Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Euskaraz, normal

2024ko urriaren 6a
05:00
Entzun

Sarritan prestatzen nien afaria musikariei garai batean, eman behar zuten kontzertuaren aurretik. Kontu batez ohartu nintzen: Kataluniatik zetozen taldeetako kideak katalanez aritzen ziren haien artean eta, ez gutxitan, gazteleraz kantatzen zuten behin oholtzara igota; euskaldunengan berriz, ohikoagoa zen kontrakoa ikustea, mahaiaren bueltan gazteleraz aritu eta abestien letrak euskaraz izatea, alegia.

Talde katalanei buruz hartutako inpresioa ez dakit orokorgarria den, ez dut ideiarik ere; euskal taldeen jardunak uste dut baietz, esaten digula zerbait gure ohiturei buruz, edo hala zela duela ez horrenbestera arte, behintzat. Egun, dagoena onartzeak dirudi kontua ordea, eta benetakotasuna da lege, gauzak diren bezala erakustea: gordin, tontakeriarik gabe. Hori bera pose aurrezehaztu eta artifizial samarra ez balitz bezala. Baina tira, hori beste kontu bat da. Dagokigunerako, azpimarra dezagun orain gure oholtza mahai inguruaren antzekoagoa dela: erdarek irabazi dute espazioa kantuetan eta, esango nuke euskalkien erabilera ere indartu dela. Joera hau, hori bai, nekez ikusten da Iparraldeko taldeengan, merezi du adierazteak. Hegoaldean, aldiz, diskoan abestiren bat gazteleraz txertatzea ezohiko zen garaiak aspaldi joan ziren, eta arrapostu handirik gabe egin ditugu gutar euskaraz aritzeko arazorik izan ez eta errepertorio osoan esaldi pare bat sartuta konformatzen direnak. Ez zenituzkete sinetsiko ikusi ditudanak: Iparraldean kontzertua ematen ari direla publikoari gazteleraz mintzo zaion talde euskaraz ongi alfabetatua edo zenbait espresio gazteleraz txertatzen dituen kantaria, zeina egunerokoan euskara teknikari gisa aritua den. Zer eta inkonformismoaren izenean, gainera. Halakoak ez dira musika urbanoen bueltan gertatzen soilik, inolaz ere, baina bai, agian, modu ikusgarrienean. Kasu horietan, Aitor Bizkarrak inoiz Gorpuzkingz taldeaz aritzerakoan izendatutako traparen euskal parodia hartatik oraingo euskararen trap parodiara igaro garela esan genezake.

Gezurrak sinesten aritzea ez da komeni, baina errealitatearen desertura urik gabe abiatzea ere ez dakit oso zuhurra den. Fikzioa ere beharrezkoa baita euskaraz normal aritzea fikzioa den artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.