Abereen izenak edo pertsonen ezizenak ez ziren bakarrik Zuri, Bizkor edo Zigor, Kapur eta halakoak. Mutikoa Ulises zen, maisuak behin, umetan, Eliseo esan beharrean, Ulises deitu ziolako. Eta huraxe gustatu denei. Bere amak ere esan zuen: «Denek Ulises badiote, etxean ez gaituk hasiko diferente egiten». Mutikoa gero seminariora joan zen. Irakasle batek Homero aipatu zuen, eta berak hots egin zuen: «Ezagutzen dut!». Irakaslea harritu zen, mutikoak azaldu zuenean bere aitatxik bazuela ahari bat, Homero zeritzona. Behi bat ere bai, Goldameir. «Geldi, Golda, geldi!». Eta aker bat, Newton. «Gaur Newton ez zabilek gustura. Txokolatea nahi dik», esan zuen osaba Trifonek. Mutikoa saiatu zen txokolatea jiratzen, eta bai jan ere aker demonioak!
Kalkuta behorra azoka guztietan ezaguna zen, karrotxo bati lotua beti, eta izeba Urianak bazuen untxi bat, Pandora deitzen ziona. Eta Marconi. Buf! Makera izugarri bat, jan eta lo, eta umeak munduratu baizik egiten ez zuena. «Gure Marconik apropos egin dik!», haserretu zen amatxi. «Erroak dituen baino txerrikume bat gutxiago. Nahi al duk erro hori heuk edoski, Ulises?». Amatxik bazekien Marconi makerak beldur handia ematen ziola mutikoari. Eta askoz handiagoa Platon apoak. «Amatxi! Platonek aska zati bat jan du!».
Beste aldeko amatxik bazuen indioilar bat, Einstein deitzen ziona. Oilanda ekarri zuen, eta handitzean, bilobek esan zioten: «Baina, amatxi! Oilo horrek kakara itsusia dauka!». Eta amatxik: «Ikasiko du besteen artean». Ez zuen ikasten, eta itxura ere geroz bitxiagoa hartzen ari baitzen, Eistein jarri zion izena. Aitatxik, berriz, basurdekume bat bizirik harrapatu zuen, ume guztien pozerako. Kafka zela esan zuen, eta piztiatxo hura ikusita, izen aproposa iruditu zitzaien denei. Basurdea oso ondo konpontzen zen Frida ahuntzarekin.
PASCALEN IRRIBARRETIK
Ezizen ozenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu