Udaberrian egin ez zen Aulestiko Artedramaren antzerki jaialdia atzo amaitu zen. Pandemia, arrangura eta ziurgabetasuna ez dira desagertu. Hor ziren, une oro, gure artean. Baina begiradetan ez ziren horiek soilik ikusten. Ekitaldien izenburuak ez ziren hauek. Gai anitz atera dira: maitasuna, ahizpatasuna, drogaren sarraskia gure herrian, ostatuko plazerak, euskal kantuen indarra jendartean, aspaldiko lagunak... eta herritarrek erakutsi dituzte lurraldearekin duten atxikimendua, eta etorkizunari begira egin dituzten promesak eta proiektuak. Aretoak mukuru bete dira. Euskaldun bezala, mundua parez pare begiratzeko aukera eskaini zaigu, pertsona eta komunitate gisa izan gara nor eta norekin. Munduan eta bizitzan kokatzeko une bat izan da. Opari bat.
Ea elkar ulertzen dugun: zerk egiten gaitu euskaldun? Hizkuntzak, ez? Eta zerk bermatzen digu euskaldun bezala bizi edo existitu gaitezkeela? Euskaraz bizitzeko aukerak, pentsatu gabe «hau euskaraz da»: horra euskaldunon eguneroko erronka. Eta pandemiaz geroztik are gehiago. Zehazteko, euskara ez da gramatika multzo bat. Euskara maitasunaren hizkuntza da, haurrak ohera eramatekoa, ospitalean lagunari azken agurra ematekoa; eguneroko borroken, lanen, arranguren eta ametsen hizkuntza da. Posibleen hizkuntza.
Mundua marrazteko zein komunitatea eraikitzeko, herrigintza eta naziogintzaren giltza da euskara. Eta hortik ulertzen da abertzaletasuna. Abertzale izatea ez da lurralde administratibo baten, mendien, edo pintxo-potearen zaindari sutsuarena egitea. Hori baskismoa deitzen da. Abertzaletasunak komunitatearen maitasuna, elikatzea eta ureztatzea suposatzen du. Eskubideen ikuspuntutik pentsatzen badugu, diru laguntzen sistema ez da artisten edo eragile kulturalen diruztatzea. Diruz laguntzen denean obra bat edo ekipo bat, lehen lehenik ikuslea da laguntzen. Ikusle bakoitzari dagokion diru laguntza ematen zaio bere komunitatearekin artelan bat parteka dezan. Zentzu horretan, zenbakiek erakusten dute Euskal Herrian frantses, espainiar edo euskaldun batek ez dutela balio bera. Herritar euskalduna bigarren mailako herritar gisa kontsideratua eta tratatua da.
Baina eskubidearen ikuspegitik urrunago, zaintzatik pentsatzeko premia ere bada. Noski, agiri ofizial guziak euskaraz ere eskuratzea beharrezkoa dela. Horrek existitzeko eskubidea ematen digu, baina ez bermea, ezta tresna ere. Ez baitigu amesteko, kexatzeko, pentsatzeko ala maitatzeko eredurik ematen. Material hori, euskara erabiltzen duen arteak hazten du.
Kultura, hizkuntza komunitate baten praktika bat da: esperientzien metaketa, jakintzaren transmisioa, erreferentzia propioak, eztabaidak, inork kontatzen ez duen gure historia, gure pentsamendua garatzeko eta elikatzeko tresna eraginkorra. Funtsa hau da.
Zertan da egoera? Urte bakarrean, Iparraldean, gutxi gorabehera 250 antzezlan ikus ditzakegu frantsesez eta hamabost bat euskaraz, 200 film frantsesez eta bat edo bi euskaraz, eta abar, eta abar... Kontatu gabe telebista edo Internet. Eta Hegoaldean ez gara askoz hobe bizi. Euskaraz sortzen dugunok badakigu frantsesez edo gaztelaniaz sortzen dutenek baino baliabide eta diru gutxiago eskuratuko ditugula botere publikoetatik (edozein izanik ere). Gure partikularismo onartuekin, jaialdietako sail apartekoekin, zeren frantsesak eta espainolak, jakina den bezala, irekiak dira, eta euskaldunak, aldiz, itxiak eta komunitaristak.
Zer da horren ondorioa? Euskaldun gehienok gure emozioak eta funtsezko pentsaerak frantsesez edo gaztelaniaz adierazten ditugula. Intimitaterik ez dugu adierazten ahal gure hizkuntzan. Elbarritu emozionalak bilakatu gara.
Mundua gure esperientziatik eta gure hitzekin ulertzea ukatua zaigu, arazoak gure mintzairatik neurtzeko ahalmen gutxi dugu, eta inposatuak zaizkigun eskemak edo doktrinak irensten eta onesten ditugu. Belauniko eta ulerkor.
Baina okerrena da pandemiaren ondorioz pasilloen artean zurrumurru sinesgaitzak entzuten ditugula. Han eta hemen aipatzen hasia da murrizketak egingo direla, kulturan beste arloetan bezala. Baina ez gaitezen gezurretan ibili, gure lurraldean kulturak pandemiaz gain murrizketak jasan behar baditu, euskal kultura, euskal komunitatea eta euskara bera desagertuko dira. Zeren jakina da (2020az ari naiz) Frantziak bi bilioi euro inbertituko dituela frantses kulturan, Netflixek hainbat serie eta film egingo dituela ingelesez, AEBetako armada hainbat ekoizpen egiten ari dela zineman... Murrizketak ahuldurik dagoen euskal komunitateari labankada bat emango dio bizkarrean, eta sarraski kultural baten mesederako izango da.
Beraz, euskal komunitateak aurrekontuak hurbiletik begiratu beharko ditu haren biziraupena inportantea ote den jakiteko. Argitu beharko da diskriminazio positibo eraginkor bat martxan jartzen den, eta ondasun «immaterial» deitzen duten hori material bihurtzen utziko diguten: antzezlan, film, disko, liburu... Zeren kontatzen badakigu. Atera daitezela zifrak, orduan euskaldunok jakinen dugu zein den ekintza politiko eraginkorrena, eta ikasiko dugu bereizten, izen-abizenez ere, abertzaletasuna eta baskismoa.
LAUHAZKA
Euskaldunak eta baskoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu