McKenzie Warkek Capital is dead liburuan tesi erakargarri bezain eztabaidagarria darabil, pentsarazteko modukoa. Bertan dio kapitalismoaren sorrerak klase burgesaren domeinua ekarri zuen moduan, egungo sistemak klase berriak sorrarazi dituela eta boterea klase bektorialistaren esku jarri. Bektorialistak sormenaren indar-lerroak (bektoreak) bere egin eta haien interesetarako erabiltzeko gaitasuna dutenak dira, kapitalistek lanerako indarrarekin egin zuten moduan. Warken ustez, ekoizten dugunaren forma (alegia, merkantziarena) horrenbeste aldatu da, ezen hitz berriak behar baititugu ekoizpen moduok izendatzeko. Noski, lan guztiak sortzaileak ez diren arren, Warkek dio klase bektorialista gorantz datorrela, alegia, betiko burgesiarekin eta lehenagoko ekoizpen moduekin batera dagoela munduan, baina botere gero eta gehiago metatzen ari dela. Bestela esanda, lan guztiek dimentsio intelektuala duten arren (ez dago erabat mekanikoa den lanik, guztietarako pentsatu egin behar da) badirela lan sortzailea zentroan duten lan moduak eta horiek direla, egun, kapital metaketa handien protagonista.
Azken urteotako kapital handien eboluzioak halako zerbait erakusten duela esan genezake. Gehien hazi diren enpresa eta taldeei erreparatzen badiegu, guztiek dute lotura, nola edo hala, azpiegitura digitalekin eta, ikerketa batzuen arabera, sare digitalean dagoen edukiaren %80 inguru erabiltzaileok sortutakoa da, eta ez enpresek. Internet kontsultatzen pasatzen dugun denbora, gainera, handitzen ari da etengabe, eta denbora horrek irabazi handiak sortzen ditu, publizitate zuzenaren zein erabiltzaileon datuen salerosketaren bidez. Bestela esanda, erabiltzaile moduan sare digitalean egiten dugunak mozkin handiak sortzen dizkie oso handiak eta gero eta gutxiago diren enpresei, baina kontsumitzen duguna, nagusiki, guk geuk sortutakoa da eta ez irabaziak eramaten dituzten enpresa horiek. Betiko kapitalismoan bezala, guk ekoizten duguna gure eta beste batzuen kontsumorako da eta irabaziak ez ditugu guk jasotzen. Baina, hemen dator ezberdintasun nagusia: kapitalismo digitalarentzat (Warkek lioke, klase bektorialistarentzat) sortzen ari garen hori guztia ez dugu lan moduan identifikatzen. Dohainik egiten diren zaintza eta bizitzaren erreprodukzio lanetan gertatzen den moduan, ez dago kontraturik, ez dago ordainsaririk eta, are gehiago, ez dago lanean aritzearen kontzientziarik ere.
Dohainik egiten diren zaintza eta bizitzaren erreprodukzio lanetan gertatzen den moduan, ez dago kontraturik, ez dago ordainsaririk eta, are gehiago, ez dago lanean aritzearen kontzientziarik ere.
Jauzi egingo dut musikaren esparrura, teoria hori ilustratzeko. Spotify plataformak 550 milioi erabiltzaile baino gehiago zituen 2023ko bigarren lauhilekoan, merkatu osoaren %33 gutxienez bere eskuetan dagoelarik. Plataforman dagoen musika gehiena kontratuen bidez kudeatzen da: musikari edo zigiluak bere eskubideak lagatzen ditu, horretarako eskumena duten enpresetako bat erabiliz. Gutxi dira, eta gutxiago izatera ari dira jotzen. CDbaby bitartekariak, adibidez, 2 milioi artista baino gehiagoren eskubideak kudeatzen ditu plataforma digitaletan. Gauza jakina da plataforma horiek musikariei bueltan ematen dietena miseria dela, eta duela gutxi publiko egin dute are gutxiago emango zaiela, entzunaldi kopuru bat ezarriko delako minimo bezala eta hortik beherako entzunaldiak dituzten musikariek ez dutelako deus jasoko. Txikiei joango litzaieken diru hori, noski, entzunaldi gehien dituztenen artean banatuko da. Musikari gehienok zehatz-mehatz horren funtzionamendua ulertu ez arren, esango nuke kontziente garela enplegu harreman bat dagoela gure eta plataformaren artean. Ez dakidana da konturatu ote garen zer suposatu dezakeen gaur egun munduan dauden musikarien gehiengo zabalak enpresa berarentzat lan egiteak. Musika nagusiki euskarri fisikoetan (CD, binilo edo kasetetan) saltzen zen garaietan, multinazional handienetako ugazabek ere ezingo lukete halako egoera batekin ezta amets egin. Musika merkatu ia-ia osoa enpresa bakarrak dominatzen du.
Eta entzuleek? Musika entzun besterik ez al dugu egiten plataforma horietan? Ez ba. Gure musika entzuteko moduek elikatzen dituzte enpresa horiek arrakastara daramatzaten algoritmoak. Sortzen ditugun playlistak, edo urte bukaerako zerrendak ere, sareetan bolo-bolo dabiltzanak wrapped traolarekin, ez dira soilik doako publizitatea plataformarentzat. Plataformaren beraren funtzionamenduari buruzko erabakiak hartzeko informazio ezinbestekoa dira. Enpresak, informazio hori dena jasotzeko, ikerlariak kontratatu beharko lituzke, eta ikerlari horiek euren burmuinak erabiliko lituzkete horretarako. Orain guk egiten dugu lan hori, gure burmuinekin, erabakiz zein den abestirik onena, edo non egin behar dugun publiko emaitza hori. Eta, noski, ez digute ordaintzen.