Postestrukturalismoaren teoriko handienetakoa izan zen Roland Barthesek La Chambre claire: Note sur la photographie (Kamera adimentsua: argazkigintzaren inguruko oharra) irudiek duten ahalmenaz idatzi zuen. Zein da argazki bat begiratzerakoan norberaren atentzioa atzematen duen azaldu-ezinezko elementu hori? Zerk deitzen du gutako bakoitzaren arreta figurazio baten aurrean? Horiek ziren Barthesen galderak. Erantzun posibleen bila bi kontzeptu definitu zituen: studium-a eta punctum-a. Lehenengoari dagokionez, argazki bat begiratzerakoan ikuslearengan dagoen begirada-ikasiaz aritu zen, nolabait, gehiengoarentzat ezaguterrazak diren ikusizko zeinu horietaz. Punctum kontzeptuaren kasuan ordea, egilea norberarengan zinez subjektiboa den ikuspegiaz aritu zen, alegia, bakoitzaren emozio eta ezagutzaren arabera irudi bat begiratzerakoan salto egiten duen horretaz.
Zer da baina gutako bakoitzaren kasuan irudien aurrean jartzen garenean salto egiten duena? Ostera, zer da harritzen gaituen hori? Kezka horretatik tiraka egin dut Mikelen heriotza filmaren enegarren ikustaldia. 1984an Imanol Uribe zuzendariak osatu zuen film mitiko hau, bere filmografian hirugarrena Burgoseko prozesua (1979) eta Segoviako ihesa-ren (1981) ondoren. Film honen inguruan idatzi diren testuetan, askotan azpimarratu da Uriberen lan honek gatazka politikoarekin duen harremana. Analisi hauetako gehienek diote pelikularen bokazioa ezker abertzale jaioberriaren esparruan zegoen homofobia salatzea izan zela —garaiko giro politiko eta sozial itogarria azaleratzeaz batera—. Ezin uka daiteke badela horretatik asko filmean, baina, agerikoa den horretatik haratago niretzako salto egiten duten bestelako azpi trama batzuetan dago interesa.
Askotan azpimarratu da Uriberen lan honek gatazka politikoarekin duen harremana. Analisi hauetako gehienek diote pelikularen bokazioa ezker abertzale jaioberriaren esparruan zegoen homofobia salatzea izan zela [...], baina, agerikoa den horretatik haratago niretzako salto egiten duten bestelako azpi trama batzuetan dago interesa
Alde batetik, pertsonaien soslai psikoanalitikoa, eta horri loturiko momentuak, besteak beste, honakoa: Mikel (Imanol Arias), ezker abertzalearen baitan osatzen ari den fronte instituzionaleko talde bateko partaidea da. Ezkonduta dago Begoñarekin (Amaia Lasa) baina haien harremana agortuta dago aspaldi, «ohe kontuetan» moldatzen ez direnez. Lekeitioko festetan Mikel bakarrik eta triste mozkortu da. Zerbaitek ez du funtzionatzen harengan —eta hartara, filmaren hasierako eszenek iradokiko dute halako trauma batek jota bizi dela homosexuala delako—. Tabernatik etxera hala moduz iritsi da eta halaxe saiatu da aspaldi lo dagoen bere emaztearekin txortan egiten. Ondoren, zinean ohikoa den sexu eszena bat (adi, studium delakoari): maindireen azpira egin du Mikelek eta bideratu du bere burua Begoñaren hankartera. Hasierako momentuan erresistentzia lauso bat adierazi du erdi lo dagoen andregaiak, baina ostera, Mikel ustezko alu-jan horretan tematzen den heinean, Begoñaren plazerezko keinua ikusten dugu. Ustekabean baina, Begoñaren aurpegian deserosotasun keinu arin bat agertu da: moteldu egin da irudia orduan —kamera motela— eta oihu lazgarri batek lehertu du ordura arteko narrazioa: Mikelek hozka egin dio indarrez —edo hori iradokitzen dute irudiek— eta zarrastatu du haren klitoria —gerora jakingo dugunez— lau puntu emateraino. Garrasi horretan biltzen da film honen dolorea.
Bada beste eszena saltagarri bat: egongelako mahaian Mikelen ama ageri da eserita (Montserrat Salvador). Larritasuna dario haren aurpegierari eta begiek dir-dir egiten diote, negarrari eusten zaionean muskuluek egiten duten kontrakzio ahalegin horretan. Infinitura begira ari da —sorbalda tente— eta halako postura estoiko batek sostengatzen du haren gorputza. Zerbait gertatzear da, filma guztian zehar —titulutik hasita— spoiler moduan iragarri den hori: haren semearen heriotza. Gidoigintza klasikoak markatzen duen arau antzuaren kontra —filmaren konflikto nagusiak lehenago gertatu behar du—, tramaren biraketa guztia une honetan ematen da, amaieran kasik, ikusleak narrazio guztian zehar bildu duen susmoa zalantzan jartzen denean: Mikelen heriotza misteriotsu xamarra da eta akaso, ez du Estatu errepresioak erail, akaso bere buruaz beste egin du edota agian —aukerarik ez-probableena eta aldi berean, erakargarriena— bere amak akabatu du.
Kritiko askorentzako pelikula galdera horrekin amaitzea frustragarria omen da; euren tesia zapuzten du —Mikel errepresioak eraila izan dela—. Ezjakintasun horrek sututa dauden bitartean esango nuke ordea horretan dagoela filmaren paradoxa: hasierako susmoa zapuztu eta ikuslea abandonatzea bere bakardadean, galdera horrekin marmarrean.
'MIKELEN HERIOTZA'