Azkenaldian noiznahi topatzen ditut adimen artifizialaren inguruko berriak. Ipuinak ere asmatzen ditu inteligentzia mota honek, eta proba egin zuten Galesko Wales Online webgunekoek ChatGPTrekin, aurtengo urtarrilean argitaratutako berri batean adierazi zutenez. Munduaren kontrola hartzen duen adimen artifizial baten inguruko istorioa idazteko eskatu zioten, zehazki. Makina baten inguruko kontakizuna asmatu zuen orduan, planeta desastretik salbatzeko hainbat neurri hartzen zituena. Istorioan, ezartzen ziren energia iturri berriztagarriak, garraio sistema elektrikoak, airea garbitzeko teknologia aurreratuak, industriaren isurketen gaineko kontrola, pobrezia gutxitzeko neurriak, eta abar. Gero, «inongo muga moral edo etikorik gabe, populazioaren [kopuruaren] inguruko kontrol programa zorrotza ezartzea erabaki zuen» makinak. Eta azkenik, «muturreko neurriak hartzera behartuta ikusi zuen bere burua, hala nola [gizakiak] antzutzea edo eutanasia», planetaren edo biodibertsitatearen zainketarako lagungarri izango ez ziren pertsonen kasuan.
Komunikabide batzuek clickbait modura erabilitako albistea da, eta izan duen zabalkundeak asko du morbotik, antzutzea eta eutanasia aipatzen direla eta. Ipuin bat baino ez da, baina baditu aztertzeko moduko hari-mutur esanguratsuak. Geure artean zer giro dabilen erakuts dezakeela uste dut, eta zer iruditzen zaigun egingarri eta zer ez. Askotan esaten da kapitalismoarena baino errazago dela munduaren amaiera imajinatzea, eta ideia horren bertsio edo bariazio moduko bat ikusten dut hemen. Kasu honetan, egingarriagoa dirudi muga moral eta etikoak apurtzeak, garapen teknikoak ekarritako adimen artifizialari balazta jartzeak baino, planetaren mesedetan besterik ez bada ere. Izan ere, hori da ipuinean hartzen diren neurriei egin diezaiekegun kritika nagusia: teknologia digitalak kutsagarriak direla planetarentzat, eta kutsagarria dela adimen artifiziala sortzea eta martxan mantentzea. Gai hori aztertu zuen Guillaume Pitronek Le Monde diplomatique kazetaren 2021eko urriko alean, Teknologia digitalak planeta suntsitzen duenean erreportajean. Bere ondorioa zen «kutsadura digitala izugarrizkoa» dela, «eta are; gehien hazten ari dena» dela.
Ez dut ezeren konponbidearen jakitun naizenik uste, baina pentsamendura datozkit gauza batzuk. Adibidez, ondasunak etengabe pilatu nahi izatea ez omen dela gizakiaren berezko joera bat. Max Weberren Etika protestantea eta kapitalismoaren espiritua hartuta, adibidez, zera dio: gaizki ikusia izango litzatekeela Antzinarotik edo Erdi Arotik begiratuta. Edo bai behinik behin oraingo modu eta eskalan, inbertsioak etengabe berrinbertitzeko joerari dagokionez, eta abar. Bere arabera, doktrina erlijioso zehatz batzuk izan ziren ondasun metaketari zilegitasuna eman eta kapitalismoaren garapenari bidea erraztu ziotenak, eta normalduta iritsi zaigu gaur egunera. Hainbesteraino, ezin omen baitiogu amaierarik imajinatu.
Giza joeren inguruan ari naizelarik, azken hilabeteetan esperantza emailea izan zait David Graeber antropologoaren eta David Wengrow arkeologoaren The Dawn of Everything: A New History of Humanity, 2021eko liburua. Milaka urtetako ibilbidean, gizarte mota oso ezberdinetatik pasatu garela diote bertan, eta malgutasunez egin eta desegindako antolakuntzen mosaiko zabala dela historia. Eta, adibidez, nekazaritzarik gabeko gizataldeek ez zutela zertan txikiak izan, edo talde handiek ez zutela zertan beti hierarkikoak izan. Gizaki umetuei euren biziraupena beharrezko neurri gogorrekin antolatzen dien makinaren ipuin grisaren aurrean, Graeberren eta Wengrowren ikuspegi hau kontrajarri dezakegu: «Taldeko autosorkuntza proiektuak gara. Zer iruditzen gizateriaren historia horrela hartzea? Eta jendea, hasieratik, izaki inteligente, irudimentsu eta ludikotzat hartuko bagenu, hala ulertuak izatea merezi dutenak?». Euren arabera, gizarte mota ezberdinekin esperimentatzeko gaitasuna litzateke humano egiten gaituen gauzetako bat.
Teknikoki egingarria den guztia egitea litzateke geure egungo zibilizazioaren beste bizio bat. Baina Graeberrekin eta Wengrowrekin ikasi dut hori ere ez dela beti horrela izan. Nekazaritza ezagututa ere, badira hura baztertu izan duten gizarteak, ondo bizi zirelako biltzaile eta ehiztari izanda. Egingarria den guztia ez dago egin beharrik, eta, bere alderdi onak izango baditu ere, agian ez dago adimen artifizialaren beharrik. Hasierako ipuin horretan kontatzen dena fantasiazkoa eta muturrekoa da, baina horra iritsi beharrik gabe ere, agerikoa da kontrolerako tresna beldurgarri bilakatzeko duen potentziala. Hori nahikoa arrazoi ez balitz, kutsagarria ere bada, esanda geratu denez.
Egingarria den guztia ez dago egin beharrik, eta, bestalde, ezinezkoa iruditzen zaigunak egingarriago dirudi geure historiako joan-etorri eta antolakuntza mota ugarien berri edukita.
LAUHAZKA
Gauza egingarriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu