Poeta bat saritzekotan, eta Ipar Amerikako poeta bat hautatzekotan, mundu guztiak uste zuen Anne Carson kanadiarrak jasoko zuela Nobela. Carson baita, beharbada, gaur egun munduko poesian itzalik handiena izan duen poeta. Baina itzala ez da dena. Bob Dylanen sariak hauspoak harrotu zituen, esan zen ez zela benetako poeta bat. Akademiak zioen ahozkotasunetik datorren poesia saritu nahi izan zutela, gorazarre egin poesia musikatuari eta Dylanekin batera, Leonard Cohen, Patty Smith edo Lou Reedek utzitako uberari.
Louise Gluck bada benetako poeta bat. Poeta bikaina da, askotarikoa, berezko dohain landua du. Ez da, Bob Dylanen legez, outsider-a. Pulitzer saria jaso du, Ameriketako Estatu Batuetako poeta laudatua izan da eta irakasle da Yalen. Ipar Amerikako poesia bi lerrotan banatuko bagenu, Walt Witmanen olerki bital eta epikoak alde batetik (eta Dylan hor dago), eta, bestea, Wallace Stevensen bilaketaren poesia, bigarren adarrean legoke Gluck. Elizabeth Bishop, Mark Strand eta Anne Carson berarekin batera.
Bere olertia oso berezia da. Aitortzatik jaiotzen da, bere barrutik, baina ezagutzatik jakintzara egiten du berehala jauzi. Ahozkotik hurre dago darabilen hizkera, baina konplexutasuna gero dator, azal garbi hori duten poemek sakontasun handia hartzen dute, maisua delako esaldien eta xehetasunen aukeraketa eta elkartze ezohikoetan. Ur azala gardena da, baina barruko olatua du.
Galera da bere gai nagusiena: hutsunea, heriotza, banaketa («zuk ez zenuen nire bihotza nahi, nire gorputzaren atzetik joan zinen»). Ausarta da, ez du beldurrik hiru ahots erabiltzeko Pulitzer saria lortu zuen The Wild Iris (1992) poema liburuan bezala, non lorezainaren ahotsa, lorearena eta sasi-jainkoarena ageri diren. Ez du beldurrik ere poema liburu bat egun gutxitan idatzi (Vita Nova, 1999) eta bere horretan uzteko, unearen indarra eta inperfekzioa jasoz.
Desira izeneko poeman idatzi zuen: «Beti eskatzen dudana eskatu nuen/ Beste poema bat». Agian horregatik eman diote Nobela, saria ez zuelako desira, poema berri bat idaztea baizik.
IRITZIA
Gardena azalean, arrea sakonean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu