Nagore Amondarain.
Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 4. Graduondokoa

Ez izatearen ajeak

2013ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Esango nuke Lorea Agirrek beren beregi muntatu zuela aurkezpeneko diapositiba modu honetan: Marxen aipu bat ekarri zigun, «kulturak espazio propioa izateko eskubidea ez ezik, premia ere badu» Agiñako argazki baten gainean paratua. Oteizak Aita Donostiari eskainiriko Agiñako monumentuaren argazkia sakonean eta Mikel Laboaren errautsak haizatu zireneko lekua eta izpiritua denon barrenean.

Kultur politikek hizkuntzazko bereizketa behar duten, hizkuntza bat-kultura bat, euskarak eta euskal kulturak gune hegemonikoak behar dituen edo euskal kultura euskarazkoa bakarrik den zalantzei erantzunez jarri gintuen Loreak. «Hizkuntza hegemonikoetan horrelako galderek ez dute lekurik» dio berak. Joxe Azurmendiren aipuak ere asko izan ziren bere hitzaldian; «kultur minorizatuak herri minorizatu batean soilik ematen dira». Botereak esaten du normalean zer garen baina momentu batean azpikoak hasten dira euren burua definitzen eta horretarakoespazioak, sistema propioak, eraikitzen. «Eta komunitate horretan nortzuk daude? Ba euskaldunak, euskara da komunitatea». Euskarazko kultur kontsumoari buruz egin zen ikerketa batean, bakarrean, euskal kultura gehien Gipuzkoan kontsumitzen zela eman zuten datuek, euskaldun gehiago dagoen lekuan. Baina proportzionalki Gasteizen ematen zen kontsumorik handiena, euskaldun kontzientziadunen, euskararen etorkizunarekin kezka dutenen, kontzentrazio handiagoa dagoen lekuan beraz. Euskaldun asko eta euskaltzale gutxi dauden eremuak ere badaudela diosku, hortik beraz, jarrera, kezka eta kontzientziak duten garrantzia.

«Ikastola eta eskoletan zelako ezagutza erreproduzitzen den aztertzea ere interesgarria litzateke» dio Agirrek, «kultura erreferenteak oinarrizko hezkuntza curriculumean» Begoña Bilbaoren lana aipatuz. Eskolak bermatzen du euskal kulturaren transmisioa? Hizkuntza da muina baina ez da soilik hizkuntza transmititzea gure zeregina, berorren aldeko jarrera transmititzea da beharrezko. Euskara biziberritzea gizartea eraldatzeko modu bat izan baitaiteke.

Euskara erdigunean jartzen duen sortzaileak badaki eragile eta sustatzaile izan behar duela. Transmisio bideak antolatu behar ditu, merkaturatze sistema propioak antolatu, administrazioaren elkarlana behar du… Euskal sorkuntzaren agertoki unibertsal iraunkor bat sortzea, prestigio handiko proiektu kultural eta arkitektoniko batean zuten burua Sorguneak ikertegikoek, 2008tik 2011ra Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eginiko ikerketan. Agirrek esan moduan «Aldundiari eginiko probokazio bat zen, ez zioten heldu, ez zuten amua harrapatu baina guk bota egin genuen…Tabakalera euskal kulturaren eskuetan uztea». Hauexek beraz, gu izatearen albo-kalteak eta ez izatearen ajeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.