jokin azpiazu
Lauhazka

Ez egin ihes algoritmoari

2024ko maiatzaren 19a
05:15
Entzun

Ez daukat ahazteko duela urte asko, abenduaren lehena hiesaren aurkako eguna besterik ez zenean (gerora Mikel Laboak bigarren marka bat gehitu zion egutegiari laukitxo horretan), ekimena egin zela Ermuko plazan, eta eragile ugari agertokira igo eta testu labur bat edo esaldi bat irakurri genuela. Dantza taldekook esaldi labur bat irakurri genuen eta jendearen aurpegiak ikustekoak izan ziren: «GIBak ez du errurik, birus bat besterik ez da». Bazegoen jakituriarik esaldi horretan, zerbaitek esaten zigun hiesaren aurka egotea gauza nahiko zentzugabea zela, GIBak ez zuelako hausnarketarako gaitasunik eta, ondorioz, bere kontra esandako guztiaz ez zela ohartu ere egingo. Zentzuduna zen, noski, gaixotasun horren kudeaketa egin behar zutenek nahikoa egiten ez zutela salatzea, instituzioen edo farmazia-erakundeen utzikeriaren kontra egotea. Haiek, behintzat, entzun zezaketen esaten genuena.

Duela gutxixeago Radio3 irratian entzun nuen, anuntzio batean, algoritmoari ihes egiten laguntzen zuela irratiak. Ziotenez, irizpide propioz programatzen dute musika, ez Spotify maltzur horrek bezala, algoritmoari men eginez. Zaila egin zitzaidan ez pentsatzea: «Algoritmoak ez du errurik, operazio matematiko bat besterik ez da». Egiten duen analisia azalekoa egin arren, gustatu zitzaidan Weapons of math destruction (Armas de destrucción matemática izenburuarekin gaztelaniaz argitaratua) liburuan Cathy O’Neilek bere kontakizuna ideia horretatik abiatu izana. Algoritmoak eredu matematikoak direla dio, eta gizakiok egunero erabili eta programatzen ditugula, gehienetan inon idatzi gabe. Adibidez, poltsikoan X diru baino gutxiago geratzen denean, erabilitako garraio modua Ytik Zra aldatzen da. Liburuan dio algoritmoen gaineko kontrol demokratikoa ezartzea ezinbestekoa dela, gardentasunean eta parte-hartzean oinarrituz, ziurtatu nahi bada, bederen, tresna hori ez dela herritarren gehiengoaren kontra erabiliko.

Esango nuke ez gaudela, ez, algoritmoaren menpe, ez badiogu bederen gustua hartu gure bizitzako arazoak mamuek sortzen dituzten ideiari. Ni behintzat urduri jartzen nau. Izan ere, zer egin daiteke mamuen kontra? Hiesaren kontra? Algoritmoaren kontra? Deus gutxi.

Ohar bedi algoritmo singularrari buruz baino algoritmoez ari dela O’Neil, eta hori bada jada abiapuntu bat. Izan ere, azken garaiotan algoritmoak, singularrean, mamu itxura hartu du, eta ezinbestekoa da izara zuriaren azpian zer dagoen ikustea. Zilegi al da irrati kate batek bere burua eskaintzea «algoritmotik ateratzeko tresna» gisara ala adarra jotzen ari zaizkigu? Esango nuke ez gaudela, ez, algoritmoaren menpe, ez badiogu bederen gustua hartu gure bizitzako arazoak mamuek sortzen dituzten ideiari. Ni behintzat urduri jartzen nau. Izan ere, zer egin daiteke mamuen kontra? Hiesaren kontra? Algoritmoaren kontra? Deus gutxi.

Gaur-gaurkoz norbaitek programatu behar ditu eredu horiek, alegia, norbaitek erabaki behar du zeri emango dion ereduak garrantzia, zein erantzun emango zaion gertaera bati edo besteari edo zein ondorio izango dituen aldagai baten edo bestean behatzen diren aldaketek. Erabaki horiek nonbaiten hartu dira, eta nonbait hori, ziur aski, gure etxeak baino handiagoa den bulego bat da. Demagun, Daniel Ek Spotifyren jabe nagusietakoa da eta, datu kurioso gisara, konta nezake 2021ean Arsenal futbol taldea erosten saiatu zela, 1,8 bilioi dolarretako eskaintza eginez. Pertsona horrek eta bere gustukoek hartzen dituzte erabakiak, ez algoritmoak. Berak erabaki zuen plataformak abestirik entzunenak sarituko zituela. Alegia, abesti bat 1.000 aldiz entzuna izan bada eta talde beraren beste abesti bat 500 aldiz, aplikazioak lehena eskainiko digula lehentasunez eta, beraz, abesti horrek entzule gehiago izango dituela eta, ondorioz, entzule are gehiago lortzeko aukera gehiago. Ez da kasualitatea Ek-ek neoliberalismo digital gupidagabea programatzen emandako bere lehen pausuak Googlen eman izana, izan ere, bilaketa motorrak eskaintzen dizkigun emaitzak ere horrela antolatzen dira. Horregatik da errazagoa talde baten Instagrameko profila aurkitzea Googlen bere web orri ofiziala baino. Ezin gomendatu gabe utzi Luci e Ombre di Google (El lado oscuro de Google) liburua, zaharra izan arren oso azalpen egokiak ematen dituena.

Abiapuntuko desabantaila horri aurre egin eta abestiak hasieratik 5.000 entzule izan ditzala lortzeko, badago ordaintzea. Gure mundu digitalizatuetatik urrun, norbaitek Click Farm deitzen duten leku horietako batean hamar orduko lanaldia egingo du miseriaren truke soslai faltsuak sortu eta zure taldea jarraitzen. Azken urteotan garatu diren esplotazio modu berri horietaz ari da, besteak beste, Katakrakek gaztelaniaz argitaratutako Cuerpos, Pantallas, Precariedad liburua.

Baina hau dena ez da arazo, auskalo zer ikuspegi humanistaren ondorioz pentsatzen dugulako algoritmoak egin duela kaltea eta benetako arazoa gure gizatasunaren galera dela. Ene, humanitatea nora doan. Baina modeloek maiz paradoxaren bat ezkutatzen dute, eta hemen nire gaurkoa: algoritmoa ez da humanoa baina ez dut gorroto; aldiz, algoritmoak programatzen dituztenak humanoak dira, eta horiek bai, gorroto ditut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.