Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Gauzak horrela daude

2024ko ekainaren 2a
05:05
Entzun

Estatu Batuetako grabatutako musikaren industriaren mozkinen %84 streaming zerbitzuetatik dator. Zerbitzu hauek, batez beste, 0,00173 dolar ordaintzen dute entzunaldi bakoitzeko. Ez artistari zuzenean, bitartekariak tarteko, horren zati bat soilik iritsiko baitzaio sortzaileari. Spotifyk, streaming zerbitzu erabilienak, 1.000 entzunaldi baino gutxiago dituzten abestiak ez monetizatzea erabaki du berriki. Enpresa suediarrak, gainera, bere langileen %17 kaleratu zituen iragan abenduan, gastuak murriztu behar omen zituen eta.

Coldplayk lau aldiz jarraian jo zuen iaz Bartzelonako Lluys Companys estadioan, Karol G lautan ariko da Santiago Bernabeun uztailean, ETS arabarrek BEC hiru bider beteko dute datorren martxoan, Dani Martinek zortzitan Madrilgo Wizink Center 2025 amaieran. Kontzertu geroz eta handiagoak, geroz eta gehiago, geroz eta esku gutxiagotan. Erresuma Batuan kezka nabarmena da: 125 aretok itxi behar izan zuten 2023an, guztien %16k. Urte berean, Live Nationek inoizko mozkin gehien lortu zuen: 620 milioi sarrera saldu zituen, 2022an baino %13 gehiago. Taylor Swiften Eras bira inoizko errentagarriena izan da: bilioi bat dolarren irabaziak izan ditu. Promotore bati entzun diot, orain gutxi, talde txikiak geroz eta azkarrago bihurtzen direla erraldoi, ez dagoela tartekorik, apurka egindako ibilbiderik. Alcala Norte taldea, adibidez: apirilaren 17an kaleratu zuen lehen diskoa eta hilabete besterik ez du behar izan Primavera Sound jaialdian aritzeko. The Guardian egunkari ingelesak erreportajea ondu du: talde asko, arrakastatsuak izanagatik superizarrak ez direnak, dirua galtzen ari dira beren biretan. Pelotazoa eman, hil edo hala moduz bizirauten saiatu, badirudi ez dagoela besterik.

Bi berri, panorama deskribatzen amaitzeko. Blackstone inbertsio funts erraldoiak Hipgnosis konpainia erosi du eta, hala, hamaika musikariren eskubideak bere egin ditu. Katalogoa etekin iturri baita —nobedadeak baino gehiago jada— eta ustiatu daiteke. Gurera etorrita, Last Tour euskal enpresa ezaguna CEOEko parte bihurtu da. CEOE, gutxieneko soldata gehiegi ez igotzeko eta erretiro adina 70 urtera atzeratzeko borroka egiten duen patronala, Javier Milei eta enparauei harrera egiten diena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.