ENARAK
Diskoak entzuteko motiboen artean, zenbait arrazoi medio, historian (bai, bai, h-rekin) lortu duten lekua izan daiteke goraipatuenetako bat. Ezin uka, erakargarritasun handikoak direla disko «historiko» horiek, batik bat, garai jakin batekiko interesarekin lotutako ezaugarriez gain, urteak joan eta urteak etorri, biderkatu egiten direlako disko horiekin lotutako kondairak, usteak, pasadizoak, kontakizunak... bizitza propioa balute bezala. Kuriosoa da horietako batzuek nola gainditzen dituzten belaunaldiak, estiloak eta joerak. Nola eragiten dituzten berrirakurketak. Nola jasotzen duten garai ezberdinetako, hain ezberdinetako, biztanleen miresmena. Ez da harritzekoa horietako disko batzuek «kultuzko» kategoria ponposo samarra jasotzea. Eta gogoratu, dena ez da musika-industriaren promozio eta negozio-gosea.
Disko horien artean, kategoria berezia dute, bere garaian lortu zuten itzala gorabehera, hamarkadetan tiradera batean hautsa jaten aritu ondoren bat-batean argitara ateratzen diren diskoek. Aurkikuntza, berreskurapena, arkeologia soziala... Merezitakoak izanda ere, mitoak eraikitzeko beharraren beste ondorio bat baino ez al dira disko horiek jasotzen dituzten laudorioak?
Bada, aholkatuko nizuke Enarak diskoa horrela ez entzutea. Enarak taldearen 1969ko lan bakarraren berrargitalpen honetan biltzen diren hiru kantu originalek euren burua primeran defendatzen dutelako, literaturaren edo ikerketa-kazetaritzaren alegaturik gabe. Horretarako: entzuteko, gozatzeko, sortu zituzten duela 55 urte, eta horixe bai aipagarria, bikain entzuten dira, baita gaur egun ere. Horrela, aurrekari gehiegirik gabe, entzun ondoren, bilatu Enarak taldeari buruzko informazioa: haien garaia, Larraitzeko akelarrea... Edo hobe, joan zaitez Beñat Iturriotzek ondu duen Enarak dokumentala ikustera (estreinatzen dutenean). Ziurrenik, are gehiago estimatuko dituzu hiru kantu horiek; disko honen muinetako bat.
Aurrekoa ez baita kantu-bilduma honen funts bakarra. Lan honek musikazale gisara aukera paregabe bat ematen digulako. Duela hilabete batzuk Larraitzekoaren 50. urteurrena zela-eta bertan egin zen jaialdian, gaur egungo hiru musikari/taldek —Amorantek, Liherrek eta Rudiggerrek— orduko kantu haien bertsio bana prestatu eta jo zuten jendaurrean. Bada, bertsio horiek topatuko dituzu disko honen B aldean. Beraz, eta hona aukera: segidan alderatu ahal izango dituzu, eta antzeman ea kantu hauek gainditu dituzten denboraren eta joera-musikalen mugak. Ez al da jolas polita?