Orain arte jokatutako finalik onena izango da biharkoa, nahiko argi dut hori. Agian ez da historikoena izango, agian ez da hunkigarriena izango, agian ez da politena izango, baina onena izango dela uste dut. Inoiz ere ez dira izan indarrak hain parekatuta final batean. Hor diren bost-sei finalista beren bertsolari-bizitzako unerik onenean daude, indartsuenean, pisuenean, arinenean.
Adi, belarriok, bihar egundokoak entzungo dituzuelako; erne, gogoa, bertso horiek guztiak iragazi beharko dituzulako; prest, bertso-gosea, orain arte nahikoa ez baduzu izan bihar aseko zarelako.
Biharkoa finalik onena izango da, diot, eta Maialen Lujanbio da faborito nagusia.
Asko hitz egin da gainerakoez; inork ere ez du oraindik txapelduna entzun txapelketako oholtza elektrikoan. Denok pentsatu dugu hau Arzallusen txapelketa izan daitekeela, edo Igor Elortzak sekulakoa egin dezakeela finalean, edo Iturriaga bigarren dela inkestetan, edo Colina ez dugula inoiz hain sendo ikusi. Baina Lujanbio? Zertan ibili da txapelduna azkenaldian?
Harekin plazan suertatu izan naizen bakoitzean oso ondo aritu da, dudarik ez, baina ez dut txapelketaren itzala sumatu haren bertsoetan. Lasai, seguru, baina beste bertsolari batzuek zuten tentsio hori gabe. Jarri izan dizkiodan bakarkakoetan zekena izan da, ez du neurri luzerik ekarri, ez du narrazio luzerik osatu, ez du ñabarduraz betetako deskribapenik egin. Gehienetan hiru bertso bikain kantatu ditu, hamarreko handian edo, eta kito. Kartak ezkutatzen ari zen ala hori da bere bertsoen idortzea? Ez dakit. Uste dut eskainiko digula zerbait berria finalean, sotila beharbada, baina landutakoa. Artista da Maialen, eta artista den heinean, badu banitate puntua, eta arrastoa utzi nahiko du. Laguna dut, baina era berean asko miresten dut, historia egin duen bertsolaria delako, ibilbide zaila aukeratu duelako, etengabe berrikasten, eta sortzaile onenen eskuetan dagoena lortu duelako: estilo propioa garatzea eta arrakasta izatea. Ohore txapeldunari.
Bertsoz kanpoko zera guztia, berriz, WIN handi bat orain artekoa. Batez ere goraipatu nahi nuke orain arteko plaza guztiak bete dituen bertsozalea, hari esker txapelketa itzela izan delako aurtengoa. Ezin aurki daiteke zale hoberik: bertsolari kuttuna aupatu, bai, baina bestearen bertso ona saritzen ere badakiena. X hizkiaz josita dugu Euskal Herriko altxorraren mapa.
Zorte on, zortzi bertsolariok, berdin epaile, gai-jartzaile eta antolatzaileok.
Ahalik eta gehien gozatu, bertsozalea.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Analisia
Finalik onena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu