Migel Zeberio
IRITZIA

Gazteria kanturako ere prest duen herria

2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Musukoaren urte bezala gogoratuko dugu hau, eta ea azkena den, ez baita kantuan aritzeko baldintzarik aproposena. Halere, izan da asebetetzeko arrazoirik aurtengo Tolosako Abesbatzen Lehiaketa laburrean.

Kulturak eta bereziki abesbatzen munduak jasan behar izan duen galga larria gainditu eta dugun ondarea erakusteko balio izan du. Bada lanerako eta kanturako prest dagoen gazte trebe andana, baina ez du ikusgarritasun nahikorik jasoko, ziurrenik, kultura hitzak ahobetetzen duen gure herri jator eta petral honetan.

Gaztetasunaren indarrari eta bizitasunari eta jada duten formakuntzari etekin ederra atera zioten Biain eta Astulez zuzendari prestuek. Beharbada, sutsuegi hasi ziren polifoniaren atalean, tinbre aberats eta garbiz, eta goiko erregistro distiratsuak atsegin gintuen bat-batean. Ravelen zailtasun maisuki azaldua, Rossiniren aire operistikoa, eta Snow dance for the dead-ean bortitz, gaztetasunaren aldarri. Folklorean sosegu handiagoz, jarioari ekin, eta entzuleengan sorrarazi zuen zirrarak goia jo zuen Itoizen Lau teilatu-ren goxotasunean, Zubizarretak moldatutako Ama begirazazu eta Elberdinek osatutako Amorioa euskal kanten bilduma herrikoiekin. Garai bateko euskal taldeen nortasun zen erregistro koloretsua itzuli digute. Mila esker!

Juan Pablo de Juanek maisuki zuzendutako Coro de Jovenes de Madriden lan bikaina; gaztea, ugaria, ahoskera garbi, soinu aberats eta orekatukoa. Xehetasunean landutako partituren mezua zehaztasunez entzunarazteko lan fin, oso espresibo eta eraginkorra eskaini ziguten: Victoria, Holst, Part... Folklorean, ahoskera gardenez, aspaldi entzun gabeak genituen Akerra ikusi dugu Guridiren moldaketa eta Aita Donostiak harmonizatutako Hiru txito jostalariak entzun genituen, eta Elberdin izan zen amaierako trakan txinpart egiteko hautua. Esaldien artean eraikitako arnasketa lasaigarri eta esanguratsuak berezitu zituzten, eta Belloporturen Lastozko zubiya partiturak duen idazkera xehetasunez betea nola ulergarri egin hobekien asmatu zutenak izan genituen.

Kataluniako Cor Bruckneri buruz, atsegina adjektiboa erabiltzera ausartuko naiz; beti konprometitua den Monteverdiren poesiaz eta polifoniaz aurkeztu zitzaizkigun, eta Julia Sese zuzendariaren adierazkortasun eskeaz garai eta estilo desberdinetan airoski bidaiatzeko gonbita egin ziguten.

Missouri State University Choralek zuzendariaren maisutasuna lehen obratik jarri zuen agerian, Lauridsenen obra konplikatuan, batuta eskuan mugimendu ñimiño eta ez alferrikakoekin, zorrotz, hasi bezain pronto. Egitarauaren hautaketan, aldiz, gutxiago asmatu zuelakoan naiz: lehia estuan, bakoitzak hobeto defenda dezakeen esparrura jo behar du parekoa gainditzeko. Behartua zen Bustoren Laudate Pueri konplexuarekin asmatu zuten, baina antzinako musika malkartsuagoa egin zitzaien, eta, halere, bi obra kantatu zituzten. Folklorean, berriz, berotasun nabarmena erakutsi zuten amerikar kanta ederretan; xinpleak diruditen horietan horrelako enpaste konpaktu eta amultsuak lortzea ez da erraza, eta egundoko kohesio tinbrikoa erakutsi zuen talde honek. Egitarauaren aniztasunean gehiago arriskatzeak errenta handixeagoa emango ziela pentsatzen dut, eta bazuten horretarako gaitasunik. Oro har, talde oso erakargarri, jantzi eta gaitasun zabalekoa.

Gurean aspalditik ezaguna dugun Hungariako Laudemusek ez zuen garai bateko loria erakutsi; garaiotan haur eta gaztetxoen lan eremuak eta metodoek beste esparru batzuetara jo dute, baina, halere, hor emaitza eta meritua Zabu zuzendariarena izan zen. Talde lan eskergaren ondorioz lotutako unisono ia perfektua edo Holsten Ave Maria-ri eskegitako ahotsen arteko elkarrizketak eta Hungariako folklore doinu eta erritmoez sentiarazten zuten sakontasuna pedagogo jakintsuaren lanaren emaitza baino ez dira.

Fortiusek eta Vox Populik, hurrenez hurren Letoniatik eta Estoniatik iritsitako taldeek, bigarren mailako lan txukuna eskaini ziguten.

Guztien antipodetan eta lanketa hankamotzarekin, Norvegiatik etorritako Stemmer. Beti dago salbuespenerako tokirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.