Azaroaren 11n izan zen Manelen lehenengo diskoaren hamabosgarren urteurrena. Els millors professors europeus (Irakasle europar onenak) zuen izena, eta arian-arian, ikasiko genuen XXI. mende hastapen honetan Kataluniako musika talde onentsuena izango zenaren lehen lana ezagutu genuela. Orain, zirkulu alternatiboetan batez ere, ez dago ongiegi ikusia Manel «musika talderik onentsuena» dela esatea, izatez, bere arrakasta handiegia baita; baina bada, ez dago aitzakirik, bada, izan. Meritu osoz, Manel taldearen abesti sorta bat musika kataluniarraren mitologiaren zerura igo da: Benvolgut, (permet-me suposar...), És nit freda per ser abril (i no s'està enlloc com a casa...), Teresa Rampell (t'has mirat al mirall i t'has vist guapa...) eta beste. Lehen disko hartan ukelelea entzuten zen, eta new folk aideko abestiak ageri ziren. Hala ere, ez zuten bertan goxo egin, eta hurrengo diskoetan elektronika sartu zuten, eta soinu berriak bilatu zituzten. Nahiz eta, niretzat, Manelen puntu indartsuena hitzak izan, probaturiko molde guztiak izan dira interesgarriak, eta beti lortu dute arrakasta.
Duela urte batzuk Guillem Gisberti, taldeko abeslari eta kanta-idazleari, komentatu zioten jende askok bere lehen abestien estilora itzultzeko eskatzen ziotela: «Zuen jarraitzaile askok diote umezurtz geratu direla». Eta Guillem Gisbertek honela erantzun zien: «Seguru asko jende horrek ez du Manelen abestietako ukelelearen hutsunea sumatzen, beraien bizitzako 2008. eta 2009. urteen hutsunea baizik. Asko sentitzen dut, baina hori ezin diet bueltatu, botere hori ez daukat». Willian Faulknerrek beste modu batean esan zuen gauza bera: «Ez dugu leku berera itzuli nahi izaten; oso litekeena da leku hura jada ez existitzea. Gogoan daukagun horretara itzuli nahi izaten dugu».
Omenaldi-taldeak ugaritzen ari dira. Nik tristura apur batez ikusten ditut 80ko eta 90eko musika gogoratzeko egiten diren kontzertuak. 80ko hamarkadako lagunok, ondo dago gure gaztetasunaz gogoratzea, emozioz betetako garaiak dira, baina... baina! Ez geratu gaztetasunean, mesedez. Badakit, nik ere 43 urte jada beteak ditut jada, batzuetan denak apalagoa ematen duela, zozoagoa, jada zirrara hori aurkitzeko gaitasuna ez daukazuela pentsatzen duzuela... baina ez da egia. Hori guztia gure esku dago, hemen eta orain. Gure adinetan, iritsi zaigun heldutasun eder honetan, gauza asko daude egiteko oraindik eta, dudarik gabe, sortzeko ere bai. Baina horretarako, gaur egungo munduan bizitzea garrantzitsua da, eta ez atzean utzitako gaztaroaren arrasto bila.
Gainera, iraganean gelditzea, are arriskutsuagoa da gutxituriko herrietan. Gu, tamalez, gure historiaren erruz, nostalgiaz elikatu izan gara, maizegi. Gure kultura, behin baino gehiagotan, iraganarekin soilik identifikatu izan da, eta erabat etxekalte dugu hori, gehiegizko luxua. Eta badaude ospatzeko nobedadeak. Eskerrak. Eskerrak«entzuten diren oraindik tiro hotsak mendian». Eskerrak badagoela gu harritzeko gaitasuna duen jendea, kolore horiko kaltzada-harriz egindako bideari ekingo dion jende hori. Bai zoragarria! Bai esperantzagarria!
Joan Miro historiako margolari katalan garrantzitsuenetako bat izan zen. Sortzaile handiek ohi dutenez, sentiberatasun berezia zeukan, gizatasun zabala eta, jakina, irudimen handia. Egun batean, telebistaren aurrean eseri zen iloba baten konpainian. Ilobak Jimi Hendrixen kontzertu bat erakutsi nahi zion. Ez dakigu zein kontzertu ikusi zuten elkarrekin, baina imajinatu dezakegu Jimi Hendrix bere gitarrarekin, grinatsu, musika joz. Eta, azkenean, agian, katarsi betean, gitarra apurtuko zuen, edo, batek daki, Jimi Hendrixek gitarra erre zuen oholtzan. Joan Mirok hori ikusi eta gero esan omen zuen: «Horrek nik bezala egiten du».
Jimi Hendrix 1970. urtean hil zen, 27 urterekin. Pixka bat geroago, 73an, Joan Mirok —80 urte zeuzkan— Pintura erreen seriea egin zuen. Bost oihal handi dira. Katalogo batean horrela aurkezten dituzte: «Mirok ikusia zuen materiaren eraldaketa suaren eraginez bere zeramika eta eskultura lanetan, eta pinturari aplikatzea erabaki zuen. Batzuetan, oihal zuriaren gainean margotzen du lehenik; beste batzuetan, aizto batez marrazten du, hutsak irekiz, eta, beste batzuetan, sua da oihalari lehenago erasotzen diona. Gainazala gaizki tratatu zuen, zapaldu, sopletea eman, labanarekin edo guraizeekin urratu. Gasolinaz igurtzi eta poliki-poliki erretzen uzten du. Pinturaren hilketa berri bat da, 80 urterekin».
Eta nik pentsatu nahi dut, Mirok Jimi Hendrix gaztea izan zuela inspirazio iturri. Nik ere nire ahalegin guztia egingo dut 80 urterekin gaztetasunean bide berriak aurkitzeko. Geroago, festa amaitzeko tenorea iristean, topa egingo dut: Gazteoi eta ez hain gazteoi, denbora elkarrekin konpartitzen dugun guztioi, oroitzapen onez betetako iragana opa dizuet eta, era berean, inspirazioz betetako oraina eta etorkizun are hobea.