Leire Lopez Ziluaga.
Bi ahotsetara

Euskal Rock Erradikala (I)

2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Ez dakit Euskal Herriko musikan kanonaz hitz egin dezakegun. Kanoniko izan daitezkeen musikari gehienek azken 50 urteetan argitaratu dute, eta ez dakit mende erdi denbora nahikoa den termino hori erabiltzeko. Erdiguneak badira, jakina. Xabier Leteren heriotzaren urteurrenak azken zutabean aipatutako Josetxo Anituarenak baino leku askoz gehiago du egunkarietan, adibide erraz bat jartzearren.

Euskal Rock Erradikala da erdigune interesgarrienetako bat. Haren «jardueraren behin betiko amaitzea» desiratzen nuela esan nuen aspaldi zutabe batean. Hitz-joko ironiko ergel bat izan zen, baina erdigune musikal hori zalantzan jarri behar da, nire iritziz. RRVri balio handiegia eman zaiola uste dut. Soziologikoki oso interesgarria iruditzen zait mugimendua, baina musikalki ez dut uste eskaini zaion atentzioak eskatzen duen maila ematen duenik. Musikari begiratuta, talderik onenek punk ortodoxoa egiten zuten, punkarekin hasi zirenak bide berriak bilatzen hasi ziren sasoian izan bazen ere, punka ere kontserbadore bilakatu zela iritzita. Dena dela, ez dut ezer ortodoxiaren aurka, eta hortik etorri ziren RRVko kantarik onenak. Beste talde batzuek punkak borrokatu nahi izan zuen rock kontserbadorea baino ez zuten egin, edo punketik jai giroko musika errazerako bidea egin zuten. Orokortzea problematikoa da beti, baina ez dut uste talde gehienek nostalgiarik gabeko belarri kritiko baten galbahea pasatuko zutenik.

Mugimendua hurbiletik bizi izan zuen lagun batek dio Euskal Rock Erradikala ez zela ez euskalduna ez erradikala izan: vasco izan zela, gaztelaniazko jatorrizko izenak dioen bezala, eta musikaren aldetik kontserbadorea. Norbaitek esan dezake kanten hitzengatik izan zela «erradikala», baina mugimendu musikal bati erradikal deitzeko, musikak berak erradikaltasuna izan beharko lukeela uste dut; bestela, panfletoak entzuten egongo ginateke eta ez musika, The Ex talde anarkistak dioen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.