Iratxe Retolaza Gutierrez.
Iritzia

Euskal kulturaren katebegi galdua?

2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Txoriak txori, Gorputz eta gogoaren zilbor-hestea eta Ama hil zait kantu/poemek badute imajinario kolektiboan lekutxorik oraindik ere, Mikel Laboaren ahotsean maiztuak. Duela mende erdi gorpuztu ziren poema horiek egitasmo artistiko eta kolektibo honetan: Isturitzetik Tolosan barru (1969) artista-liburuan. JosAnton Artzek sustatu zuen egitasmoa eta lankide-sare zabala lotu zuen: Jose Luis Zumeta margolaria; Mikel Forcada diseinatzailea; Mikel Garai eta Jabier Unzurrunzaga arkitektoak; eta Jesus Mari Artze, Luis Bandres, Bixen Beltran, Iñaki Nuñez eta Alejandro Tapia musikariak. Mugarri funtsezkoa izan arren, memoria kolektiboaren sokara kateatzeko kantuek baino zailtasun handiagoak izan ditu.

Isturitzetik Tolosan barru (1969) artefaktu artistikoak liburuaren logika hegemonikoa ikuspegi artistikotik auzitan jarri zuen, halako artista-liburuak oso eskas ziren testuinguru kulturalean egin ere: orrialde zenbakirik gabeko liburua osatu zuten, eta orriak izendatzeko Euskal Herriko herrien izenak baliatu zituzten; aurkibidea liburuaz kanpoko orri aske batean irudikatu zuten, mapa itxurako orri berde batean (nolabait, Euskal Herriko mapa zentsuraturik zegoen garai batean, lurraldearen egituratze poetiko-diskurtsiboa ere badena); hitzaurrea liburuaren bihotzean kokatu zuten; orri hedagarriak eratu zituzten, orriaren ohiko espazioa zabaltzeko eta adarkatzeko asmoz; eta abar. Irakurketak, hortaz, liburuaren orriak maneiatzera garamatza (liburua jiratu, orri-zatiak zabaldu, paperezko gurpilari birak eman...). Modu horretara, mendebaldeko kulturan hedaturiko liburuaren logika nagusiak (egitura hierarkikoa, jarraitutasuna, norabide bakarra, arrazoia...) zalantzan jarri, eta logika berri bat proposatzen du artefaktuak, oinarri hauek dituena: adarkatzeak, zatikatzeak, pilatzeak, geruzatzeak, collagea... Geruza anizkoitz hori poemak sortzeko moldean ere antzematen da, zentzu-geruza ugari eraikitzen baitira (musikalitatea, irudiak, koloreak, hitz-jolasak, hitz-arkitekturak...). Egitura hautsi eta metatu horien bitartez, garaiko autoritateak eta hierarkiak iraultzeko eta urratzeko asmoa ere agerikoa da, poemetan ugariak baitira autoritarismoaren kontrako zantzuak: elizaren kontra, lanaren morrontzaren kontra, inperialismoaren kontra, familia-instituzioaren kontra, patriarkatuaren kontra... 60ko hamarkadako gizarte-mugimenduen zantzuak non-nahi, askatasun aldarriak non-nahi: sexualitate askatasuna, oinordetza askatasuna, pentsamendu askatasuna, hizkuntza askatasuna, eta abar. Esate baterako, Zilbor-hestea poema ezagunak ama ideal eta ez-gorpuztuaren irudiaz beste egiten du; edo Sara poeman, honela dio: «EUSKERA/ puta ezpainetan ere erabiltzera iritxiko ez balitz/ zer antzu izango zinaken euskaldun», bazterreko subjektuak ere euskalduntze prozesuaren subjektu politiko irudikatzeraino. Eduki berritzaileak ezinbestez forma berritzailea behar duelako, eraginkor izango bada, eraldatzaile izango bada.

Katebegi honen zirrikitutik begiratzeak ezinbestean kultur sorkuntza garaikidea birpentsatzera garamatza, maizegi liburu logika hertsienari lotuta, maizegi halako artefaktu artistiko urratzaileak ikusgai egiteko baliabiderik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.