Duela egun batzuk Xabierrek agurtzeko deitu ninduenean, esan zidan «Nire aurretik asko joan dira eta orain niri tokatzen zait. Zer egingo diogu, ba, horrela da».
Esaldi horrek erakusten du Xabierrek zuen egonarria. Gauzak etorri bezala hartuko zituen eta inguruan beti saiatuko zen lasaitasuna zabaltzen. Gauzak zetozenean onartu eta egoerari aurre egiteko joera zuen, inguruan horretarako animoa zabalduz, beldurtu gabe, tinko eutsita.
1995ean Egunkaria Sortzen kultur elkarteak egindako bilera batean, euskararen normalizazioak zein euskalgintzak bizi zuten egoerak kezkatuta, bilera zabalago baterako deia egitea erabaki zuten, eta Donostiako Miramar Jauregin elkartu ginen bitan. Handik, lan batzorde bat eratu zen eta batzorde hura, gutxi gora behera, bi astetik behin elkartuz joan zen, larunbatetan, Elgoibarko kultur etxean, 1997an Euskararen Unibertsoa izeneko jardunaldiak antolatu zituen arte. Jardunaldi haien ondorioetako bat izango zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua sortzea, Euskalgintzaren Kontseilua, alegia.
Bilera haietan eta Donostiatik Elgoibarrerako joan-etorrietan ezagutu nuen nik neuk Xabier Mendiguren Bereziartu. Banuen nik haren ezagutzea, banekien itzultzailea zela, banuen euskal itzulpengintzari oinarriak jartzen egin zuen lanaren berri, eta banekien itzultzaile eskolaren eta EIZIEren sorreran lan handia egin zuela, baina ez genuen elkar ezagutzen.
Urte betez luzatu zen prozesu hartan izan nuen Xabier ezagutzeko aukera eta handik aurrera lagunak izan gara. Kontseiluan ordu asko partekatzea egokitu izan zaigu, bera idazkari nagusi zela eta ni, berriz, zuzendaritzako kide.
1997ko abenduan eratu zen eta aurkeztu zen Kontseilua jendaurrean eta Xabier Mendigurenek hartu zuen egitura berri haren idazkari nagusia izateko ardura. Euskalgintzako eragileak bilduko zituen erakundea zen Kontseilua eta hura gidatuko zuen pertsona bat nahi zuen orduko zuzendaritzak, erakunde guztiek onartuko zutena, eta atomizatuta zegoen euskalgintza artikulatzeko gai izango zena. Era berean, euskararen normalizazioak behar zuen azkartzea eragiteko dinamika eta diskurtsoa zabaltzeko gaitasuna izan behar zituen pertsona horrek. Zuzendaritzak erabaki zuen Xabierrek bazuela gaitasuna horretarako. Eta Xabierrek onartu egin zuen erronka, gogoz hartu zuen eta erakutsi zigun ez genuela aukera txarra egin, izan zitekeen pertsonarik egokiena zela eman zitzaion papera betetzeko.
Hamabost urteko ibilbide oparoa egin zuen Xabierrek Kontseiluan. Bai Euskarari kanpaina eta haren ondorengo dinamika aberatsa gidatzea egokitu zitzaion: ilusioa, indarra, baikortasuna bizi izan zituen. Beste aldean, 2003an, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera eta euskalgintzako erakunde askoren kontrako erasoa ere bizi behar izan zituen, eta haien aurreko erantzuna lideratzea ere egokitu zitzaion: inpotentzia, ezintasuna, etor zitekeenaren gaineko kezka larrutan bizitu zituen.
Egunkaria-ren itxieraren ondorengo aldi hori izan zen, seguru asko, Xabier urdurien eta kezkatuen ezagutu izan dudan garaia, euskaren inguruan eraikitako guztia gal zitekeenaren kezka bizi baitzuen. Baina orduan ere irmo eutsi zion erakundeari, gertatzen ari zenaren aurreko erantzunaren ardura hartu zuen Kontseiluak beste eragile askorekin batera, eta han jarraitu zuen Xabierrek, behar izan zenean lehen lerroan jarrita eta aurpegia emanez, euskalgintzari eta euskal gizarteari erakutsiz ez zela atzera egiteko edo gordetzeko garaia, aurre egin behar zitzaiola egoerari.
Patxada handiko gizona izan da Xabier, baina irmoa ere bai euskararen aldeko ekimenean, eta horrekin konfiantza transmititzen zuen bazter guztietara. Horrek egiten zuen Xabier egoki Kontseiluko idazkari nagusi izateko, euskalgintzako erakundeekin harreman ona zuenez, pertsona egokia zelako euskalgintza artikulatzeko, eta ez zuelako beldurrik euskalgintza babestu eta euskararen normalizazioak beharko lukeen dinamikaren alde borroka egiteko.
Asko zor dio euskalgintzak Xabierri Kontseiluan egindako ekarpenagatik. Asko zor diot nik neuk ere kontu beragatik eta bidean erakutsitako guztiagatik. Akorduan izango dut. Ez adiorik, Xabier!