Jokin Muñoz

Ezkiagaren ahotsak

2024ko abuztuaren 4a
05:05
Entzun

O poeta é um fingidor.
Finge tão completamente
Que chega a fingir que é dor
A dor que deveras sente.

Fernando Pessoa

Pessoak idatzia da —hala dirudi—, baina ez sinetsi dioena: itxura egiten ari da —é um fingidor—. Ez da bere ahotsa mintzo zaiguna, asmatu duen poetarena baizik. Vargas-Llosak argi esan zuen: «el narrador es siempre un personaje inventado, un ser de ficción». Baina beste nor —beste ni— izateko ez da preziso maskara-jokoan hastea, denborak egiten baitu lan hori: egilea zahartu ahala urruntzen da idatzitakotik, irakurlea —bizitzak ohi dakartzan higadura lanak eta desengainuak medio— gaztetan izan zen irakurle hartatik nola, inoiz egilearen beste ni diferente bat ezagutzeraino.

Ahotsa: poetarena. Irakurlea: Jokin Muñoz (1999). Zoroaren ezinbestea.
«…eta garren mihi ilunenetan/ murgildu besterik ez zaigu gelditzen,/ kontrolaezinak bizi baikaitu,/ uholdeak bizi duen bezala uharrea».
Ahotsa: Patxi Ezkiagarena. Irakurlea: gu (orain). Eginaren zuribidea.
«…eta garren mihi ilunenetan/ murgildu besterik ez zaigu gelditzen,/ kontrolaezinak bizi baikaitu,/ uholdeak bizi duen bezala uharrea».

Borgesek Pierre Menard, autor del Quijote narrazio gogoangarrian proposatu zuen jolas bihurrian gabiltza. Ikusi duzue: bere horretan utzita, koma bat ere aldatu gabe, testu bat pasa daiteke plazeren zoroa aldarrikatzetik arbuio erabatekoa eragitera.  

Ahotsa: poetarena. Irakurlea: Jokin Muñoz (1985). Desioaren magala.
«Itzala nereganatu nahi dut,/ bideko lurrean,/ espazioko zuhaitzetan/ nire hatzapar luzatuek/ uki eta fereka nahi luketen/ gaueko neskatxaren/ beso altxatuen/ antsia asezinean».
Ahotsa: Patxi Ezkiagarena. Irakurlea: gu (orain). Lerdetsuaren gordelekua.
«Itzala nereganatu nahi dut,/ bideko lurrean,/ espazioko zuhaitzetan/ nire hatzapar luzatuek/ uki eta fereka nahi luketen/ gaueko neskatxaren/ beso altxatuen/ antsia asezinean».

Denboraren joanak —Ezkiagak eginak— lohitu du poetaren ahotsa. Hala ere, gure garaiko moralismoaren eztenak jo lezake, baita ere, orain arte zauritu gabeko ahots bat edo beste, dela egilearena, dela horrek sortutako poetarena. Horra, kasurako, Bernard Etxepare, gure letren estraina. Bere askatasuna aldarrikatzeaz gainera —beaumontarra zen, traidore halakoa—, fedeari eta amodioari kantatu zien. Amodioari, batez ere. Ezinegona, ordea, Potaren galdazia izeneko poemaren ahotsak damaigu. Poema Oskorri taldeak Musuren galdatzea izenarekin egokitu eta musikatu zuen. Zaharrenok gogoratuko duzue: mutilak musu bat eskatu dio neskari. Honek ezetz dio —ez ezetz da!—, eta mutilak nahi duena egitera behartu du.

—Nik orain nahi dudana orain duzu egingo.
—Hain ene zer egingo dut!?
—Ez zara isilduko!

