Opor egunak pasatu badira ere, Gabonetako gai batekin nator gaurko artikulu honetan. Gero eta arreta handiagoa pizten dit festa horiekin lotzen den ikonografia, itxura edo iruditeriak. Gabonetako argiek forma oso bereziak hartu dituzte azken urteetan, eta ia edozein gauza hartzen dugu Gabonetako irudi moduan, nahiz eta hirietako festetan ere argi berak edo antzekoak erabili kaleak alaitzeko. Badirudi argiztatuko mataza bat edo goitik behera datorren argi-jauzia Gabonekin harremanetan jartzen dugula, eta, gainera, erritu berri bat gehitu diegu berez errituz beteta dauden urteko azken asteei. Argiak pizteko egunari buruz ari naiz, gure egutegian gero eta toki handiagoa hartu duen ekitaldia, eta gero eta gehiago (ahal bada) apaintzen dena, adibidez, musikarekin.
Kaleetako apainketekin batera, azken urteetan gero eta ohikoagoa da plastikozko adarrak edo beste zerbait duten burukoak jantzita ibiltzen den jendea. Ez dakit nondik datorren ohitura hori, baina Disney faktoria ez da urruti ibiliko. Garai batean barregarria izango zen Bizarzuriren kapela gorri-zuria buruan daraman jendea ikustea; gaur egun, gero eta zabalduago dago gure artean Gabonen bueltako parrandetan edo kirol emanaldietan (San Silvestre korrikaldian, adibidez).
Itxuraz, eta itxuraz esaten dut ez dudalako horrelakorik ezagutu, ohikoa da Gabonetako dekorazioak etxearen bazter guztiak kolonizatzea, baita jan eta edan behar dugun mahaietan ere. Lehen, egun handietarako gordetako amamen mahai-zapia jartzen genuen Gabon gaueko afarirako edo Eguberri bazkarirako; orain, berriz, Gabonetako motiboak estanpatuta dauzkaten oihal sintetikoak erabiltzea da modakoa.
Hala ere, aurten harrituta begiratu diot izar antzeez betetako jertse koloretsuekin jantzitako jendeari. Egun bakar batez edo, gehienez, astebetez jantzi daitekeen arropa bereziaren moda telebistan edo film estatubatuarretan bakarrik neukan ikusita orain arte, baina aurreko asteetan behin baino gehiago ikusi ditut nire aurrean paseatzen, poteoan edo turisten soinetan. Merry Christmas hitzak zeuzkatenak ez ziren gutxi, baina gehienak Gabonetako motiboak direlako horiekin apainduta zeuden. Hain zuzen, hori da oso ondo zer den ez dakidana: noiz bihurtu dira izarrak edo antzekoak urte sasoi zehatz bateko apaingarri? Coca-Colak bihurtu omen zuen Bizarzuriren jantzia gorria, eta, era berean, kontsumo aseezinak bihurtu ditu hainbat gauza Gabonetako, Mendebaldeko gustua moldatu arte.
Aspalditik dakigu gure edertasun kanonak ez dituela arteak moldatzen, baina gero eta gehiago utzi diegu esparru hori publizitateari nahiz Hollywoodeko film eta telesailen ekoizleei. Gizartearen infantilizazioa agerikoa iruditu zait urteko azken egunetan kalean bikoteak Merry Christmas zioten jertseak eta buruan argiztatutako adar antzeko batzuk jantzita ikusita.