Nola esplikatu uneoroko irudi pilaketa joera egungoa, argazkilaritza tradizioaren ikuspegitik?
Bada aitortzen duenik XX. mendean zeharreko irudizko artea behatzeko moduek —hala nola dialektika, psikoanalisia edota fenomenologia— jada ez digutela balio egungo irudi eraikuntzaren teoria estetiko gisa. Izan ere, argazkilaritzaren teoriak sortua zuen bere antitesia, eta gerta liteke hau ere ez-gai bihurtu izana egungo iragankortasuna aztertzeko.
Ez-fotografia (edo non-photography, edo post-photography) ideiaz ari garenean, argazki negatibo gainpilatuak, antzeko diren klixe sorta zarpailak, edota jada markoa ipini beharrik ez duten ikusmirak datozkigu burura. Esan liteke gaur egungo sare sozial eta aplikazio argazki joeren anabasak antzeko izaera hutsala duela. Sortutako argazki kopurua kontaezina da ea noiztik, edozein leku eta denborak izango luke jasoa bere irudizko erregistroa eta, era beran, behin igarota, inon ez daitezke kokatu, ez inoizko denboran. Ez-fotografia ideiarekiko antzekotasuna lagungarri izan dakiguke, baina ez zaigu nahikoa gailu berriengana hurbiltzean, hauek duten ekoizpen eta antolamendu ahalmen autonomoa dela eta.
Egungo irudi erabilera popularren muina ez litzateke teknologikoa, eta ez du horrexegatik argazkilaritza diziplinaren aintzarik jaso. Zama historikoa gainean daraman ildoak, argazkilaritzaren nozioa munduaren bikoitz gisa zelebratu izan du, humanitate filosofiaren tradizioan. Irudigintzak filosofiarekiko izan duen erlazio historikoa handiesteak, eta helburu transzendenteen baitan zamatzeak sortu izan du argazkilaritza askiaren fedea. Hortik, argazki makina gisa eskuko gailu berriei darien ezgaitasun metafisikoak, ezereztatu egiten du medioa beraren transzendentzia ustezkoa, eta hustu egiten du gauzen eta ikuspegien esangura. Sareko irudigintza ez genuke errekonozituko munduaren irudiarekiko argazki aniztasuna sortzen duen makinaren antzera, baizik eta argazki irudi, genero eta estilo guztiak berdintzen dituen sistema modura, entitate orokor soil batean.
Gailuak, irudi bat eta bestea antzeman besterik ez du egiten, hortxe dugu argazkilaritzaren esentzia bera. Mundu ikusgarriarekiko erlazioan, bizitza esplikatu nahi duten argazkien pretentsioa zapuzten du, giza-unibertsaltasunarekiko aldarriak saihestuz. Horrela, fotografiaren teoria abstraktu erradikala iradokiko luke, berez, irudigintza ez-mundutarra eta ez-adimentsua, nolabait.
Edonola ere, ez-fotografia delakoaren adibideak jartzeko ez dugu ohiko argazkilari eta filosofoen lana birrindu beharrik. Sare sozialetako argazkilaritzaren gorako bolada automatikoki ari da ezartzen bestela entsegu eta argudio gehiegi hartuko lituzkeen argazkilaritza ofizialaren praktikarekiko bide ezberdina.
Argazki aplikazioek erabiltzaileak biltzen dituzte, haien irudiak eta lagunak, sailkapen, kokapen eta kategorien, lekuen, traolen arabera. Osagaien logika eta erlazioak sinplifikatuz, zerrenda eta taulazko taldeak eratuz doaz. Lege zaharreko irudi-balioarekiko ez lirateke premiazkoak irudi distribuzio berriak, horrek ekarriko luke ezaugarri eraldatzaileez ez ohartzea. Hala, uler daiteke, ohiko argazkilaritzaren porrot zantzuaren zergatia, egotziak zaizkion obligazio filosofikoen lorpenean, bere izate digitalarekin talka egin duenean.
Pentsamendu mota honen euskarriak argazkilaritza klasikoa eta eratorritako prozedura digitalen arteko bereizte faltsuaz ohartarazi gaitzake. Filosofia, fotografia eta eremu digitalaren mekanismoak antzera gidatzen badira, dagoeneko urrunduak dira irudiaren eraketarekiko loturan. Urruntze horren ondorioz, arte zein zientzia jardunaren bitarteko gisa begia eta eskua tresna zaharkitu gisa alboratuko bagenitu, ondorioztatu genezake argazkia jatorritik izan dela digitala, informaziozko eraikuntza delako bere muinean.
Esan liteke oinarri kimikodun argazkilaritzak ez zuela aurreikusi bere luzapen digitalaren iritsiera, munduarekiko banatutako begirada automatizatuko sistema gisako funtzionamendua. Argazkilaritzak arrakasta izan zuen filosofia estandarraren logika hedatzerakoan, munduaren faksimile bat bezala errepresentatuz pentsamendua bera. Deuseztatu dira halako dogmak, eskuko teknologien eraginpean.
Tresna berrien funtzio malgutasunak kameraren fisikotasuna abstraitu egiten du, hizkuntza elektronikora itzuliz, pixelatutako azalera zapal bat, bere horretan. Fotografia matematikara itzultzen du erabiltzailearen eskuetara, irudiaren esangura sinbolikoa kolokan jarriz, eta, aldiz, erreferentzia eta testuinguruak nabarmenduz. Argazkiak ateratzea, ez litzateke jada kamera eskuan hartu eta munduari hurbiltzearen ekintza, prozesu soil eta autonomoa baizik. Argazkia atera baino lehen, erabiltzaileek atentzioa birbideratu behar dute mundutik at, eta berezko logikak dituen dimentsio batean barneratu irudimena.
Argazkiak ez luke bere zentzua ezagutza edota adimen bisual formaren barnean izango, ez eta ere afektuzko trazarik edukiko. Funtsean, zentzurik gabea litzateke argazkilaritza, gauza aspergarria eta etsigarria; aldiz, posible eta benetako egiten duena ia erabateko desengainua dakarren inotzentzia. Fotografiaren baldintza traszendentalarekin tematzen direnentzat arrunta emango du irudi berriak. Edonola ere, ahalmen hori ez litzateke medioaren berezko ezaugarria, baizik eta irudi askiaren kontzeptuaren izenean aldarrikatutako balioa, medioari halabeharrez erantsia.
LAUHAZKA
Ez-fotografia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu