Gorka Azkarate.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak. IRITZIA

Finalaurrekoak izenez izen

2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Elizondo (2022-10-22)

Unai Agirre: Azkeneko edizioan finalista izanik, txapelketako trenera igotzeko ordua iritsi zaio. Beretik ematen badu, orain bost urte lortutako balentria errepikatzeko moduan legoke.

Ikusi gehiago:Bertsoen neurgailu matematikoa

Alaia Martin: Getxon irabazle. Txapelketen zurrunbiloan ibilbide luzea eginda, ez du alferrik galtzen utzi nahi finalera pasatzeko aurten izan dezakeen aukera.

Joanes Illarregi: Arrasaten irabazle. Saio hura irabazi izana ez zela kasualitatea izan erakustera igoko da Elizondoko oholtzara, bere zaleen aurrera.

Agin Laburu: Bertsokera bizia eta freskoa lagun, finala hatz puntekin ukitu baino zerbait gehiago egin nahi du aurten. Ez da arratsalde-pasa joango Elizondora.

Onintza Enbeita: Donostian oparitu zizkigun moduko bertsoak kantatzeko aukera baldin badu, majo gozatuko dugu bertsozaleok.

Iñaki Apalategi: Puntuazioei erreparatuz, berak jarri du langa. Txapelketak beste aukera bat emango dio bere benetako mailara hurbiltzeko.

Donibane-Garazi (2022-10-29)

Amets Artzallus: Partaide guztien artean txapela janztea zer den dakien bertsolari bakarra, Maialen Lujanbio egungo txapeldunarekin batera. Ez luke arazorik izan behar finalera iristeko.

Haritz Mujika: Gasteizen irabazle. Azken egunetan zarata handia sortu da bere inguruan Gasteizen bota zuen hasierako agurraren harira. Zarata horretatik aldendu eta bere lana egitea lortzen badu, zeresan handia eman dezakeen bertsolaria.

Oihana Iguaran: Sailkapen faseko estuasunak igarota, orain hasten da benetako txapelketa Oihanarentzat. Ez zaio talde txarra egokitu Donibane Garazin, beretik eman eta puntuak zakuratzeko.

Nerea Elustondo: Oholtzara igotzeko irrikaz egongo da legazpiarra; zorte pixka bat izanez gero, oso urrun iristeko gaitasuna dauka. Ez da finaletik urruti ibiliko.

Aitor Etxeberriazarraga: Donostiako saioan dirdira egin zuten bertsolarietako bat; segurtasun handia transmititzen du bertsotan ari denean. Gertutik jarraitzeko bertsolaria.

Asier Azpiroz: Ez da oso tarte handiarekin sailkatu, baina horrek ez du esan nahi finalaurrekoetan egoteko mailarik ez duenik. Saio borobila osatzen saiatu, eta gero, gerokoak.

Irun (2022-11-5)

Sustrai Colina: Bi hamarkada baino gehiago pasatu dira lehenengoz final batean kantatu zuenetik. Askoren ustez, txapeletik gertu ibiliko da aurten.

Nerea Ibarzabal: Gotaine-Irabarnen irabazle. Aspalditik askoren ahotan dabiltzan izenetako bat. Sailkapen fasean maila txundigarria erakutsi zuen, ea maila horri eusteko moduan den.

Jone Uria: Donostian irabazle, eta azken unera arte finalerako borrokan egoteko hautagaia, beste zenbaitekin batera.

Ane Labaka: Heldutasun ikaragarria lortu du bere sorkuntza lanean, oso presente eduki beharreko bertsolaria.

Maddalen Arzallus: Sareetan protagonista izan da azken egunotan zentsura kasu tamalgarri bat tarteko. Publikoaren berotasuna lagun izango du; Irunen, gainera.

Miren Artetxe: Mugako herri ezagunean kantatzea egokitu zaio, eta, Maddalen Arzallusi moduan, horrek modu positiboan eragin diezaioke saio gogoangarri bat osatzea lortzeko bidean.

Durango (2022-11-12)

Aitor Mendiluze: Egungo txapeldunordea. Kosta egiten da andoaindarra finaletik kanpo irudikatzea, baina oholtzara igo eta kantatu beharra dago.

Beñat Gaztelumendi: Finalista azken bi ediziotan, eta egungo Gipuzkoako txapelduna. Koxka bat gora egin nahiko luke txapelketa nagusian.

Aitor Bizkarra: Lizarrako saioan irabazle, bertsokera pausatua, ideia garbiak, errima estua, hori da Aitor Bizkarra. Etxean kantatuko du, eta bere bizitzako saioaren aurrean egon gaitezke.

Julio Soto: Beti hor dagoen bertsolaria, eta beti kontuan hartu beharrekoa. Ganbarakoan luzitzea lortzen badu, aurrera egiteko aukera serioak izango ditu.

Eñaut Martikorena: Sailkatzen zaila den bertsolaria. Bere bertsokera bizi eta ausartak entzuleak katigatzen ditu. Durangoko saioak izango dituen arreta puntuetako bat, zalantzarik gabe.

Saioa Alkaiza: Arrasateko saioa irabaztetik ez zen urruti ibili. Maila horri eusten saiatuko da, eta beretik ematen. Plaza ona tokatu zaio bertsotan gozatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.