Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Faltsu boterea

2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Lan kognitibo delakoak ekarri gaitu egoera honetara. Azken aldiko gertakizunen ondoren, artista, intelektual eta ekintzaile izenekoak koloka bipolarrean gabiltza, errua nori bota asmatu ezinean. Izan daiteke norberaren errua, edota jendearena; errua norberarena ez besteena balitz, iragan imajinatu batean ataskatuta biziko litzateke norbanako atzerakoi kontserbadorea, egungo gizarte anitz eta konplexua onartzeko ezgai. Historiaren aro batetik besterako aldaketa irudikatzen duen unea genuke hortaz oraingoa, lan egiteko era batetik beste baterako trantsizio modukoa, eskulan industrialetik lan immaterialera doana, lan sortzailetik lan afektibora, eta horrela.

Gatazka berriak gerra kulturalaren forma hartua du, nolabait ulerterrazagoa zitzaigun klase borrokaren ondoan; edonon ikus ditzakegun ataka ekonomikoaren zantzuak ere kulturalizatuak dira jada, hizkuntzazko artikulazio prozesuen bidez. Edonolako keinuak kodetuak eta interpretatuak dira informaziozko anabasan. Hortik, neofaxismo garaikidearen eginahalak arrakastatsuak suertatu dira, hain zuzen ere kategoria sozioekonomikoez harago eraikitzen dituelako identifikazioak. Horren adibide dira komunikazio-ekintza, berri faltsuak, fabrikatutako eskandalu eta ankerki maneiatutako politika egungoak. Abangoardia ekintzailetik eratorritako genealogian kokatu ditu zenbait espekulatzailek halako joera makurrak.

Egungo ultraeskuin alternatiboaren hainbat gidari harrok ere asaldurarik gabe aldarrikatu du 60 eta 70 hamarkadetako kontrakultura eta abangoardia mugimenduen oinordekotza. Hartara, iraganeko matxinada haiek egungo klasearen ernamuin gisa lirateke sailkatuak, subjektu kolektibo iritsi berriaren komenientziazko aitzindari historiko balira bezala. Trikimailu mediatiko apurtzaileen denborazko aurrekari gisa, punk mugimendu zaharrari ere heldu izan dio hainbatek, adibidez.

Ausarki begiratuz, gaur egungo hiritar langabetua jar genezake sortzaile immaterial, artista edo komunikazio profesional baten parean —memeak asmatuz, berri faltsuak astinduz, iruzkinak idatziz, eta zeinuen gurutzada xaxatuz jarduten duen heinean bere denbora librean—. Itxuraz elkarrekiko uzkur diruditen ekintza eta mundu digitala batera joango lirateke horrela; eta etorkizuneko gertakizunen aurreikuspena estuki legoke lotuta unean uneko informazio prozesu eta kontrolaren gorakadarekin.

Ekintzailetasun digitala gutxietsia izan da, diziplina despolitizatua ei zelako, espazio birtualean errepresentazio bezala kokatzen zituelako sistemarentzat deseroso liratekeen emantzipazio posibleak, besteak beste. Garapen digitalak kapitalismoa egonkortzeko balio zuen, eta lehendik ezaguna zitzaigun etorkizun ikuspegia bere horretan ekoizteko, imajinazioa fikziora bideratuz. Egungo ekintzailetasun digitala gerora piztutako aktibismo borondatetsuaren ildoan kokatuko litzateke. Informazio gerra bere egitekotzat hartu zuen halako batean artistak.

Erretorika faltsuaren erabilera artistikoaren erroa gerra osteko zinema amerikarrean kokatu izan da. Hollywoodeko ekoizpen klasikoaren arauak hautsi zituen, narrazioan mugimendu faltsua txertatuz, eta faltsu boterea eraldaketarako baliatuz, eite berriak erdiesteko; halako erabilera behin-behinekoaren aitzakia zuritzailea helburu nobleak sustatzea omen zen. Ondoren etorri den bilakaera faltsuaren baitan legoke tentsio produktibo hori bera, simulakroaren parekoa, dagoeneko eredu original inolakoari obeditzen ez diona.

Horrela, aukera murriztaileen proiekzio etsigarri bilakatu da faltsu boterea, pribilegiatu ohien handitasun konponduaren ikuspegi ahuldua. Zenbait garapen historikoren linealitateak ez du jada atzera biderik, orainaren errealitatetik iragana atzemateko arrastoak ezabatu baititu. Eta, hala ere, imajinario historiko-ideologiko itxuraz jantzita datozkigu aurrerakuntzak, ezinbestean. Iraganetik eraikitako etorkizun posibleen hedadura murriztuz joango balitz bezala, edota bere bertsio birtualean etorkizuna garaiaren aurretik tolestu izan balitz bezala.

Konkistatutako imaginario sozial ugariren galera bizi dugu zalaparta globalean, hertsidura irentzaileen eraginez. Gauzak horrela, bestelako larrialdien bueltan, praktika artistikoen agentziari buruzko zalantzak datozkigu, langile kulturalen antolaketa eta kritikaren eraginkortasunari buruzkoak. Egoera berrian betikoa da afera, ez ote genukeen lan egiteko modua berrikusi behar, eta helburuak beste nonbaiten finkatu.

Kurioski, hainbat teoriazale marxistak zalantzan jarri du arteak errealitatean eragiteko lukeen gaitasuna, agentzia politiko eta sozial zuzen makalagatik edo, mesfidati, ekoizpen teoriko propioaz inolako kritika luzatzeko ezintasunaz nabarmenduz, aldi berean. Baina kontutan izan behar genuke jardun estetikoak ez duela zertan hartu bitarteko sozialaren formarik, edota ekintzarako biderik; artea ez litzateke eta halabeharrez gai, balizko gertakizunean baino, potentzilitatean kokatuz bere misioa, izatekotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.