Iritzia

Eusebio Osa hil zela 20 urte

Joxe Azurmendi, Miel A. Elustondo, Pako Sudupe
2013ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Zer interes du gaur Eusebio Osak? Gure memoria da. Beste gauza askoren artean, kritika soziopolitikoa eta kulturala egin du. Begira Egunkaria-n plazaratutako azken artikuluan zer zioen:

«Orain ez da aski ETAren ekintzak gaitzestea, bakearekin batera elkarrizketaren beharra aipatzea nahiko da 'mezprezagarri' bihurtzeko. Hori da R. Jauregi eta Agiriano sozialistek eta Atutxa jeltzaleak uste dutena eta diotena Elkarri mugimenduaren komunikatua ikusi ondoren. Bide mehar eta faltsu bakar bat besterik ez digute uzten hautatzeko. ETAren ekintzak gaitzesteaz gain, beren politika eta itunak eta tratuak onetsi behar ditugu gure eritziak eta hitzak mezprezagarri gerta ez daitezen. Aski agerian zegoen lehen ere zein koloretakoa zen nahi zuten bakea, ez elkarrizketen ondorio, boterearen, agintearen fruitu baizik. Elkarri-ren sorrerak eta jarrerak eragin dituen erreakzio basatiek, zakarrek, jauntxo jeltzale eta sozialista horien erantzunek zakur amorratuen zaunken itxura guztiek baitituzte. Garbi utzi dute Itunekoek ez dutela bakerik nahi, alde batetik bere burua ukatzen duenaren bakea eta, bestetik, pax hispana besterik ez dutela nahi erakutsi digute argi eta garbi. Politikoek asko ikasi beharko lukete Elkarri-rengandik (.) Baina gure politiko jauntxo tratalari horiek elkarrizketaren eta autokritikaren bideak urratzeko gertu egon daitezen erreziklaje sakon bat edo, bestela, mirari haundiren bat behar dute. Horregatik jarraituko dugu luzaroan egiazko bake kanpairik entzun gabe. Azken finean kultura kontua baita lehenago politika baino. Eta horretan bilakaerak geldo xamarrak izan ohi dira» (Test bikaina, 1993-02-02).

70eko hamarkadatik aurrera, AEBek gidaturiko kapitalismoaren aurka idatzi zuen beti eta sozialismoaren alde —munduan zehar irabazi zuten iraultzak nahiago zituen, Frantziako 68ko maiatza bezalako mugimendu frakasatuak baino—, boterea gehiengoa den herri langilearen eskuetan izatearen alde, gutxiengoa diren kapitalistei kendurik.

1972an, lau artikulu plazaratu zituen Anaitasuna aldizkarian, Sakone ezizenpean. Sistema kapitalista eta ebanjelioa elkarren aurkakotzat jotzen zituen; sozialismo marxista askatzailea askoz hobeki egokitzen zitzaion ebanjelioari, dirua gizakiaren premien gainetik jartzen duen kapitalismoa baino.

Oñatitik Gasteizera igaro zen 1967an, eta han ikasi zuen Arabako Eliza ofiziala apaiz zakar kontserbadoreenen gidaritzapean zela. Olabide ikastolan hiru bat urte egin zituen irakasten, eta 1971n, kanporatu zuten. Kaleratze horretaz, honela utzi zuen idatzia:

«Inoiz aurpegirik eman nahi izan ez duten jaun batzuek zabalduriko fundamenturik gabeko susmo hutsetan oinarriturik, Moral tradizionalaren eta Deretxoaren oinarria, hots, kontrakorik demostratzen ez den bitartean edozein pertsona kulpagabetzat hartu behar dela, prinzipio nagusi hori zapaldurik, Ikastolaren eginkizun nagusia euskera ikastea, erlijioa ematea, nota onak ateratzea eta bide horretatik prestijioa hartzea dela agerturik, benetako heziketa zertan datzan aztertu gabe eta aztertu nahi izan gabe, Andereñoak ezertarako konsultatu gabe eta haien iritziak guztiz bazterturik, guraso gehienak batere informatu gabe, guraso gehienak zein iritzikoak diren jakin gabe, elekziorik gabe berez sorturiko eta, beraz, representazio gabeko Junta batek, OSA Ikastolatik botatzea erabakitzen du».

Gorago esan dugu kapitalismoaren aurka idatzi zuela beti. AEBetan birritan izan zen: 1986an eta 1991n. Handik artikulu sail bat bidali zuen Egunkariara. Hona artikulu haietako bat:

«Hilabete t'erdi pasa eta, Renoko kaleetan Norman Schwartzkopf generalak egin digun bisitaz egunkarietako lehen orriak nola bete diren ikusi ondoren, Golkoko gerraren apologistez ase ase egin ondoren, autobusera sartu eta 'zure izena goian ikusi nahi baduzu...egin zaite marine' egunero irakurri ondoren, busetik jetsi eta armadan sartzeko gonbitea pasatuz gazteengana hiru soldadu hurbiltzen ikusi ondoren, Unibertsitateko ikasleen sindikatuan armadaren aldeko propaganda mahai gainean zabaldua begistatu ondoren, telebistan igande goizetan himno eta kantu militarrez osaturiko kontzertuak entzun ondoren, Bostonen jaiotzen den Z Magazine hilabetekaria zure mahai gainean uzten dizute eta, gainbegirada llabur bat ematea aski da, egurats militarizatuan eta abanderatuan arnasaldi txiki bat hartu ahal izateko. Azkenean! Hemengo kritika-lehorte izugarriaren erdian, EEBBko politika, kultura, gizarte eta ekonomi gaiez pentsamendu kritikoa agertzen duen eta etorkizun hobearen alde planteiatzen eta burutzen diren ekintzak bultzatu nahi dituen aldizkaria. Barnean, besteak beste, Noam Chomskyren (betikoa!) artikulua irakur dezakezu, EEBBak Golkoan dituzten interesei buruz; eta honen alaba den Avi Chomskyk eta honen senar euskalduna den Jon Aske linguista (nola ez ba Chomskytarren artean!) gazteak idatzirikoa Euskal Herriko egoera politikoari buruz. Tanta goxo eta esperantzagarri bakan batzuk, kritikaren lehorte itzelaren eta militarismoaren loratze paregabearen erdian». (Z Magazine, 1991-09-01).

Euskara irakasle luzaroan; alfabetatze-lanean eta gainerakoetan, ikasleen kontzientziazioa defendatu du, kultura neutralik ez baita. Freireren zapalduen aldeko pedagogia bultzatu du eta iraultza sozialaren alde idatzi du.

Euskal idazle ona izan da; gauza zailak gutxik bezain erraz azaldu ditu. Hemen printza batzuk baino ezin aurkeztu. Heriotzaren hogeigarren urteurren hau, haren obraren ezagutzan sakontzeko eta zabaltzeko aprobetxatu nahi genuke, merezi duelakoan baikaude, gure memoria aberaste aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.