begona del teso
Eppur si muove

Gabrielek Maria Luisari dedikatu zion nobela

2025eko martxoaren 21a
04:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Suerte txarra izan dute Hegoaldean hobeagorik merezi duten bi filmek. Hainbat aretotatik kendu dituzte jada. Baina zabiltzate adi, bata estreinatu berri delako Iparraldean, eta besteak berandu baino lehen izango duelako kabida plataformarik ausartenetan.

Jaime Rosalesen Morlaix zinemaren, bizitzaren, gaztaroaren eta malenkoniaren inguruko ariketa/gogoeta/ametsa da, Bretainian filmatua, 35 zein 16 milimetrotan. Hala zuri-beltzean nola koloretan. Zinemaskopen, eta formatu txikiagoan ere bai. Inprobisatuz eta inprobisatu barik, antzeztea ofizio duten aktoreekin eta kameraren aurrean sekula jarri ez diren neska-mutilekin. Bada paisaia batek sorgindutako pelikula; erraietan —baita bihotzean ere— beste dozena bat film duena. Bada inor gutxik ikusi(ko) duen lan fin/garratza, inolako pazientziarik ez dutenek gure pantailetatik kendu izan dutena.

Izan zaitezte erne eta atezuan, laster izango baitugu sarri kanpokoak baino abegikorragoak diren gure etxe barruko zinema ispiluetan.

Bestea Lyon eta Canneseko zinemaldiak gidatzen dituen Therry Fremauxek zinematografiari eskainitako amodio eta aldarrikapen kanta dugu, eta Iparraldean egin beharko diozue Hegoaldean egin ez diogun harrera beroa. Lumière! L'aventure continue du izenburu, eta, Auguste anaiarekin batera zinema asmatu zuen Edouard Lumierek sortutako dozenaka pelikula motzen bitartez, zera erakusten digu argi eta garbi: XX. mendea hasi aurretik eman zituen lehenbiziko pauso haietan ere, zinema arte handia zen.

«Gurean, badira zinema mamuak; existitu arren, aurkitzen zailak diren filmen espirituak. Bidegurutzeetan alderrai dabiltzanak. Gurea da bila ibiltzeko obligazio ederra»

59 segundo baino gehiago irauten ez zuten film horietan ere, zinema osoa zen jada. Gutako gehienek pentsatzen genuen traketsak zirela. Fremauxek aurpegira, begietara bota digu egia eta errieta: engainaturik ginen. Oso eta seko. Biraderaz eraginiko kamera horiek (edo biradera haiek eragiten zituzten kameragrafoek) bazuten travellingak edo plano sekuentziak egiteko trebeziarik, abilidaderik. Are, Edouard Lumierek ezagutu eta erabili izan zuen 1900. urtean 75 milimetroko zeluloidea. Bai, 1900ean! Badakit, bai. Ederki asko jakin ere. XXI. mende honetan, oso zaila egiten zaigu joandako mendean 70 milimetroan filmaturiko pelikulak ikusten, zabalera eta handitasun horretarako egokitutako proiektagailuak aspaldi kendu baitzituzten aretoetatik…. Alta, duela 125 urte izan zuten zinemak zauritu horiek 75 milimetroan ikusteko aukerarik, paradarik, okasiorik. Harritu ote ziren? Gu bezainbeste, segurunik.

Mintza gaitezen orain auskalo noiz, auskalo non, auskalo zorioneko zeintzuek ikusiko duten pelikula batez, aurtengo Ikuspuntu festibalean ikusleen kariñoa eta adituen alabantzak jaso dituen Volver a casa tan tarde-z, alegia. Celia Viada Casok egina da, Iruñeko jaialdiak propio duen X Films proiektuaren barruan. Filmak plazara ekartzen du plaza askotan izandako emakume iruindar bat, zeini Gabriel Garcia Marquezek Cien años de soledad eskaini zion. Hari eta senarrari, biak baitziren punta-puntakoak arte guztietan, biak izan baitziren gerra ondoren deserrituak, Espainiak bazterturik eta arriskuan jarririk. Deserrituak iragan hurbilean eta egun, ganorabako mila eta batek ahazturik; Maria Luisa Elioz eta Jomi Garcia Ascotez ari natzaizue. Egia esatearren, hasi gara bien memoria geureganatzen. Esaterako, Iruñea aldean bada Maria Luisaren izena daraman liburutegi herrikoi bat, auzokoa: bada berak idatziriko Tiempo de llorar, Voz de nadie eta beste kontakizun batzuk biltzen dituen liburua irakurrita duenik. Bada senarrak filmatua den eta Maria Luisa aktore duen En el balcón vacío pelikula YouTuben berreskuratu duenik. Hasi gara, bai, mantso-mantso, ahazturik izan ziren horien memoria(k) geureganatzen.

'En el balcón vacío' filmeko irudi bat.
'En el balcón vacío' filmeko irudi bat.

Horretarako —baita ikusleen gozamenerako ere— izan zen sortua hamar atal motzetan banaturiko Volver a casa tan tarde. Abandonatu behar izan zuen Maria Luisak Iruñeko etxe hura, eta, kasualidade tamalgarriz, Celiak ez zuen lortu oraindik zutik den eraikinean sartzeko baimenik. Debeku horrek, filmari traba egin bainoago, beste izate bat eman zion; beste itxura bat, beste forma bat. Beste zentzu bat ere bai. Hau: akaso bueltatzea ezinezkoa da. Agian, egindako zauria ezin da sendatu. Igual, erbestera doana erbestean geratzen da betiko.

Ederra eta mingotsa dugu Volver a casa tan tarde. Entzuten dugu bertan Maria Luisaren ahotsa, eta ikasten dugu berari dedikatu ziola Garcia Marquezek Cien años de soledad. Zergatik? Lagun minak zirelako. Zirriborro bat baino ez zen, Maria Luisari leitzen ziona, haren iritzia jakin nahian. Lau ordu eman zituen Gabok nobela osoaren nondik norakoa Maria Luisari aurkezten. Bukatzean, iruindarrak zera galdetu zion: «Benetan lebitatzen al du?». Eta baietz erantzun Gabrielek, eta azaldu, lebitatzen zuela ez zuelako tea hartzen, txokolatea baizik. Orduan, Elio andreak esan omen zion: «Hori guztia idazten baduzu, eromen hutsa izango da; eromen markaz fuerakoa, bikaina». Bueltan, honela erantzun bide zion Garcia Marquez: «Gustuko baduzu, zurea da…».

Merezi zuen Maria Luisak Celiak eta Ikuspuntun dedikatu dioten pelikula gazi eta gozoa. Orain guk dugu, berriz, En el balcón vacío ikusteko erantzukizuna eta Voz de nadie irakurtzeko zorra.
Gurean, badira zinema mamuak; existitu arren, aurkitzen zailak diren filmen espirituak. Bidegurutzeetan alderrai dabiltzanak. Gurea da bila ibiltzeko obligazio ederra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.