Harritu xamar begiratzen diot telebistari. Onartuko dut espektatiba handirik gabe begiratzen diodala, baina egun batean eta bertzean gauza bera entzuteak halako harridura eta, zergatik ez, beldur moduko bat ere sortzen dit. Hilabeteak dira arreta guztia jarrita ere ez diodala Mariano Raxoiri hitzik ere ulertzen. Ez erabiltzen duen hizkuntza menperatzen ez dudalako. Ez erabiltzen duen hiztegia ulertzen ez dudalako. Ezta aipatzen dituen gaiak arrotzak zaizkidalako ere. Errango nuke ez diodala ulertzen berak ez duelako nahi. Ez duelako inork ulertzerik nahi. Hauteskundeak irabazi aurretik bere artearen pista nahiko eman bazuen ere, Espainiako erreinuko presidente denez geroztik bere teknika perfekzio maila beldurgarri batera eraman du. Raxoik badaki mundu mailako agintarien bilera bat egin, edo Europako Banku Zentralari milaka milioika euroko erreskatea eskatu eta protokoloak eskatzen duen prentsaurrekoa egiten, ezertxo ere erran gabe. Nahikoa lan du presidente ahotsa jartzearekin. Presidente itxura egitearekin.
Gizarte primitiboetan inork ez du galdetzen «nor da zuen buruzagia?», «nor mintzatzen da?» baizik. Buruzagiek komunitate osoari publikoki hitz egiteko eskubidea izan ohi dute. Baina anitzetan, ez zaie ulertu ere egiten. Ez dute beren jarioa inork ulertzeko beharrik. Laguntzaile batek betetzen du bizilagunei haren erranak ulertzera emateko lana. Hark egiten ditu itzultzaile lanak, hark eraikitzen du herritarrek ulertzeko moduko mezua. Tribuko buruzagiarentzat garrantzitsuenak ez baitira hitzak. Harentzat garrantzitsuena ahotsa da. Agintariak ahotsaren jabe dela erakutsi behar du etengabe. Ezer errateko ez bada ere. Alferrik erabiltzeko baldin bada ere.
Charles Chaplinek, bere lehen film soinudunean, Diktadore handia-n, Hitlerren imitazio gogoangarria egin zuen. Baina führer-aren hitzak erabili beharrean, haren ahotsa, haren solasteko modua imitatu zuen, aldi berean ezer eta dena erranez. Eta etorkizunerako mezutxo bat oparitu zigun.
Bi ahotsetara
Ezer ez errateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu