Ez naiz natibo digitala. Ia 20 urte nituen nire lagun Garbiñek esan zidanean: «Ikusi duzu bilatzaile berri hau? Ona eta azkarra benetan». Google izeneko gauza bati buruz ari zen, nekez ahoskatzen genuena artean. Fakultateko ordenagailu batean erakutsi nahi izan zidan. Txundituta geratu ginen Google jaunak gure bilaketari 0,14 segundoan erantzun ziola ikusterakoan. Dudarik gabe ordura arte erabiltzen nuen Altavista baino hobeagoa zen tramankulua, eta egun horretatik aurrera ez nintzen gehiago Altavistan sartu.
Garai hartan, milurteko berriaren hasieran, Google-ren logika zentrifugoa zen, kanporantz bidaltzen gintuen, web-orri ilunetaraino gidatzen, blog zoragarrietaraino eramaten, linterna magiko bat zen, ilunpetan zegoen eta etengabe handitzen ari zen unibertso berri bat argitzen. Diru sarrerak, gehienbat, publizitatetik lortzen zituen enpresa handiak, erabiltzaileen bilaketen arabera pertsonalizatzen ziren banner txikien bitartez. Baina kapitalismoak badituenez bere lege aldaezinak, munstroak gehiago eskatzen zuen. 2004an email zerbitzu arrakastatsua estreinatu zuen. Akorduan daukat 2005eko azken egun hura, zeinetan Alvaro lagunak gutako dozena bat konbentzitu gintuen Gmail-era pasa gintezen. Bere argumentua: giga bateko espazioa emango zigun Googlek, doan eman ere. Giga bat zer ote zen ez genekien, baina berak (ingeniaritza informatikoa amaitzen ari zen garai hartan) ziurtatu zigun asko zela, eta ez genuela berriro emailik borratu behar izango, dena gordeko zela hor, betiko.
Aldatzen ari zen ordurako enpresaren logika, baina zerbaitek erabat bideratu zituen bere pausoak. Facebooken oldarraldiak. Julen neure lagun goiztiarrak sartu ninduen sare sozialen aitzindari horretan, 2006 edo 2007an. Google-ren kontrako bidea hartu zuen Zuckerbergen jolasak, dena barrura egiten zuen, jardun zentripetua: jolas-patio itxia zen hura, geure lagunekin sekretuan aritzeko txokoa. Gainera, gu bertan ad infinitum mantentzeko abilidade handiagoa erakutsi zuen. Google-ren bilaketa puntualak egiten genituen, emailak ere, behar genituenean bakarrik idatziko genituen. Baina Facebooken egoteak ez zion beharrizan argi bati erantzuten, besterik gabe hor geratzen ginen, engantxatuta:jarioa ez zen inoiz amaitzen, eta hor egoten ginen gu Urliak bere oporretako argazkiak noiz igoko, Sandia bere banaketagatik negarrez noiz hasiko. Guk zerbait idatzi eta horrekin konformatu gabe, zain geratzen ginen besteek noiz iruzkinduko gure post berria, edo zenbatek emango like botoiari. Bitartean Facebookek dena erregistratzen zuen (nork, nori, nola, zer, noiz, zenbatetan), eta Interneteko benetako negozioa deskubritzen zuen horrela, ez zena publizitate tradizionala (hortik ere finantzatzen bazen ere), baizik eta datuen komertzioa. Datu horiekin Facebookek zer egin dezakeen azken urte hauetan hasi gara ikusten: Brexit bezalako erreferenduma hackeatu, adibidez. Gehiago jakingo dugu datozen urteetan, ziur naiz.
Gure eguneroko jarduna datu bihurtu nahia eta datu horietatik etekina atera nahi izatea. Horra Facebookek munduko diruzale guztiei kutsatutako bizio berria. Sare sozialak, zinema eta telebista kontsumoa, musika, oporrak, garraioa, salerosketak... guztietarako daude plataformak, app erraz eta erakargarriak geure telefonoetan, gure datuak xurgatzeko ondo diseinatutako makineriak (eta lana prekarizatzeko, alokairuen prezioa igotzeko, taxi zerbitzu publikoarekin amaitzeko...baina hori beste baterako utziko dut).
Dena onartu dugu, dena erabili eta gozatu, arrazoi askorengatik. Alde batetik, erabilgarriak direlako, noski, eta are plazer emaileak ere. Estudiatuta dago zer-nolako dopamina txutea ematen digun Instagramen like asko jasotzeak, zer-nolako adikzioa eragiten duen Twitter bidezko kalapitek ematen diguten adrenalinak. Gainera, doakoak dira, edo oso merkeak. Eta dagoeneko ezin dugu imajinatu mundu bat zeinetan posta elektronikoagatik ordaindu beharko genukeen, edota gure lagunekin argazkiak partekatzeagatik.
Haserretzen da jendea egun, ordainpeko albiste edo zutabe bat partekatzen duzunean: zergatik konpartitzen duzu, ezin badut irakurri? (Ulertu behar dena: zergatik konpartitzen duzu, ez badut harengatik ordaindu nahi?).
Eta ondo dago ordaindu nahi ez izatea, selektiboak izatea. Gogoan dut kioskora joaten nintzen garaia (ez naiz natibo digitala, lehen ere esan dut): nik ere ez nituen egunkari guztiak erosten, normalean nire kutuna baino ez nuen hartzen eta ordaintzen.
Ondo dago, benetan, baina Netflixek prezioak igotzen baditu, ez zaitez, arren, haserretu. Diru bat eskatzen badizu, badakizu ze etekin ari den ateratzen zugandik: euro kopuru zehatz bat. Haserretu zaitez ilunpetan egiten duten horrengatik, datuen estrakzioagatik, gure emozioen manipulazioagatik: gure baimena eskatu gabe produktu bihurtu izanagatik, azken finean.
LAUHAZKA
Ez baduzu Netflix ordaindu nahi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu