos mueren al amanecer zeluloidezko psikofonia, Iruñeko Ikuspuntu jaialdiaren bermea duena.

Bueltatu zen Maria Elorza Rotterdamdik Donostiako Zinemaldiko gazte epaimahaiak saritutako A los libros y a las mujeres canto besapean zuela, eta, lagun dituen zinemamindu asko Berlin alderako bidea hartzear zirela, franko, luze, irmo eta ausardiaz mintzatu zen mukuru zegoen Donostiako Tabakalerako aretoan.

Astelehen goizean Sold out jartzen zuen Berlinaleko online salmentarako erreserbaturiko webgunean Estibaliz Urresola Solagurenen 20.000 especies de abejas filmaren izenburuaren ondoan. Egia, egia biribil eta erabatekoa zioen, ez baitzen, ez, sarrerarik Zoo Palast jauregian herenegun izandako estreinaldi nazioartekoarentzat.

Cuerdas laburraren autoreak gauza ederra lortzen du bere lehenbiziko luzean: distantzia esanguratsu batez kontatzen du beste hainbatek melodrama bilakatuko zuten istorioa. Hasi dira Berlinen esaten idortasun hori euskaldunon identitatearen, izatearen, nortasunaren ezaugarria dela, Ekaingo koban pintatzeari ekin genionetik gure genomaren mapan agertzen den... sintoma edo.

Izan liteke. Harro diogu ez garela negarrontziak gurean. Izan liteke ere, ametsetan, muntaketa gelan sartu aurretik, pelikula, antza, askoz ere luzeago zelako. Baina ez dio ardura, distantzia abegikor horrek ematen dio filmari exijitzen duen tonua. Gidoia akastuna da (nire ustez) une batzuetan, baina irudizauritua den Gina Ferrerren kamerak jauzi egiten du oker horien gainetik. Ginaren kamerak, eta Enkarterriko semea dugun Raul Barrerasen irudi-soinu joskintzak. Ezin ahaztu ikasketaz arkitektoa den Izaskun Urkijo Alijoren arte zuzendaritza (bai, Paulen arreba da, eta gaur duzue bere trebeziaren proba pantailetan, oraintxe estreinatzen baita... Irati! Eta bertan ere, Izaskun munduak diseinatzen).

20.000 especies de abejas-ek gure barruko eta kanpoko unibertsoaren nahasmenduaren berri zorrotz eta lirain askoa ematen du. Hiru hizkuntzatan mintzatzen da, hiru lurraldetan gertatzen da. Hiria ez da oso urrun, baina gu herrian barna goaz, erleak gure buru-nahasmenduaren testigu eta gozagarri direla, eta erlauntzak, aspaldiko eta gaurko sekretu gordailuak...

Maria, Jone, Gina, Izaskun, Estibaliz... Film horretako aktoreak (Patricia, Ane, Itziar...), gehi asteartean Berlinen estreinatu zen (mukuru ere, aretoa) Patiñoren eta Erkiziaren Samsara horretan gidoigile diharduen Garbiñe Ortega. Gehi Galiziako zinema sasoiko dagoela frogatzen duen Sica filmaren Carla Subirana egilea (bide batez, Samsara-k eta Sica-k argazki zuzendaria partekatzen dute, Dead Slow Ahead esperimentuaren Mauro Herce sortzailea)...

Sekula ez dugu izan emakumeok ezer frogatu beharrik. Are gutxiago urrezko aro honetan, zinemaldi guztietako sail oro setiatu ondoren konkistatzen ditugunean. Gustatuko litzaidake, alta, hausnarketa moduko bat ekarri berripaper honetara... Noiz utziko diogu planeta honetako bost izkinetan sarituko dituzten (hori ziur) ganbera-pieza horiek egiteari? Esan nahi dut... Noiz aterako gara Virginiak aldarrikaturiko gela propio horretatik, eta lautadak, mendiak, itsasoak, izarrak, unibertsoaren zulo beltzak, galaxiak, goiko eta azpiko munduak hartuko gure filmen paisaia, agertokitzat?

Komentatu ohi da orain arte emakumeok sortutako literatura, musika, pintura, tamaina txikikoa suertatzen zela. Barneko eta kanpoko neurriak (ez kalitatezkoak) hertsiak zirela, ez baikinen (eta ez zen gurea kulpa) munduan barna ibiltzen pirata, esploratzaile, bidaiari, arkeologo gisa (salbuespenak salbuespen). Hiltzaile bezala ere, ez genuen ezpata erabiltzen, pozoia baizik (trebeak ginela horretan, nork ukatuko?).

Bada, garaiak aldatu dira. Gu aldatu izan gara, eta aldatu ditugu. Zinema gurea da. Zinemaldiak konkistatu ditugu. Sor ditzagun bizitza baino handiagoak diren pelikulak. Super ekoizpenak. Igo ditzagun mendiak. Egin dezagun salto ur sakonetara. Dagoeneko badakigu erleek badakitela, bagera, bagire. Iritsi da garaia. Erreferenteak ez dira falta: Kathryn Bigelow, Mountain sinesgaitza sortu zuen Jennifer Peedom, terrorearen fundamentuak aise erabiltzen dituen Carlota Pereda...

Txiki ari zaigu geratzen Virginiaren gela. Apur ditzagun kostata geure egin genituen leiho, ate eta idazmahai horiek. Banzai!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.