Poemak —kantuak— ez luke egungo galbahe morala pasako, baina, sinetsidazue gazteenok, konga moduan dantzatzen zen herriko jaietan, sigi-saga, etai lelo ribai leloo…

Ahotsa: poetarena. Irakurlea: Jokin Muñoz (1999). Kateen hautsia.
«Aszetikoen liburuak ireki ditut./ 'Horrelakoa baduk erlijioa/ ez dik mezpretzua baino askoz gehiago/ merezi', otu zait./ Munduko gauzarik ederrenaren/ beldur egiten baikaitu».
Ahotsa: Patxi Ezkiagarena. Irakurlea: gu (orain). Mamuaren esnaera.
«Aszetikoen liburuak ireki ditut./ 'Horrelakoa baduk erlijioa/ ez dik mezpretzua baino askoz gehiago/ merezi', otu zait./ Munduko gauzarik ederrenaren/ beldur egiten baikaitu».

Barthes-ek Le mort de l'auteur (1967) publikatu zuenean, egilearen ahotsa isildu zen. Jada ez zuen zentzurik obran haren arrastoa bilatzeak. Bestalde, Oscar Taccak Las voces de la novela (1973) saiakeran klabe nagusia eman zuen testuaren barruan autorearen ahotsa eta narratzailearena bereizteko. Salbu geunden harrezkero egileok. Salbu Ezkiaga?

Ahotsa: poetarena. Irakurlea: Jokin Muñoz (1985). Plazeren urruna.
«… ez dudala behar haina musu eman/ ez naizela behar haina laztandua izan./ Nire begi eta haragiak ez direla samurtu/ ez direla zirraratu, urratu, eta ez direla/ birigarro aseen antzera/ urrumatu».
Ahotsa: Patxi Ezkiagarena. Irakurlea: gu (orain). Etsiaren orroa.
«… ez dudala behar haina musu eman/ ez naizela behar haina laztandua izan./ Nire begi eta haragiak ez direla samurtu/ ez direla zirraratu, urratu, eta ez direla/ birigarro aseen antzera/ urrumatu».

Miranderen ahots poetikoak gorazarre egin zien putei, harreman lesbikoei, onanismoari eta biolentziari. Horraino, no problem. Baina: zer egin behar luke gaurko moralismoak Haur besoetakoa eleberriaren ahotsarekin. Isilarazi? Aita Lafittek argi zuen. Gabriel Arestik ez, ordea: «Eleberri hau gizarte intolerante baten kontrako aldarri desesperatu bat da (…) Obra hau, libertateari eskainitako kantu bat da; gezurra badirudi ere».

Horixe, gezurra badirudi ere…

Hondartzan daude gizona eta Theresa. Neskatoak odoletan dauka bagina gizonaren zakilak urratu eta gero.

«…eta gizonak, haren ondoan belaunikatuta, urraduraren mina musuka sendatu nahi ziolarik, berriz eta berriz berresaten zuen mozkorturik, eroturik: 'Orain elkarrekin izanen gaitun beti, elkarrentzat elkarrekin beti!', bere bihotzeko egarria haurraren odol berriaz hautsi arterainokoan...».

Ahotsa: poetarena. Irakurlea: Jokin Muñoz (1985). Pasioaren betea.
«Etxeko ate ezkutua/ zabaldu nizun eta/ zeure ataria ireki/ zenidan totelki/ haseran, bortizki/ berehalean/ arimako iturritik/ biok, maitea,/ edan genezan».  
Ahotsa: Patxi Ezkiagarena. Irakurlea: gu (orain). Piztiaren garroak.
«Etxeko ate ezkutua/ zabaldu nizun eta/ zeure ataria ireki/ zenidan totelki/ haseran, bortizki/ berehalean/ arimako iturritik/ biok, maitea,/ edan genezan».  

Barthesek egilea hiltzea proposatu zuen —Le mort de l'auteur—. Guk Ezkiaga akabatu dugu, ederki akabatu ere.
Kontua da zer egin behar genukeen poetaren ahotsarekin.

«Oker nengoen.
Inor ez da hiltzen sexu ezagatik.
Amodio ezak akabatzen gaitu».
Patxi Ezkiaga. 1993. 2024

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.