begona del teso
IRITZIA

(Ez) Ohiko susmagarrien akelarrea

2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Hilbetza. Seigarrenez mundua existitzen denetik. (H)ilbeltza. Mundua existitu aurretik existitzen ziren bazterretan: Elizondon. Amaiurren. Arizkunen. Bozaten. Erratzun. Erratzuko kanposantuan. Bertan da, bere azken pausen, euskaraz idatzi eta argitaratu zen Hamabost egun Urgainen lehendabiziko nobela beltzaren egilea, Jose Antonio Loidi.

(H)ilbeltza, euskaraz amestu, euskaraz burutu, euskarazkontatu, euskaraz partekatu, euskaraz izkiriatu, euskaraz leitu eta euskaraz eskura dauden krimen (ia) guztien berri ematen duen literaturaren (ahozkoa, idatzitakoa, irudikatutakoa) eta zinemaren bilera, bilkura, elkarretaratze, asanblada (baztandarren eta ez- baztandar zirenen batzarra), mendi itzulia, gaueko dantza, bazkalosteko berbeta. Baztanen.

(H)ilbeltza. Seigarrenez. Hiltzaile, ikertzaile, idazle, zale, sortzaile, aktore, gidoigile, zinemagile, ikusle, friki, irakurle, hitz-letra-irudi-ontzi hamaikaren bilkura. Kalez kale, tabernaz taberna, ostatuz ostatu.

(H)ilbetza. 2020koa. Ben Barkaren gorpuzkiak Iturenen ote? Bereterretxeren kanthoria. Begoña Durrutyren marrazki espresionista/minimalistak. Irakurri beharrekoak izan arren, irakurtezinak diren Pynchonen nobelatzarrak. Bertsolari Txapelketa 1967koan Jauregik (Bautistak) botatako bertsoak Frantziara iritsi nahi izan zuen portugaldar baten sufrikarioaz. Itxaro Borda, Xalbador aipatuz Baztan solasean gidaliburua (edo) erabili zen txango batean, non, Zarauzko mendigoizale fin, dotore, arropa teknikoaz jantzita zihoazen batzuen harridura eta terrorerako, gorpu bat aurkitu zen landan.

Joannes de Bargota izena duen ardoarekin eginiko hamaika topa, Krimenak lotzen gaitu lelopean. Patricia gogoan, Highsmith eskuetan, haren The Blunderer euskarara ekarri baitu Josu Barambonesek, Txalapartak plazaratu eta Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko (H)ilbeltzaren II. Beka irabaztea egokitu zitzaiolako.

(H)ilbeltza. Seigarrenez. Tarantinok irakurtzen ba ote daki? Eta baldin eta jakin, zer irakurtzen du? Shakespeare? Edward Bunker? Elmore Leonard...?

(H)ilbeltza. Seigarrenez. Lainopean argitzen bazuen ere, eguraldi kasik tropikalean murgilduriko Baztan batean, izarrak eta mamu alaiak testigu, zelatan. (H)ilbeltza. Krimenak lotzen gaitu. Betidanik. Betirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.