Joxemari Iturralde.
Sarrionandia Euskal Herrian. IRITZIA

Gaur ez dut ezer ikusi

2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Lehengoan, adiskide batek eman zidan albistea, Sarrionandia laguna gure artean zegoela, azkenik. Bromatan aritu ginen, gainera: orain, koronabirus pandemia zela eta, lasai asko ibil zitekeela kalean, anonimatuosoan, maskaratxoa eta bisera bat jantzita. Erabaki genuen, gainera, guretzat, lagunontzat, ziklo oso bat ixten zela, zorionez eta modu onean, 44 urteko aroa amaitu ondoren. Eta txinatarrek diotena egia bada, ziklo bat itxi orduko hasiera ematen zaiola ziklo berri bati; beste aukera bat, alegia, aurrera egiteko.

Erraz esaten da 44 urte: 1977an ezagutu nuen Sarrionandia Bilboko alde zaharrean. Gogoratzen naiz 1980ko udazkenean, Donostiako alde zaharrean, bazkaldu genuela azken aldiz berak, Txema Larrea lagunak eta hirurok. Handik gutxira gauzak zeharo okertu eta aldrebestu ziren denbora luzerako. Urte latzak, benetan gogorrak, bizi izan zituen Sarrionandiak. Lagunen arteko harremana berarekin, handik aurrera, gutun bidez izan zen, hori posible zenean soilik, eta noizbehinka kartzelara egindako bisitak medio. Urteak aurrera joan diren heinean, posible izan zaigu lagun batzuei atzerrian bisita horiekin jarraitzea, eta gaur eguna iritsi da non, esan bezala, normaltasunez jantziriko aro berri bati hasiera eman nahi diogun denon lasaitasunerako.

Bakea eta lasaitasun apur bat beharko du, uste dut, Sarrionandiak orain. Denboralditxo batean, sikiera. Gogora datorkit une honetan Oscar Wilde idazle handiaren ipuin hura, Narratzailea deiturikoa. Jendeak asko maite zuen gizon hura istorio oso politak, harrigarriak kontatzen zituelako.Egun batean, kontatzen zien gizonak, fauno bat ikusi omen zuen txirula jotzen, kolorezko txapelak jantzita zituzten nanotxoek inguruan pozik dantza egiten zuten bitartean. Hurrengo batean, kontatzen zien, hiru sirena ikusi omen zituen itsasertzean urrezko orraziekin adats berdeak orrazten... Egun batean, gizon hura herrixkatik atera zen eta itsasertzean hiru sirena ikusi zituen urrezko orraziekin beren adats berdeak orrazten. Eta basora iritsi zenean, fauno bat ikusi zuen flauta jotzen inguruan nanotxoek dantza egiten zuten bitartean. Arratsalde hartan, gizona herrixkara itzuli zenean, jendea zain zeukan: «Ea, kontaiguzu zer ikusi duzun gaur!» Eta gizonak erantzun zuen: «Gaur ez dut ezer ikusi».

Inoiz normaltasunaren aroan sartuko bagara, Sarrionandia kalean ikustea tonu horretan hartu beharko luke jendeak. Ohituko da. Etxera iritsi eta batek esan diezaiola lagunari: «Hara, gaur idazle bat ikusi dut kalean, eta ikusi orduko, liburu denda batera joan naiz bere liburu bat erostera, orain lasai eta gustura etxean irakurtzeko». Eta hurrengo egunetan ere berdin: «Hara, gaur ez dut ezer ikusi kalean, baina hara zer liburu erosi dudan asteburu honetan irakurtzeko!»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.