Gorka Azkarate.
ANALISIA

Finalaren atariko une efimeroak

2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Bakarrik noa, bizitzan lehenengo aldiz, Txapelketa Nagusiko finala ikustera. Bakarrik eta kotxez, jasangarritasunaren aurkako hautua, inondik ere. Horretarako lizentzia eman diot neure buruari, planetak ulertuko du. Etzegarateko aldapako azken bihurgune itxiak atzean utzi berri ditut. Arnasa hartu du kotxearen motorrak, eta martxa luzeenera jauzi egin du automatikoki. Altsasu bertan dago dagoeneko, eta Sakanan sartu naiz konturatzerako. Errepidea patxadatsua da ondorengo kilometroetan, eta horrek burua martxan jartzen lagundu dit.

Garrantzi berezirik gabeko lana da Iruñean egin beharko dudana, hutsala kasik, jardunaldiaren dimentsioa eta izango duen oihartzuna kontuan harturik. Loa erabat nahasia izan dut azken egunotan, hala ere, gertakizun historiko bat bizitzera doala ondo dakielako, ziurrenik, nire subkontzienteko geruzaren batek. Gehienezko abiadura mugaren gainetik ari naiz gidatzen, ohi baino modu oldarkorragoan. Zergatik nago hain urduri? Irratia kendu eta musika jartzeko agindu diot ahots lakarrez kotxeari. Kotxearekin hizketan, nora garamatza teknologiak? Sistemak ez du eskaria ondo prozesatu lehenengoan. Eztarriko marranta garbitu eta bigarren ahaleginean, bai. Bachen kontrapuntua izan ohi da halakoetan nire aterpe. Sakontasuna behar dut, ordea, eta Raxmaninofen piano kontzertuetako bat lehenetsi dut: bigarrena, bere obra gorena. Lehenengo akordeek pixka bat lasaitu nautela iruditu zait, baina ameskeria izango da.

Finalean kantuan ariko diren bertsolariei Miren Mujikak egindako elkarrizketa pertsonalizatu eta mamitsuak argitaratu dira BERRIAn azken astean. Finalaren atarikoak aletu dituzte denek ere, euren aldarte eta sentipenen berri eman, asmoak iragarri... Ia aipatu ere ez da egin, ordea, hitz tabua: txapela. Inork irabazi nahiko ez balu bezala. Ñabardurekin, bistan da, baina denak dira hautagai. Maialen Lujanbio txapela defendatzen saiatuko da, eta gainerakoei dagokienez, orain arte egindako bidean erakutsi du bakoitzak zertarako gai den eta noraino iritsi daitekeen. Azken txanpara bizirik ailegatzekotan, ez dago bidean bertsorik alferrik galtzen uzterik. Une gogoangarri asko izango dira saioaren joanean, baina bat aukeratzekotan, buruz-burukoan ariko diren bi bertsolariak zortziko txikian ofiziotan jarri ohi direnekoa nabarmenduko nuke: milaka lagunen aurrean, auzo galdu bateko elkarte bateko bertso afarian ariko balira moduan. Hara hor bertsolaritzaren esentziara gerturatzeak sor dezakeen kontrastea.

Badakit gaur negar egingo dudala. Aurreko saioetan izan dut, tarteka, korapiloa eztarrian, eta gorritu zaizkit begiak behin baino gehiagotan. Gaur lanak izango ditut enbatari eusten. Bestela ere aski ez banu, gainera, Iñaki Murua igoko da txapeldunari txapela janztera. Murua eta bere ingurunea irudikatzea nire bizitzaren errepaso azkar bat egitearen moduko zerbait da. Beti presente modu batera edo bestera, beti inspiratzaile, iradokitzaile, beti eragile. Minutu batzuetako bidaia egingo dut denboraren tunelean barrena gabiriarra oholtzan agertzen denean.

Sakanak Iruñerriari eman dio paso Irurtzun pasatuta. Eremua zabalagoa da orain. Zuastiko ordainlekuan ez dago auto pilaketarik, goiz xamar noan seinale. Ezkabako gotorlekua bistaratu dut, Elomendi sortaldean, Erreniegako haize errotak hegoaldean. Piano kontzertua hirugarren eta azken mugimenduan murgildurik dago dagoeneko, su eta ke. Nafarroa Arenara eramango nauen irteera gainean dut. Jendearekin elkartzeko gogotsu nago. Gaurko bakardade une efimero honek eman diezaiola emozio kolektiboari paso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.