Ikasturte amaiera lanpetua ari gara izaten, eta ia arnasa hartzeko denborarik gabe, hainbat kontzertu ematea ere egokitu zaigu hainbat asteburutan. Azkenetariko bat Eibarko (Gipuzkoa) Ez Dok Festen izan da. Zentrotik gora joanda Unbeko kirol instalazioetako futbol zelaian antolatu dute aurten jaialdia, herrian bertan dagoen Ez Dok tabernako jendearen ekimenez.
Iaz tabernaren urteurrena ospatzeko festa bat egin zuten hainbat talderekin, eta, horri jarraipena emanez, aurten jaialdi handi bat egitera animatu dira.
Jaialdiko lehenengo egunean eguraldiak gehiegi lagundu ez zuen arren —euri jasa izugarria bota zuen gauean—, jende dexente bildu zen. Guri dagokigunez, ez gaude oso ohituta jaialdi hauetan jotzera, eta normalean baino tentsio gehiago izaten da halako kontzertuetan. Dimentsio handiko oholtza batean egoteak, proba soinua korrika eta presaka ordu laurden batean egin beharrak, publikoa hain behean ikusteak... eragiten du gehienbat urduritasun gehigarri hori.
Horrez gain, aitorpen txiki bat eginez, gutxitan gertatu zaigu jaialdi handi hauetan ongi tratatuak sentitzea. Askotan kartela betetzeko deitu dizuten sentsazioarekin bueltatzen zara etxera, langileen profesionalizazioak musikariekin hartu-eman hotzagoa dakarren irudipenarekin, eta gure habitat naturalera —gaztetxeetara eta aretoetara, hain zuzen— itzultzearekin amesten dugu. Eibarren, ordea, hasiera-hasieratik etxean bezala sentiarazi gintuzten. Antolatzaileei, euren artean lagunak eta oso musikazaleak, une oro gogotsu ikusten zitzaien, beti zeuden gure gainean zerbait behar bagenuen, eta talde guztiei trataera berdina eman zieten. Horrek ez dauka parekorik.
Espero dezagun, beraz, lehen aldi honek jarraipena izatea hurrengo urteetan, eta urteroko hitzordu bilakatzea jaialdia. Musikariok eta entzule gehienek ere eskertuko dutelakoan nago.
BI AHOTSETARA
Ez Dok Fest
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu