Oihane Zuberoa Garmendia
Lauhazka

Ez dut erromantizatu nahi

2025eko otsailaren 16a
04:00
Entzun

Badira hilabete batzuk zutabeak idazten hasi nintzela, eta gaurkoan nahiko hasieratik izan dudan sentsazio bati heldu nahi diot. Gertatzen zait behin zutabea amaitu eta bidali dudanean euli bat sentitzen dudala belarri atzean, esaten didana idatzi dudanaren kontrakoa ere defendatu nezakeela. Agintzen dit euli temati horrek irekitzeko berriz ordenagailua, eta idatz dezadan kontrazutabe bat. Eta momentu batzuetan pixka bat sofista sentitzen naiz, iritzi finkorik gabeko hitzontzia.

Hil honetako gaia prestatzen hasi naizela, euli bera dabilkit inguruan, zunburrunka. Izenburuak ematen du pista: erromantizazioaz mintzatu nahi dut. Noiztik erromantizatzen dugu? Zergatik, eta zertarako? Oraindik ere euskarazko eta gaztelaniazko hiztegietan jasota ez badator ere, Cambrigeko hiztegiak hala definitzen du: «Zerbaiti buruz hitz egitea, benetan den baino hobea dela irudikatzea, edo zerbait benetan den baino hobea dela sinestea».

Sortzaileen bizitza erromantizatzearena kontu zaharra da. Ane Labakari irakurri genion Durangoko azokaren harira egin zioten elkarrizketan: «Sarritan sortzailearen loezina idealizatu egiten da»; Maite Gurrutxaga ilustratzaileak, bere aldetik, hau zioen beste batean: «Oso erromantizatuta dago [artistaren lana], eta hori ere puskatu behar da». Bi testigantza hauek irakurrita La bohème abestia datorkit burura, Pariseko artista bohemioez mintzo dena: goseak zeuden, pobreak ziren, baina ai, ze garai ederrak! Izan ere, bohemioa izatea guaia den zerbait da gure iruditerian, Aznavourrek dixit, baina nago halako erromantizazioek prekaritatea maskaratzeko balio dutela.

Ez dugu soilik artistaren bizitza erromantizatzen; landa eremua erromantizatzen dugu, Euskal Herria eta euskara erromantizatu ditugu, iragana erromantizatzen da, bikote harremanak, buru gaixotasunak dituzten emakume sortzaileak, oporretan goazenean bertakoen bizimodu xaloa —normalean gure bizimodua baino prekarioagoa izan ohi dena—, amatasuna, zaintza, editorearen, esatarien edo kazetarien lana… Zein da zuk, irakurle, gehien sinetsi duzun erromantizazioa?

Gauza gutxik egiten diote ihes erromantizazioei: bilatzen jarraitu eta ikusi dut Maixa Utrera Puellesen adierazpen hau: «Bakardadea erromantizatu egin du indibidualismoak». Bere aldetik, Mikel Cazenavek hala dio zapatagintzaz: «Uste dut lanbidea gehiegi erromantizatu dela. Batzuetan gauza matematikoak dira soilik, pauso finko batzuekin, eta ez da jendeak uste duen bezain ederra». Adibideak gehiago dira, baina erabilera ia guztiek bide beretik jotzen dute: erromantizatzea zerbait kaltegarria da, min egiten diona errealitate hori bizi duenari. Ematen du kasik nahi gabe egiten dugun zerbait dela, eta bistan da, errealitatea desitxuratzen duenez gero, egiatik aldentzen gaituela. Automatismo kaltegarria litzateke, zentzu horretan. Eta bai, egiatik gertu egon nahi dugu, parez pare eduki, hura mingarria bada ere. Erromantizazioa, zentzu horretan, alienazio mota bat dela ere esan dezakegu: errealitatearen tokian beste zerbait, alien bat ikusten dugu. Engainuzkoa da, eta beraz, arbuiatu beharrekoa. Monte Igeldoko atrakzio parkean zeuden ispilu horietako baten gisakoa: errealitatea handitu, txikitu edo borobildu egiten duena.

Erromantizazioa distantzia kontu bat ere bada: errealitate bat gertutik ezagutzen dugunean zailagoa da huraxe erromantizatzea: erpin guztiak gertuegi eta presenteegi daude huraxe desitxuratzeko.

Irati Zubiari galdetu diot ea berak nola ikusten duen asuntoa, nori eta egiari eta egiaosteari buruz ikertzen ari den lagun bati, ze bere zutabeetan —Oihana Aranaren zutabeetan bezala— erromantizazioaren argi eta ilunak sarritan aipatu ditu-eta. Eta aii erromantikoak... bastante praktikatu dut nik gauzak erromantizatzearena, superbibentzia mekanismo bezala, bota dit.

Eta nago pista bat ematen digula Iratik esaten digun honek, alegia, erromantizatzeak badituela arriskuak, baina onurak ere bai. [Hemen eulia, berriz ere zunburrunka, orain arte esan dudanaren aurka argudiatzeko eskatuz]. Izan ere, askotan komenida egia pittin bat apaintzea dakarren laztasuna goxatzeko, geure buruari engainua egin behar izatea gogorra den zerbaiti aurre egiteko. Beharbada landa eremua modu batean bai erromantizatu behar da, artisau lana, hizkuntza gutxituak, idazle lana, zeren eta spoiler— saiatuko da esku ikusezinen bat erromantiza ditzagun hizkuntza handiak, lanbide erosoak, statu quo-a.

Ez dut erromantizatu nahi hasi naiz idazten. Euli tematiak dio, ordea: Erromantizatu dezagun. Irakurlearen esku noren alde jarri gaur.

Edward Hopperren 'Morning Sun' margolana. EDWARD HOPPER
Edward Hopperren 'Goiz eguzkia' margolana. EDWARD HOPPER
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.