begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Ez dudala ikusi nahi!

2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Federico Garcia Lorcak Ignacio Sanchez Mejias Sevillako torero, intelektual ezkertiar eta Betis futbol taldearen zale hari eskaini zion hil kantan, behin eta berriz dio ez duela ikusi nahi. Odola. Ez duela ikusi nahi Ignacioren odola. Hondarrean. Espainiako Ciudad Realeko Manzanares herriko plazan. Ez duela ikusi nahi. Ignacioren odola. Manzanaresko plazan. Granadino izeneko zezenak sartu zion adarra izterrean idazle fina eta 27ko belaunaldiko poeta guztien laguna izan zen horri. Kantatu egin zuen Federicok Ignacio plaza hartako harmailetan gora joan zela, herioa bizkarrean zeramala. Oihu egin zuen Granadakoak: «Ez dudala ikusi nahi!». New Yorken izandako poetak zioen toreroa argi-urratzearen bila joana zela. Eta ez zuela aurkitu. Berriro egin zuen orro geroxeago gaizkile alaen horiek fusilatuko zuten mitoak: «Ez dudala ikusi nahi!». Ignacioren odola. Baita erregutu ere: «Ez esan niri ikusi behar dudala! Ez dut sentitu nahi gero eta indar gutxiagoz darion txirrioa...».

Hantustez gainezkakoa irudituko zaizue konparazioa, badakit, baina Clint Eastwooden Cry Macho ikusten ari nintzela Federicoren «Ez dudala ikusi nahi!» ulu hori etorri zitzaidan burura.

Ez dut nik ikusi nahi maitatu izan ditudan horien maiestaterik gabeko gainbehera. Gainbehera tristea. Dotorezia gabeko gainbehera. Egiari zor, dekadentziak ez du zertan miserablea izan beharrik. Zinemak erakutsi/irakatsi digu maiz eta ederki asko nola ekin hondamendirako bideari. Urguilu handiz. Arrandia ederrez.

Gogoan eta begietan izan dut nik urteetan eta irudietan zehar Billy Wilderren Sunset Boulevard-en Gloria Swansonek jaurtitako esaldi bat. Dakizuen bezala, zinema mutua zela, izar handi-handia izandako Norma Desmondena egiten du Gloriak, bere buruari burlatan, bere buruarekin jolas maltzurrean.

Inor gutxik du gogoan. Inor gutxi akordatzen da berarekin. Baina berak, Normak, ez du penarik. Dekadentzia propioa ezin hobeki gobernatu zuen Eric von Stroheimek antzezturiko zerbitzari leial baten babespean bizi da, bere oroitzapenen eta ospe zimelduaren baitan; existitzen ez den mundu bateko erregina moduan. Eszena batean, Norma eskaileretan dagoela (dakizuen bezala izar handia izan behar duzu eskailerak elegante-elegante, duin eta harro jaisteko...), gigoloarena egingo duen William Holden ustezko gidoigilea ausartzen da iragana erabiltzera: «Handia izan zinen zu, Andrea». Desmond erreginak, jainkosa balitz bezala, azkar zuzentzen dio: «Naiz handia. Pelikulak dira txiki geratu direnak».

Dekadentzia izan daiteke handia. Ikusgarria. Dastatzeko moduko edabea. Pozoi gozoa... ondo gobernatuz gero. Bestela, endekapena baino ez da. Eta ez dira gauza bera, nahiz eta Elhuyar hiztegiak kasik sinonimotzat onartu.

Ez... Norma dekadentziaren tronuan zegoen subirano. Clint Eastwoodek, berriz, endekapenaren bidea hartu du. Eta mugan, hondamendia baino ez da.

Eta nik ez dut Harry Zikina edo Zaldun zurbila hondamendian ikusi nahi. Ez, ez dudala ikusi nahi!

Gauza ederra izango da, ez dut duda izpirik horretaz, 91 urte bete berriak izan eta oraindik ere zinemarekiko grina erraietan sumatzea. Zinemarekiko, kamerarekiko, munduarekin partekatzeko moduko istorioekiko. Ederra izan behar du, bai. Maite duzun mundutik ez aldentzeak. Gogoko izan dituzun liburuak irudietan jartzeko desira horrek... izan behar du bizigarri, bai.

Baina kontuan behar duzu hartu denbora zein kamera kide krudelak oso suerta daitezkeela. 91 urte baduzu, negoziatu beharko duzu kamerarekin. Denborarekin. Inkluso, kontatu nahi diguzun istorioarekin. Gurekin ere bai. Ikusleokin. Akordio batera iritsi behar dugu. Denok. Parekorik ez duen engainurik ederrena den zineman denak ez baitu balio, eta izan zaren guztia pikutara joan baitaiteke 91 urte bete berriak dituzula ezin baduzu onartu.

Agian ez diozu ezta erreparatu ere egin, baina Clint, Clint maitatua, badituzu urte horiek guztiak. Jada ez zara Leoneren cowboy hura. Jada ez zara bihotz beltzeko ehiztari zuria. Ez damutu. Onartu. Ahuldu zaizkizu hezurrak, eta bigundu zeneukan urguilu hura. Eta nik ez dut hori ikusi nahi. Maite zaitut eta. Ez, ez dudala ikusi nahi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.