Txuma Murugarren.
LAUHAZKA

Ganbak plantxan

2015eko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Gizakia akastuna da. Ezinezkoa da zero akats bezalako programa instituzionalekin bilatu nahi den xedea erdiestea. Ezinezkoa da, gizakia akastuna delako berez, jaiotzez, nahitaez. Eta hori aitortzeak lotsatzen gaitu doi bat, gure duintasunean atximurka ibiliko balitzaizkigu bezalako zerbait delako onartzea halakoak garela, gure buruarekiko dugun estimua ahultzea.

Beraz, berezitasun gizatiar hori samurtze aldera, akatsari balio etiko edo espirituala egotzi diogu. Urliak esango dizu akatsak perfekzioa erakusten duela. Berendiak, ildo beretik jarraituta, soilik akastuna dena izan daitekeela erabat eder, eta akatsetatik ikasten dela; edo atsotitz bat baliatuz, akatsik gabeko laguna dela aurkitu ezin duguna. Eta ororen buru, jakina, latinez: errare humanum est... Zerrenda luzea da hutsegiteekiko dugun permisibitatea erakusten duena. Oso eskuzabalak gara okerrekin, jakin badakigulako gu ere okertzen garela. Badakizue, askoren mina tontoen atsegina. Hala ere, akats txiki, dorpe, krudelek eragozten didate loa niri. Ez naiz ari akats monumentalei buruz, akats biribil, astun, zaratatsu, nabarmen horiei buruz, ez. Hutsegite ikusgaitz, ñimiño horietaz baizik, oharkabean igaro daitezkeen horietaz. Zuk baino ikusten ez dituzun akats eragole horiei buruz ari naiz.

Nik asko sufritzen dut horiekin. Eta uste dut horiexek direla, hain zuzen ere, nire kirtenkeria agerian uzten dutenak. Eritasunik larriena ere sintoma txiki batzuekin aurkezten da gehienetan. Halako zerbait da. Nik, betidanik perfekzioarekin amets egin dudan honek (nire perfekzioarekin zoritxarrez), aitortu behar dut, nahigabeturik, ez naizela nire egoak prometatzen zidan gizaki garden hori, onartu behar dut nire ameskerietan naizen pertsona paregabe horri ez natzaiola oin zolara ere ailegatzen. Akats txiki (eta handi) lotsagarriz betetako gizabanako hilkor negargarri bat baino ez naiz. Eta urteak igaro ahala kontzienteago naiz egitate honetaz.

Aurreko egunean, kontzertu bat egin nuen jende jator eta entregatu baten aurrean, eta gehiago itxaron behar ez eta lehenengo abestian kale egin nuen, nire baitan hain bildua nengoen hitzak ahoskatzen ezen ahaztu baitzitzaidan gitarra ere jo egin behar nuela, eta FA ezarri beharrean, DO kirrinkari bat ezarri nuen sei soketan. Horrelakoetan esan ohi dizute beti: tira, inor ez da konturatu. Bai, jendea ergela balitz bezala. Belarririk izango ez balute bezala. Jakina, konturatu dira. Ez DO bat jarri duzula FA baten lekuan, baizik eta zure mezu hori zikinduta bezala geratu dela, distira galdua, gaixo, disonantzia alu horrek sastatua. Hor gelditu da lehenengo abesti hori, umezurtz, herren doala ezkutatzera, gisa horretan ez baitu nahi inoren memorian iraun.

Eta jada ezer ez da berdin. Horrek urduritu zaitu. Nahigabetu. Eta pixka bat aurrerago hitzen bat trabatuko zaizu eztarrian, edo mingainean korapilatu, eta horrela. Akats ñimiño, ergel, entzungaitzez betetako kontzertu akastuna eman duzu konturatzerako. Eta zoriontzera etortzen zaizkizu, eta badakizu jakin badakitela zenbat akats egon diren, eta hala ere irribarretsu agertzen dira, adeitsu eta asebeteak entzun dutenarekin, akatsak akats, gustatu egin zaielako. Akatsek are gustagarriago egin dutelako kontzertua, agian. Baina zuk badakizu horrek esan nahi duela ez zarela inoiz sublimea izango; badakizu beste batzuek askoz hobeto egiten dutela, eta ez direla zu bezain arrunt eta patetiko. Eta horrek gizatiarrago bilakatzen zaituela diote; tira, ezer baino gehiago bada, bederen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.