Lagunei jaten ematea izan daiteke miserikordiazko lana, izan daiteke lana besterik gabe edo izan daiteke artea. Eta eskuzabaltasun ariketa bat da atondutako otordu bakoitzean dakian guztia –maite duana eta gorroto duana– erakustea, ulertzen duana eta ez duana (ulertuko bahu bezala) azaltzea. Eskuzabaltasun benetakoa, ez harako beste haiena bezalakoa, eskuzabalak baitira esku barrua hutsik dutenean. Ez diat ahanzturan erortzen uzteko mahai jira haietako bakar bat ere, lagun.
Nahi nikek hik jakitea –eta joan haiz jakin gabe–, izan genituen eztabaidetan, liluraz gogoratzen dudala eztabaidarik ñimiñoena, hutsalen hura bera ere, hi beti hire diskurtso ordenatu «madarikatu» horrekin, hain konbentzigarria, hain elegantea, hain mingarria ere bai ez gutxitan, hain dialektikoki perfektua –aurrekaritarako ere ez erabiltzekotan esango diat, adiskide–, hain arrazoibidezkoa. Ez dago hiltzea bezalakorik eta abar…, esango duk displizente (axolagabe, arduragabe, gogogabe, kontentagaitz… «Zuena bada ba hizkuntza gero!»).
90eko urteetan hasita, hogei urtez eman hidan hiri baten eta eskualde baten begi-bihotz erakutsia. Irun, Hendaia, Hondarribia. Eta hiriko eta eskualde hartako lagun eta adiskideen oparia jasoz joan ninduan tantaka eta ia ohartu ere egin gabe, egunero. Gaur konturatu nauk hire katalanzaletasunaz batera txopera bakoitzarekin ari hintzela hik gehien maite huena dohainik ematen.
Eta gaurko egunera iritsi gaituk, amigo. «Ez huen askorik usteko», sentitzen haut esaten sardoniko (maltzur?, zuri?, gaizto?).
Gaur doluz duk hitza gurean. Hitza, edozein hizkuntzatan; mina ezin itzulizkoa baita. Bera, guztietan. Demokratikoa. Mina. Beti hor, gure saihetsetik ezin uxaturik gabiltzala. Errespetu handia hion hitzari, anaia, hitz doiari, hitzen konbinazio eta sintaxi garbiari. Esan nahi dena argi eta egoki esatea huen konpromisoa, euskaraz eta gaztelaniaz; literatur konpromisoa, inon bada bat; konpromiso etikoa, etika baita argitasuna. Ikasle saiatutik ez ninduan pasatu Istillagako eskola maitagarri hartan.
Res no es mesqui, Jorge, ordu latzik ez da, ez da orobat ilun gauaren mentura… Ezer ez da zeken, amic meu, nola izango da ba zeken adiskideei jaten emateaz artea egin zuen lagunaren jarrera.
Suertea opa diat, komandante, orain hasi duan gauaren menturan barrenako ibilbidean.
T'estimo, maite haut ez esateagatik (euskalduna nauk oraindik ere). Eskumuinak Cortazarri eta Salvat-Papasseiti, eta hasi mahaia plantatzen, presarik gabe baina, ondo dakik berandu iritsiko naizela.